Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformako kidea

Turistifikatutako Donostian, lan prekarioa nagusi

2024ko irailaren 11
05:00
Entzun

Turismoak aberastasuna eta lana sortzen dituela esaten digute sektore horretako enpresariek eta arduradun politikoek, baina zer da lan turistikoa? Nolako lana sortzen du turismoak? Eta nork irabazten du horrekin?

Donostia Turismoa entitateak dio 15.000 langiletik gora ari direla sektorean Donostian; baina zertaz ari gara sektorea aipatzean, zehazki? Heidi Keyserrek eta Obady eta Marci autoreek hiru kategoriatan sailkatzen dute lan turistikoa. Lehena turistarekin harreman zuzena duten lanak dira; hoteletakoak zein jatetxeetakoak, esaterako. Bigarrena, turistarekin zeharkako kontaktua duten lanak; hornitzaileak eta garraioetakoak, adibidez. Eta, azkenik, hirugarrena, lan auxiliarrak dira; instituzioak, larrialdietakoak, kale garbiketa... Beraz, lan turistikoak lan mota asko barne biltzen dituela kontuan hartu behar dugu.

Askotan entzuten dugu turismoak enplegua sortzen duela. Baina ez da sakontzen lan baldintzen inguruan. Gipuzkoako ostalaritzako hitzarmena 2023an sinatu zen, hamar urteren ondoren. Hitzarmenak prekarizatutako sektore horri hobekuntza ekarri zion, horien artean, soldataren %12ko igoera eta lanorduen kontrol zehatzagoa. Hoteletako azken bi hitzarmenen negoziazioa langileek greba egiteko asmoa adierazi izan dutenean abiatu da; ekarri dituzten hobekuntzen artean hotel gelak garbitzeaz arduratzen diren pisu kamareren osasuna eta lan arriskuaren prebentzioa kontuan hartzea edo pandemia garaian enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean egon zirenei prestazioaren %100 konpentsatzea aipa genitzake. Bestetik, ezin dugu ahaztu 2023ko urtarrilean hiriko bi establezimendutan kontratu ilegalak, lan eta bizi baldintza miserableak eta esplotazio egoerak agerian utzi zituzten gertaerak.

Turismoak sortzen duen aberastasuna oso gaizki banatzen du gizartean. Eta turismoko enplegu prekarizatuenetan langile migranteak, arrazializatuak, emakumeak eta gazteak ari dira lanean, nagusiki. Hotel eta pisu turistikoen garbiketa lanetan, emakume migratu eta arrazializatuak aritzea ohikoa da. Taberna eta jatetxeetako lana ikusezin bihurtutako pertsona migratuek ateratzen dute aurrera gehienetan. Gazteek sarritan lan duinago bat lortu bitartean dihardute lan hauetan, denbora baterako. Hirira turismoa erakartzeko antolatzen diren kirol eta kultur makro-ekitaldietan ere gazteak izan ohi dira behin-behineko langile.

Donostiaren turistifikazioarekin aberasten ari diren inbertsiogileek kostuak murriztu eta etekinak handitzea dute helburu langileen lan baldintzak prekarizatuz eta hauek esplotatuz: gutxieneko soldatara (LGS/SMI) iristen ez diren enpleguak, lan fisiko eta errepikakorrak, ETTen bidez toki batetik bestera dabiltzan langileak... Hori gutxi balitz bezala, azken urteetan ekonomia kolaboratiboa jokoan sartu da, esplotazio eredu berri eta moderno bezala. Herritarren arteko zuzeneko harremanez mozorrotzen dira esplotazioa eta espekulazioa, marketin koloretsuaren bidez. Etxez etxeko janari banaketa (Glovo), alokairu turistikorako etxebizitzak (Airbnb), hostaletan lan egitearen truke bertan dohainik lo egiteko aukera ematen duten plataformak...

Donostian desazkunde turistikoranzko norabidean eta monolaborantza turistikoa saihesteko, turismoarekin lotuta ez dauden enpleguak sortzea lehentasunezkoa da. Batetik, langileen eskubideak bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko. Bestetik, hiriko eredu ekonomikoa ez dadin egon kalte handiak sortzen dituen, egonkortasunik ez duen eta nazioarteko baldintza klimatiko, energetiko eta politikoekiko hain dependentea den sektore baten baitan. Donostiako ekonomia dibertsifikatzea beharrezkoa da, eredu orekatuago bat ezartzeko. Horretarako, eraldaketa prozesu planifikatu bat diseinatu eta garatzea da biderik egokiena, gaur egun turismoan diharduten langileak beste sektoreetara bideratzeko formakuntza, diru laguntzak eta bestelako neurri sorta bat inplementatu behar dira; trantsizio oso bat.

Donostia turistifikazioak erasanda dagoen bitartean, langile bezala arriskuan gaude. Prekaritatearen eta diskriminazioaren kontra borrokatzeko eta desazkunde turistikoaren norabidean eredu ekonomiko orekatuago baterako trantsizioa bultzatzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da langileen eta herritarren antolakuntza. Ez dugu onartzen gure hiria eta gure bizitzak salduz aberastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.