Soziologoa

Publikoa ala pribatua

2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

Errealitatea inoiz ez da ez zuria ez beltza, kolore askokoa da errealitatea. Louis MacNeicek dioen moduan, «mundua pentsatzen dugun baino zoroago dago, plurala eta zuzendu ezina da mundua».

Baina asko dira errealitate hori onartu ezin dutenak eta bitan zatitu beharra dutenak. Sinplifikazio morala bikotasunean aurkitzen saiatzen dira, bai sexualitatean, bai erlijioan, eta ideologian ere bai. Baina gizakien esperientzia oso desberdina da bai sexualitatean, bai erlijioan. Batzuek bere bizitzan sexu identifikazio desberdinak eduki ditzakete, eta izan daitezke gizaki oso erlijiozaleak edo erdi erlijiozaleak edo erlijioaren aurkako erradikalak, eta baita erlijiosoak ere, sinestunak izan gabe.

Begira dezagun ideologiarekin zer gertatzen den, ideologia politikoarekin, eta zehatzago publikoa ala pribatua dela eta.

Talde barruko eta kanpoko taldeen arteko polarizazio ideologikoa (ideologien egituraren ezaugarri nabarmena) sistematikoki azter daiteke testu eta hitzaldi maila guztietan. Adibidez, talde barruko kideek beren ekintza eta propietate onak eta kanpoko taldearen txarrak nola azpimarratzen dituzten aztertuz, eta beren ekintza txarrak eta kanpoko taldearen onak arintzen edo ukatzen dituzten aztertuz. Adibide bat izan daiteke ikastolekin gertatu zena, hau da, publikoan ala pribatuaren sarean geratzeko erabiltzen ziren arrazoiak.

Gaur egun, adibide asko aurki daitezke aldizkarietan publikoaren ala pribatuaren artean aukeratzerako eztabaidan. Esate baterako, joan zen abenduan, artikulu batean, BERRIAn, honetaz idatzi zen. «Pandemiaren hasieran leku aireztatuetan elkartzeko beharraren aitzakian, baina hiru urteren ondoren, mahaiak eta aulkiak edonon daude, taberna edo jatetxeen inguruan; gurean, gero eta gehiago, inongo kontrolik gabe». Idazlearen iritziz, tabernek eta jatetxeek espaloietako eremu publikoak hartzen dituzte euren interesetarako, arau publikorik gabe. Baina hori ez da horrela. Artikulu berean esaten zen Urdaibaiko Guggenheimek pribatizatuko zuela Gernikatik Muruetarainoko bidea, baina hori ere ez da horrela, eta asko argitaratu da horretaz hainbat dokumentutan. BERRIAko artikuluak zioen: «[Urdaibaiko Guggenheim] Eta antzeko eredu bat ekarri nahi digute herri-agintariek eskualdera gutxi batzuen interesari men eginez [...] Badirudi Gernikatik ontziola zaharrera arteko sei kilometroko ibilbidean «esperientzia artistikoak» izango direla [...] Eta badirudi diot, oraindik, ez herritarrek, ez inguruko alkateek ez dugulako ezagutzen proiektua, bultzatzaileek ez baitute egitasmoa aurkeztu».

Ideologikoki publikoa ala pribatua aukeratzean, arazo sakona administrazioa ebaluatzea izaten da; gehienetan ideologiek izaten dute eraginkortasun gehiago datu zehatzek baino. Administrazioa ebaluatzeko baliagarria izan daiteke, lehenik eta behin, administrazio motak bereiztea. Matrize batean irudika genitzake administrazio estilo desberdinak. Matrize horretako bektore horizontalean espezializazio maila ispilatzen badugu, eta bektore bertikalean hiritarrenganako hurbiltasuna, administrazio estilo desberdinak koka ditzakegu sortzen den matrizean. Horrela, lau ertz bereiz ditzakegu matrize horretan, non erakunde pribatuek garrantzi gutxiago ala gehiago duten:

A dei dezakegun ertzean, jartzen da administrazio eredu bat non espezialisten analisiak eta parte hartzea beharrezkoak ez diren. Hiritarren parte hartze zuzenik ez dago. Kasu hau arlo oso politizatuena izaten da. Alderdi politikoen aparatuak erabakigarri direnean izaten da askotan eredu hau.

Beste ertz batean, B deitu dezakegun ertzean, administrazio estilo klasikoa kokatzen da. Eredu oso zentralizatua eta teknikari espezialistaz osatua. Bulegokrazia tradizionala ertz honetan koka genezake, herritarrengandik urrun kokatzen dena. Antzina, baita hizkuntza desberdina erabiltzen zuena ere, latina, alegia. Euskal Herria administratzeko egitura zentralistak oraintsu arte gaztelera erabili izan du.

Administrazioan, bulegokrazia tradizionala nazio bakoitzaren historiari oso lotuta dago. Horrela, esate baterako, Kafkak administrazioa aditzen zuen modua, bere nobelan adierazten zuen egoera, ikuspegi honetatik hobeto uler daiteke. Europa zentraleko inperioen historia kontuan izan behar dugu hango administrazioa hobeto ulertzeko. Austrian, esate baterako, oraindik ere, zerbitzu administratiboko buruek aristokraten autopertzepzioa dute, eta nolabaiteko aristokraten portaera erabiltzen dute euren taldeekin. Honela uler daiteke bulegokraziaren portaera jendearekiko. Nolabait, bururik gabeko munstroa bihurtzen da bulegokrazia jendearekiko, errukigabe eta gardentasun gutxirekin; jendearen parte hartze gutxi izan du tradizionalki.

Hirugarren ertzean, D ertzean, teknikari espezialistak, baina hiritarrengandik hurbil daudenak edo hurbiltasun horretan mugitzen direnak, gaiak aztertu eta erabakiak hartzeko nagusitzen direnean gertatzen da. Horrelako kasuak dira agentziak (erakunde pribatuak), gaur egun, planifikazio partekatuak eraikitzen dituztenean. Herri demokratikoetan horrela garatzen dira urbanizazio planak.

Azkenik, E ertzean, hiritarrekiko hurbiltasuna eta espezialisten eskuetan bakarrik utzi beharrik ez duen administrazio estiloa dago. Estilo hauek demokrazia egonkorrei dagozkie, hiritarrek eta herritarrek parte hartze zuzena eta iritzi erabakigarriak dauzkate.

Badirudi oraindik lan asko dagoela benetako deszentralizazio partekatua antolatzeko gure erakunde publikoetan. Horretarako antolatu behar dira estrategia publikoak komunitatearen parte hartzea, erantzukizuna azpimarratuz. Barne eta kanpoko komunikazioa ere antolatu behar dira, kalitatearen kudeaketak eta etengabeko ebaluazioak (erakusle propioekin) argi egon behar dute, sailen-artekotasuna ere funtsezkoa da.

Erakundeetan sare informalak erabakigarriak dira. Sare informalek indar gehiago izaten dute antolamendu ofizialek baino. Sare informalen eta formalen arteko lidergoa oso desberdina denean, eta egitura desberdinak edo aurkakoak direnean, erakundea gaixorik dagoela esan daiteke.

Administrazioaren antolamenduan, beraz, heziketa, etika eta barne kontrola oinarrizkoak dira. Baina politika publikoak erakusten dituzten ikasgaiak ere garrantzitsuak dira. Hala nola zentralitate eta espezializazio maila desberdina behar izaten da arlo desberdinetan. Ziurtasuneko zerbitzuek oso espezializatuak eta ondo koordinatuak egon behar izaten dute. Baina udaletako ekintzak eta zerbitzuak partekatu behar dira, eta hiritarrenganako hurbiltasuna erakutsi behar dute. Osasun eta heziketa zerbitzuak, aldiz, espezializatuak izaten dira, baina euren plangintzan, ebaluazioan eta kontroletan, hiritarren parte hartzea ezinbestekoa izaten da.

Oraindik azterketa asko egin behar da publiko eta pribatuen arteko kolaborazioaz. Non, zelakoa eta zein den onena. X. Barandiaranek dioen bezala, «publiko-komunitarioa da erakundeak lankidetzan jartzea herri interesekin aritzen diren gizarte eragileekin, ez interes pribatuen baitan daudenekin. Beste eredua eredu publiko hutsa da, ezker abertzaleak nahi duena. Guk ez dugu nahi administrazioa osorik estatalizatu; hori ez da izan gure herriaren eredua inoiz ere. BERRIA eta ikastolak zer dira? Pribatuak ala herri interesarekin egindako egitasmoak? Gure herriak aspaldian finkatu zuen eredu publiko-komunitarioa. Lankidetza gobernantza bat proposatzen dugu, herritarrekin egiten den lankidetzan sakontzea». Beste alde batetik, gogoratu behar dugu Ogasun Saileko lankide batek esaten zuen bezala, edozein enpresarik ohartu behar duela administrazio publikoak %30eko partizipazioak dituela enpresan.

Pandemiak erakutsi digu enpresa pribatuen eta erakunde publikoen arteko kolaborazioa ezinbestekoa dela. Txertoak egitean (urte batean lortu ziren) ikusi zen zein baliagarria den kolaborazio hori. Beste alde batetik, ikusten dugu osasun langileen jarrerak guztiz aldatu direla azken 50 urteetan. Medikuak, esate baterako, gaixoekin harreman pribatua izatetik pazienteekiko ardura hori taldeetan eta erakundeetan sakabanatzera igaro dira. Denbora gehiago ematen dute erakundeetan norberaren lekua aztertzen eta lortzen gaixotasunak eztabaidatzen eta ikertzen baino. Esan dezakeguna da hori guztia sakonki aztertu beharko litzatekeela, proposamenak eginez eztabaida ideologikoa bihurtu barik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.