Irakaslea

Mugak

Iñaki Moriones Madariaga
2024ko ekainaren 20a
05:00
Entzun

Nekez idazten dut. Ez. Nekatuta. Nekatutak? Ixo, Antton! Ez nazazu nahastu, nahikoa izaten gara ni eta nire burua, orain, zuk zalantza gehiago sortzeko. Horregatik, horregatik?, ez al da agian izango? Bai. Agian, nekez eta nekatuta. Nekez idazten dut nekatuta nagoelako, edo nekatuta nagoelako da nekeza?

Nekez zein nekatuta, ondorioa berdina da. Nola idazten da, eta zer esan nahi dut? Norentzat? A! Eta zertarako? Helburua, ahaztu gabe xedea, helbururik gabe ez dago lortzerik eta. Egoera batean oinarrituz xedeak eskatzen duenari heldu behar diogu. Ez du edozein bidek balio, KKren bideak soilik, Koherentzia eta Kohesioa. Zuri, ume-gazte, ume-heldu edota gazte-heldu zaren 16 urteko ikasleari mundua ulertzea eskatzen dizute. Kohesionatu gabeko bizi honetan koherentzia lortzea jomuga bada, jai daukazu, daukat, daukagu. Auskalo, lan nekeza, soilik, nekatuta amaitzeko.

Barkamena eskatzea besterik ez daukat. Barka iezadazu ikasle maitea. Diezadazu! Ez zen agindua, ez nuen agindu nahi, gidatzea zen nire asmoa. Hala ere, egin hau eta gero bestea, agintzen, esaten, nire esanetara jartzen. Egin ezean, errieta, erraz, errieta egitea erraza da. Errieta, D horrek nabarmentzen duen muga gainditzeko. Nola egin behar duzu nik ez dakidanean?

Galduta ibili naiz, ez gidari ez agintari, irakaslea izan banaiz pozik. Barreak bai, urtean zehar ondo eta gustura, aldiz, nota ematean, negarrik egon ez arren, isiltasuna nagusi. Mingarria den momentu horretan ere mugak banandu gaitu. Ni irakasle eta zu ikasle. Ni jakintsua, oro jakintsua, jakin nuen ez zenuela gainditu behar, baina hor egon nahi nuen, laguntza emateko besterik ez. Beranduegi. Badakit laguntzak arinago izan behar zuela, baina ez nituen zure mugak ezagutzen. Nik ere zuzentasuna zaindu beharra daukat. Ezagutzen? Ez da aditzaren erabilera egokiena. Antzematen? Ezberdintzen? Ez dakit.

Ikasle eta irakasle izatearen arteko dikotomian murgilduta egon naiz, nago, eta seguruenik, egongo naiz. Irakasten ikasten ari den irakasle bat bainaiz. Dudekin zulatua eta laguntzaz josia, lankideen laguntza ezinbestekoa baina akaso ez nahikoa. Mugetaraino lagundu naute, beraien mugetaraino eta ez nire mugetaraino. Amildegi horretan ni naiz erruduna, ez ikaslea ez lankideak, ni. Josketa inperfektua, orbana noiz zabalduko zain, nire ezjakintasuna noiz sumatuko duzun beldurrez.

Denborak ezjakintasun hori mugatzen duelakoan mugatzen dut irakaste-ikaste prozesua. Hona, hona arte, ez, honaino. Gehiago egin ahal dela esan duzu. Txarto. Egin daiteke noski, hala ere, aberastasuna falta zaizu: Gehiago egin daitekeela diozue. Hori pentsatzen duzue, esateko nahia daukazue. Nik ez, guztia emanda laga dut dena. Ziur? Bai esan beharra daukat, irakasle oro jakintsua izan behar dut, ez nauzue onartuko bestela. Berriz, badaezpada. Ziur? Bai, akaso, bai, ziurtasun askorik gabe, hala ere, ziur nago ez! esateko nahia, ez, nahia ez, are gehiago da, beharra daukadala. Hori da. Ez dakit ezer eta baietz esan behar.

Nire mugak ezagutu ditut. Zoritxarrez, zuretzako beranduegi ezer onerako. Ikaslearen rola hartzea baino ez daukat. Ikasi beharra daukat, hobe esanda, ikasten jarraitu beharra. Asko ikasi dut zuri esker, eta hori, ez dakizu, ez dakit dakizun, baina, mila esker! Nola irakatsi eta zer irakatsi, zer bai, agian, nola ez, ez oso ondo. Hortaz, lankideen ezjakintasun jakintasun horretara berriz joko dut. Hala ere, barruan daukadan beldur bat izango dut beti eta hor ez daukazu errurik eta tamalez, ezta konponbiderik. Gainditzea ez dago nire esku, zure esku baino. Behartuta nago hori esatera, baina aztertzailearen arabera 13, 14 edota gainditutzat emango dute zure lana.

Zerk mugatzen du erabaki hori? Nekatutak idaztea nahikoa al da ez gainditzeko? Zenbat aldiz? Non daude mugak? Ez dakit. Mugak lausoak dira eta lausotasun horretan nire ikarak xahutzen dira gaur, bihar eta etzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.