Ana Malagon.

Txutxu-mutxu arruntak

2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

«Zein da txutxu-mutxuekin duzun harremana?», hori da Kelsey McKinney-k, Normal Gossip anonimizaturiko jende arrunta protagonistatzat duen txutxu-mutxuen inguruko podcast zoragarriaren anfitrioiak, bere gonbidatuei beti egiten dien galdera. Gonbidatu horietako asko beste komunikabide batzuetako kazetariak dira; beraz, normala da kazetaritzaren txutxu-mutxutasuna aipatzea. Erantzun interesgarriagoak daude, botere eta familia dinamikak aipatzen dituztenak, adibidez. Haiei esker jabetu nintzen jazartzen dien botere normatiboaren kontrako tresna gisa kolektibo jakin batzuek egin dezaketen txutxu-mutxuen erabilpenaz, botere horren alde umiliagarriena baliatuz aho eta belarriak lotzen dituzten lurrazpiko erresistentzia sareak sortzeko. Erantzun pertsonalagoak ere badaude, hirugarren batzuen istorioen bidez indartutako familia eta lagunarteko loturak deskribatzen dituztenak.

Txutxu-mutxuek geografiak desegiteko gaitasuna dute. 55 kilometrora bizi ziren, baina igande arratsaldero amonak herriko kontuei errepasoa egiten zienean, bertako plazan egongo balitz bezala sentitzen zen nire ama telefonoaren beste aldean. Ez zegoen kritikarik, narrazio hutsa zen, eta nire amona ezagututa, nahiko barregarria suertatuko zen ziurrenik. Amak aspaldi alde egin zuen herritik eta amonak kontatzen zituen istorioetan agertzen ziren pertsona gehienak ez zituen zeharka baino, edo agian batere, ezagutzen. Beraien funtsaren aurka doala dirudien arren, zeharka edo batere ezagutzen ez dituzun pertsonen inguruko txutxu-mutxuak iruditzen zaizkit onenak: aurpegia jartzen diezu asko jota baina ez dute minik ematen. Ez dute sorgin-ehizaren kutsurik eta inplikazio txikikoak dira. Arinak, ez inor sutara botatzeko modukoak. «Baina, baina, baina…»-etan gelditzen dira. Nahikoa da horrekin.

McKinneyk gonbidatuko ez nauenez, neure buruari galdetu diot zein den txutxu-mutxuen aurrean dudan jarrera. Hartzailea naiz beti eta ez igorlea, eta erantzunak batere ondo uzten ez nauen arren, aitortu behar dut nire amona zena baino pertsona askoz ere okerragoa naizenez, fundamentu gutxiko ondorio nahiko drastikoak ateratzeko gai naizela testuingurua ez ezagutzeak bakarrik eragin dezakeen narrazioaren beroan sartuta, nire ustez ez hankarik ez bururik ez duten erabakiak argudio sendorik gabe arbuiatu ditzakedala; norbaiten alde jarri naitekeela, nola ez, argi dudalako nork duen arrazoia eta, pertsonak baino gehiago, ekintzak epaitu behar direla irakatsi zidatenez, argi dudalako nor ari den «batere normala» ez den zerbait egiten. Eta batez ere, txutxu-mutxuaren hartu-emanaren performazioan, dena «oso fuertea» dela pentsa dezaket. Hain fuertea, berehala ahaztuko dudala.

Ala ez.

Nicholas Quah-k Vulture aldizkarian podcast horri buruz idaztean zioenez, txutxu-mutxu on batek zure bizitza alda dezake, zure balioak zalantzan jarri eta zure inguruan duzun jendea uste duzun baino interesgarriagoa dela erakutsi. Eta beharbada azken horri heldu beharko nioke «Ana, zein da txutxu-mutxuekin duzun harremana?» galderari hobeto utziko nauen erantzun bat emateko. Jendea dirudien baino interesgarriagoa dela pentsatzen dut benetan. Kaletan hara eta hona dabilen horietako bakoitzak baduela zirraragarria baina beharbada eredugarria ez den istorio on bat, zirraran edo erabateko hondamendira heltzen ez den desastre batean, gozatzera, enpatizatzera edo asaldatzera eraman gaitzakeena.

Inork ez du txutxu-mutxu baten protagonista izan nahi. Besteen bizitzetan sartzea gaizki dago, besteak gurean sartzea bezainbeste. Eta, hala ere, ezin diogu eutsi. Txutxu-mutxuaren muina ez dago hainbeste kontatzen den istorioan, ez gure edo beste horren bizitzan, gure aho eta belarrietatik igarotzean sortzen digun oinazean baizik. Gizatasunak gure kontrol eta zirrikituetatik eskapatzean eragiten digun horretan guztian, hain zuzen ere. Oso fuertea da hori.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.