oihana arana

Iritzia ematea

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Amaitu da denboraldia eta ez dakit gogoratzeko moduko ezer utzi dudan orrialde honetan. Egiari zor, ez dakit egunkarietako testuek gogoangarriak izan behar duten edo egun bakarreko iraupena izateko idatzi behar diren bakarrik. Azken artikulua idazten ari naiz eta oraindik ez dakit seguru inoiz iritzia eman dudan, edo neure iritzia ahalik eta modu eleganteenean ezkutatzeko ahaleginetan pasatu ditudan hamabost egunetik hamalau. Hamar hilabete igaro ditut hau egiten eta oraindik zalantzek inbaditzen naute aldiro.

Kezka handiarekin ekin nion lanari, baina espero baino hobeto egin diot aurre azkenean. Testu baten atzean gorputza jartzea gorputza jartzea da, baina ez dakit. Uste dut nork irakurtzen nauen ez jakiteak beldurra apaltzen didala, eta beldurrik ez izateak eramaten nauela orrialdeak gero eta modu seguruagoan betetzera. Paradoxa dirudi, baina inork irakurtzen ez nauela uste dudalako publikatzen dut. Badakit ez dela egia, baina idazten ari naizen momentuan ez zaituztet kontuan hartzen; barka, irakurle prestuok. Askok irakurtzen banauzue ere ez iezadazue ezer esan, ea oraindik gainezka egin behar didan egoerak.

Esan bezala, oraindik ez dakit inoiz iritzia eman dudan ala ez. Baina tira, baietz esan beharko dut hemen. Iritzia ematea gauza inportante bat da, iritzi izateagatik bakarrik ez dago errealitatetik urruti, are errealitatea birsortzen du eta hargatik da estrategikoa. Ez naiz sartuko iritzi guztiak zilegi diren ala ez esplikatzera: spoiler, ez dira. Baina iritzia nola eta nondik ematen den kontuan hartu behar dela esango dut, ulertu nahi duenak uler dezan.

Iritzia modu zintzoan eman ahal izateko, onartu egin behar da norbere iritzia ez dela oso garrantzitsua; are, ez dut uste euren iritzia baino inporta ez zaien iritzigileak fidatzekoak direnik. Norbere iritziari garrantzia kentzeak eta hori egiteak daukan potentzialitatea ulertzeak areagotu egiten du inpostorearen sindromea, baina leku askoz interesgarriago batetik idaztera bultzatzen zaitu. Gehiago pentsatzera, isiltzera, gehiago irakurtzera, erreferentzia berriak bilatzera, munduari beste begi batzuekin begiratzera... Ez dut inpostorearen sindromearen aldeko aldarririk egin gura, emakumeek eta genero disidenteek pairatzen duten biolentzia modu bat delako eta interesgarriak eta beharrezkoak diren ahotsetako asko eta asko ez existitzea ekartzen duelako. Baina pertsona batzuei errezetatuko nieke egunean inpostora dositxo bat, denon ongizaterako.

Gauza askori buruz idatzi dut aurten. BERRIAko etiketak sortzen dituen algoritmoaren arabera, Bizimoduak izan da nire idatzi gehienen gaia. Ez dakit hori ona edo txarra den, baina ona dela pentsatu nahi dut badaezpada ere. Saiatu naiz gauza potoloegiak ez esaten, eta esango nuke horrek algoritmoari zaildu egiten diola lana; niri irri txikia pizten dit horrek. Seguruenik irudituko zitzaion baten bati neure zilborraz haragoko gaiez ez naizela ia aritu. Eta ez dut kontrakorik esango. Eguneroko bizimoduak oparitu dizkidanak kontatu ditut hemen, apenas dudan meriturik, apur bat begiratzen jakitea dohain bat ez dela nahiko nabarmena da eta. Hori da, ordea, iritzia emateko dudan modua, neure buruari egitea permititzen diodana, egiteko gai naizela uste dudana. Eta uste dut ikasturte honetan egin ditudan hogei artikuluetan argi gelditu dela hori: eguneroko gauza txikiek asko esaten dute gure bizitzari buruz, gure bizimoduak eraikitzen du mundua eta baita alderantziz ere. Akaso denoi ez zaizue interesgarria edo legitimoa irudituko, baina tira, bi astez behin jasateko modukoa iruditu bazaizue, konforme nago ni.

Dena ondo bidean, datorren ikasturteak batuko gaitu berriz; gainontzean, ondo ibil zaiteztela. A, eta kontuz inork eskatu gabe iritzi ematen ibiltzearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.