Ana Malagon.

Erdiguneak

2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Jende askoz ere jakintsu eta azkarragoa ultraeskuinaren indartzearen kausak aztertzen ari den bitartean, konplexua den zerbaiti azalpen sinple bat ematen ari gatzaizkio beste asko, gure tabernetako agoretan, soziopolitikaz zerbait dakigun plantak egiten. Ni ere erori naiz horretan. Inork eskatu ez didan margo lodiko bodegoi oso partzialak edozer gauzatarako eskubidea izatearen ustetik asko dauka, merezimendu sentipenetik dexente, umekeria eta disonantziatik beste horrenbeste. Originaltasunetik, ezer gutxi.

Duela aste batzuk Twitter espainiarrean oso eztabaida interesgarria sortu zen ezker esparruko erabiltzaile batek sekulako hari luzea egin zuelako gaur egungo mutil gazteen ultraeskuinerako joeraren arrazoiak azaldu eta konpondu nahian. Arazoa, nola ez, feminismoa gaizki egitean zegoen. Misandria aipatzen zen eta nago hitz hori gero eta gehiago entzungo dugula, feminazi hitzak gaizki-ulertuak sor ditzakeelako benetako naziak babesten ari zarenean. Ez dut zalantzan jarriko mutil gazte asko gorrotatuak eta erasotuak sentitzen direnik. Inork ez dituela ez serio, ez aintzat hartzen uste dutenik eta horregatik bilakatu direla erreferente Alvise-ren konspirazioak edo Vox-ekoen bularreko ile eta kateak. Horien ereduan gizonezkoak erdian daudelako oraindik. Ultraeskuinean inork ez die erantzukizunik eskatzen. Ez dute ezer aldatzeko, ezer hobetzeko eta dena dute (berr)eskuratzeko. Ezker esparruko Twitterreko erabiltzaile honek beharrezkoa ikusten zuen mutilak eroso sentiaraziko dituen feminismo erakargarri bat eraikitzea. Konplexurik gabeko maskulinitate horren ezkerretik egindako nolabaiteko erreplika dena. Dagoeneko existituko ez balitz bezala.

Ultraeskuinak ezartzen dituen premiak eta zaratak bere markoa onartzera bideratzen gaitu baina une batez geldituko bagina, agian ahaztu egiten zaizkigun hainbat desorekaren jatorriei erreparatuko genieke eta ondorioei kausa deitzeari utzi.

Txikitatik ohitzen ditugu mutilak aitaren espazioak eta denborak gehiago balio dutela ikustera. Eskola berdinzaleenetan ere, futbol zelaiak jolastokiko eremu gehiena hartzen du. Erantzukizunik ez dago «mutilen gauzak» direnean, «badakizulako nolakoak diren». Ez, ez dakit nolakoak diren baina nolakoak egiten ditugun galdetu beharko genioke geure buruari. Jaiotzetik jarri ditugu erdigune batean eta bertan egotera ohitzen denak nekez utzi nahi izaten du espazio hori. Erdigune hori berea du naturaren legez, eskubidez zein merezimenduz. Galera txikiena nabari bezain pronto, biktima egiten dituen «irakasleak neskei pelota die» bezalakoak entzun izan ditugu. Eta «emakumea izateagatik kontratatu dute» edo «emakumeen liburuak bakarrik argitaratzen dituzte orain» ondoren, disonantziak eta umekeriak ez baitu adinik ezagutzen.

Mespretxuz «woke» deitzen duten diskurtsoa «mania digun» andereño kolektibo hori da. Gizonezko zein arraza zuriko malkoak eragiteko gai dena. Erdigunearen hau ez delako bakarrik generoaren kasuan gertatzen, badago zurion erdigune etniko bat ere, konpartitu edo mugitzerakoan antzeko erantzunak jasotzen dituena. «Etorkinak diru laguntzak lapurtzen dizkit» baten forman, adibidez. Beste disonantzia bat.

Erdigunea galdu egiten da eta eskerrak. Konpartitu, ezabatu, leku batetik bestera mugitu. Horrela behar duela ulertzea epe luzera heziketa eta ohitura aldaketa kontua izatea espero dut. Epe laburrera, beharbada heldutasunaren erronka milenarioari heldu eta listua eta egoa irenstea da egin dezakegun onena, mingotsa suertatzen bada ere. Eta ditugun arazoen jatorri eta konponbideak klaseko bully-ak esaten duena baino askoz ere konplexuagoak direla onartu. Bestela ultraeskuinak destartalatutako Europa batean jada zer egin ez dakigunean ez zaigu «txakurrak apunteak jan dizkit» esatea besterik geldituko. Eta aitzakia horrek ez du funtzionatu inoiz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.