Inaki Galdos

Arnasak

2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Arnasestuka, itolarrian, ibili dira jelkideak azken kanpainan —aurreko hilabeteetan ere bai—, baina azkenean arnasa etorri eta nolabait baretu ziren igande gauean. Gustura utziko zuten sinatua duela aste batzuk lortu duten emaitza. Okerragorako ere prestatzen hasiak zeuden badaezpada. Gero eta garbiago ikusten da Imanol Pradales aukeratu izanaren arrazoi nagusia, lau urte barru paradigma berriekin izango omen diren hauteskundeetara begira lehendakari berri bat martxan izatea zela, ordurako ezaguna eta sendotua, nork daki. Horretarako, arriskuak hartu dituzte, baina ondo atera zaie, oso egoera zailean helburua bete dute. Beste kontu bat da berriz ere agerian geratu direla azken zikloan zehar ikusi zaizkien pitzadurak, batez ere historikoki oso indartsuak —hegemonikoak— izanak ziren hainbat eta hainbat tokitan. Alarma gorriak piztuta dauzkate han-hemenka eta ez dirudi itzaltzeko formularik aurkitu dutenik oraindik.

Baina kontuz! Oker dabiltza agonia-kanpaiak jotzen ari direnak. EAJk beti erakutsi du egoera zailetatik —oraingoa baino zailagoetatik ere bai— ateratzeko gaitasuna, denbora berrietara moldatzekoa. Datu objektibo bat: 2011ko ETAren erabakiarekin eta Patxi Lopezen gobernuaren bukaerarekin hasi zen ziklo berri honen lehen hauteskundeetako (2012) emaitza bertsua lortu dute orain, orduan arrakastatzat hartu ziren emaitzak. Legebiltzarkide kopuruan berdin, portzentajean pixka bat gora. Jasan duen erauntsiarekin botatuena izatea eta %35a gainditzea bada zerbait. Ustez hilda daudenak hizpide, Jose Zorrillaren Don Juan Tenoriok zioena gogoratuko dute espainiar literaturako zaleek eta Txirritarena bertsozaleek: bizi naizela jakin dezaten jakin dezaten / jartzera noa bertsuak.

Arnasa betean dagoena EH Bildu da, zalantzarik gabe igandeko garaile nagusia. Urrats berri bat, orain arteko handiena, azken urteetan abian jarritako estrategia oparoan. Jende berria erakartzen asmatu du —ez soilik gazteak, askok sinplifikatzen dutenaren kontra— eta erabat garbi dago ez dela hau izango udaberria egiten ez duen enara bakartia. Erabat sendotua dago koalizioa, prestatua eta geografikoki oso ondo barreiatua. Egia da sorpassoa zutela amets eta askok ziurtzat ematen zutela hori eta bozkarioz iragartzen, bai bezperatan eta bai hauteskunde egunean bertan ere. Ezin dio horrek itzalik egin emaitza historiko batzuei. Ikustear daude, besteak beste, nola gauzatzen duten oposizio lana, olatuaren aparrari eusteko gai diren —ez da hori erraza izaten— eta orain desagertzear dagoen bosgarren espazioa nola berregiten den. Baina ez bedi inor harritu koalizio honek laster aurrea hartzen badu, sakoneko aldaketa ere gauzatzen ari direlako euskal jendartean.

Azken arnasetan dago, baiki, aipatutako bosgarren espazio hori, ezker konfederal gisa ezagutzen duguna. Ez da berria bere joera autosuntsitzailea, gogora ditzagun adibide gisa 2012ko hauteskundeak: Ezker Batua-Berdeak, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak elkarren lehian. Etengabe Madrileko barne xextra guztiak hona iristen bazaizkie, sekulako kalapita sortuz, agian badute garaia alderdi edo koalizio bat bertan sortzeko, hangoarekiko inongo loturarik gabe. Ez dute beste erremediorik. Bide batez, dagoeneko igande gauean esan genuen bezala, ustez Sumar-ek lortu duen eserlekua Izquierda Unidak lortu du. Denbora izango da testigu.

PSE arnasberrituta iritsi da legebiltzar eta gobernu berrira eta PPri ere arnasa itzuli zaio. Hala ere, biak ala biak, egon dira historian zehar askoz ere hobeto. Ez da zaila gora egitea oso behean zaudenean. Igandean arnasa zurrust egiten egon zena Vox izan zen, baina azkenean ondo atera zen, askoren ustekaberako. Askotariko arnasak, beraz, hauteskunde egun baterako. Hori bai, arnasa luzeko eta norabide jakineko ziklo batean sartu garela diotenei, esan beharko diegu agian horrela izango dela, baina gure historia politiko hurbilean ere sarri izan zirela ustez aldaezinak ziren joerak supituan irauli zirenak. Belar motzagoko aurreikuspenak egiten ohitu beharko dugu. Horretan ere nahikoa lan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.