Ziberdelituak %38 areagotu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

'Euskal Poliziaren 2023ko Delinkuentzia Memoria' argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Bertan jaso dutenez, arau hauste penal presentzialek behera egin dute.

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak batera egindako operazio bat, iaz. GUARDIA ZIBILA / ERTZAINTZA
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak batera egindako operazio bat, iaz. GUARDIA ZIBILA / ERTZAINTZA
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 1a
16:55
Entzun

Ziberdelinkuentziak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen Euskal Poliziaren 2023ko Delinkuentzia Memoriak; Ertzaintzak eta udaltzaingoek bildutako arau hauste penalak jaso dituzte bertan. Txostenean jaso dutenez, 2022tik 2023ra ziberdelituak %38 areagotu dira. Oro har, 138.180 arau hauste penal jaso zituzten iaz; horien artean, bostetik bat ziberdelituak izan ziren.

Ertzaintzak eta 15.000 biztanletik gorako udaletako udaltzaingoek bildutako arau hauste penalak jaso, aztertu eta alderatu dituzte memorian. Datuak adierazteko, mila biztanleko tasa erabili dute. 2022tik 2023ra, delinkuentziaren tasa horrek 1,80 puntu egin zuen gora. Hain zuzen, aurreko urtean baino 4.600 delitu gehiago erregistratu ziren iaz. Arau hauste horien ondorioz, Poliziak 35.278 pertsona ikertu zituen, eta beste 10.547 atxilotu.

Diferentziak daude arau hauste penal presentzialen eta ziberdelituen artean. Hamar delitutik zortzi presentzialak izan ziren arren, 2022arekin alderatuta mota horretako delituen tasak puntu eta erdi egin zuen behera. Ziberdelituak, ordea, 3,37 puntu igo ziren. Arau hauste penal informatikoak edota Internet bidez egindakoak dira ziberdelituak. Memorian jaso dutenez, Ertzaintzak jasotako ziberdelituak besterik ez dituzte kontuan hartu, udaltzaingoenak ez daudelako eskuragarri.

Eusko Jaurlaritzak globalizazioarekin, interkonexioarekin eta teknologiarekin lotu du ziberdelinkuentzia areagotu izana. Izan ere, urtez urte nabarmena da haren igoera. 2017an baino %308 ziberdelitu gehiago bildu zituzten iaz; hots, mota horretako 27.707 arau hauste. Hiru lurraldeetan areagotu ziren, baita hiru hiriburuetan ere. Hamar ziberdelitutik bederatzi zibermaulak izan ziren: 25.000 salaketa inguru. Horiez gain, ziberfaltsifikazioak, ziberderrigortzeak eta zibermehatxuak ere jaso zituzten.

Arau hauste penal presentzialak ugaritu egin ziren 2022an. Urtebete geroago, baina, berriro egin zuten behera. 2017tik, mila biztanleko tasa kontuan hartuta, delituen igoera ez da bost puntura iritsi: 2017ko 45,5etik iazko 49,78ra. Arau hauste presentzialik ohikoenak ondarearen aurkakoak izan ziren; hain justu, erdiak baino gehiago. Ondarearen aurkako delituak dira, besteak beste, ebasketak, indarra erabiliz egindako lapurretak, indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak, kalteak eta iruzurrak.

Pertsonen aurkako delituak

Hamar delitu presentzialetik bat, berriz, pertsonen aurkakoa izan zen. Delitu larritzat jo dituzte horiek. «Arau hauste horiek alarma sozial handia eragiten dute, zuzenean egiten baitiote eraso pertsonen osotasunari. Alabaina, horietako bakoitzaren ehunekoen pisuak, delinkuentzia osoaren aldean, ez du ordezkaritza kuantitatibo handirik», adierazi dute memorian. Besteak beste, zazpi hilketa gertatu ziren 2023an, aurreko urteko kopuru bera.

Pertsonen aurkako delituen barruan bildu dituzte indarkeria matxistarekin lotutako delituak. Hain zuzen, pertsonen aurkako arau hauste gehienak indarkeria matxistaren kasuak izan ziren iaz. Urte batetik bestera, mota horietako kasuak %7 areagotu ziren, 6.572 delitura iritsi arte. Emakume gehienek bikotekidearen edota bikotekide ohiaren indarkeria jasan zuten; 4.818k, hain zuzen. Gainerakoek, berriz, familia barruko indarkeria —bikotekideak edota bikotekide ohiak eragindakoa izan ezik— edota sexu askatasunaren aurkako beste edozein delitu pairatu zuten. Poliziaren arabera, indarkeria kasu gehienetan egilea ezaguna zen. 

Gorrotoaren ondoriozko arau hauste penalak ere jaso zituen Poliziak iaz. Mota horretako %68 eraso xenofoboak edota arrazistak izan ziren, eta %14 sexu orientazioan edo identitatean oinarrituta eragindakoak. Ideologia politikoarekin lotutako gorrotoaren ondoriozko arau hauste penalak %8 izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.