Inkestak

Zer nabarmenduko zenuke hauteskunde hauetatik?

Apirilaren 21a atzean utzita, gordeta geratuko dira botopaperak denbora dezentez. Hurrengora bitartean, BERRIAk jakin nahi du zer nabarmenduko luketen bere irakurleek Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetatik.

13804423
Bilboko Udaleko langile bat, botopaperak prestatzen. OSKAR MARTXIN EDESA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2024ko apirilaren 24a
11:05
Entzun

Eta hamaseigarren egunean atseden hartu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biharamunean hautetsontzietara deitutako herritarretatik hamarretik seik baino gehixeagok azken ahalegina egin ahal izateko: bozkatzea. Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainak eta hauteskunde gauak albistegiak eta egunkariak ireki dituzte ia egunero apirilaren 5etik gaur arte, zenbaitetan horiei gailendu zaizkienak gertatuagatik ere. «Gauza asko gertatzen ari omen dira. Gauza bakar bati buruzko gauza asko direla ematen du batzuetan. Debateak, elkarrizketak, agerraldiak, mitinak, reels-ak, txioak, birtxioak, artikuluak, artikulu hau, joe, ez dakit, gauza asko», idatzi zuen Aner Euzkitze zutabegileak kanpaina bete-betean.

Igande gaueko aztoramena badoa baretuz, Eusko Legebiltzarreko eserlekuen aritmetika jakina baino jakinagoa da, eta alderdien esku dago lehendakaritzarako bidea urratzen hastea akordio batekin edo bestearekin. BERRIAko kazetariek eta analistek zehatz-mehatz jarraitu dituzte kanpainaurrea, kanpaina eta bozka ostea —eta izango dute zer idatzi aurrerantzean ere, gobernua osatu bitartean—. Bien bitartean, egunkari honek bere irakurleei eman nahi die ahotsa: zer nabarmenduko lukete azken aste hauetatik? Politikarekin zein alderdiekin lotutakoak erantzun, arren; Athleticek Kopa irabazi izana ez dago erantzun posibleen zerrendan.

BERRIAk sare sozialetan bota du galdera, eta ostiralera arte jasoko ditu erantzunak, X, Facebook eta Instagram sare sozialen eta albiste honetako iruzkinen bidez.

Lehendakarigaien debateak debate, sare sozialak ere izan dira boto emaileak konbentzitzeko gudu zelai. Isabel Jaurena kazetariak aztertu zuen nola erabili zituzten, erreportaje honetan, alderdiek inongo erreparorik gabe jo baitzuten haietara: Egazeko gazteak emankor aritu dira hitz jolasak sortzerako garaian:Enekoneta izeneko furgoneta aurkeztu zuten kanpaina hasieran, eta SorioEneko ere asmatu zuten euskararen aldeko mezuari laguntzeko, Eneko Anduezaren aurpegia Irulegiko Eskuaren barruan irudikatuta; Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosekoak Durangoko taxi batean Elkarrekin Podemosen programa arrapaladan kontatu zuen, minutu baten buruan; EAJk Bittori behia aurkeztu zuen, eta Imanol Pradalesek Minecraft bideojokoan simulatu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «berriak»; beste alderdi batzuek, berriz, seriotasuna izan zuten ardatz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.