Frantziako Asanblearako bozak

Parte hartzea azken 25 urteetako handiena izaten ari da Frantziako Asanblearako bozetan

12:00etarako boza emana zuten hautesleen %25,9k. 2022ko hauteskundeetan ez zuten erdiek ere bozkatu; gaur hirutik bik egingo dutela aurreikusi dute inkestek, eskuin muturraren igoera tarteko.

Boto paperak, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Boto paperak, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Arantxa Elizegi Egilegor - Paulo Ostolaza
2024ko ekainaren 30a
09:25
Entzun

Zabaldu dituzte bozkalekuak Ipar Euskal Herrian. Gaur eta datorren igandean egingo dituzte hauteskundeak, eta Frantziako Asanbleako ordezkariak aukeratu beharko dituzte milaka herritarrek. Bozek, gainera, interes bizia piztu dute, ez soilik Euskal Herrian, baita Frantzia osoan ere.

Horren erakusle dira lehen datu ofizialak, parte hartzearenak. Frantziako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 12:00etarako, boza emana zuten hautesleen %25,9k. 2022ko hauteskundeetan, ordu berean, %18,43k zuten botoa emana. Azken 25 urteetako parte hartze datu handiena da.

Kontuan izan behar da abstentzioa oso handia izan ohi dela Frantziako Asanbleako hauteskundeetan. 2022ko lehen itzulian, esaterako, %52,49 izan zen; 2017an, %51,3. Are handiagoa izaten da bigarren itzulietan. Aurten, ordea, aurten %33 izango da, inkesten arabera.

Eskuin muturra boterera helduko den beldurra zabaldua da —esperantza ere bai haien jarraitzaileen artean—, eta halakorik gerta ez dadin mobilizatu da ezkerra, Fronte Popular Berria eratuta. Ezkerreko indarren aliantzak orain arte inoiz ikusi gabekoa ahalbidetu dezake, lehen aldiz Ipar Euskal Herriko ordezkari ezkertiar eta abertzale bat izatea Parisen. Hala, iparraldeko hiru hautesbarrutietan ditu hautagaiak ezkerreko aliantzak. Lehen aldia da ezkerreko abertzaleek halako koalizio batean parte hartzen dutena. Hauek dira Ipar Euskal Herrian Fronte Popularraren izenean aurkeztu diren hautagaitzak: 4. hautesbarrutian, Iñaki Etxaniz (PS) eta Cecile Senderain; 5. hautesbarrutian, Colette Capdevielle (PS) eta Alain Iriart (EH Bai); eta 6. hautesbarrutian, Peio Dufau (EH Bai) eta Marie Hegi-Urain. «Aldaketarako programa» bat osatu dute denen artean, eta lehentasun izango dute «Euskal Herriko errealitatea eta lurraldearen berezitasunak» jasotzea, horiek Parisera eramateko helburuarekin.

Europako hauteskundeetako emaitzak ikusita, ordea, kezka ere bada, noraino heltzen ote den eskuin muturraren indarra. Izan ere, RN Batasun Nazionala lehen indarra izan zen Ipar Euskal Herriko 92 herritan ekainaren 9ko bozetan —Frantziako Errepublikan boto gehien bildu zuen alderdia ere izan zen—. Lehen aldia da eskuin muturrak hainbesteko emaitzak lortu dituela Ipar Euskal Herrian. Gaurkoan ere izango da RNren izenean aurkeztuko den hautagairik hiru barrutietan: laugarren eta bosgarren barrutietan RNren izenean aurkeztuko dira eskuin muturreko hautagaiak; seigarrenean, hau da, barnealdearekin batean Biarnoko zati bat biltzen duen barrutian, berriz, Eric Ciottiren sokako Errepublikanoekin eta Errekonkista alderdiko Marion Marechal Le Penen ildokoekin elkarturik aurkeztuko da RNko hautagaia.

Kanpaina laburra izan da, ekainaren 9an deitu baitzuen bozetara Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Europako hauteskundeen egun berean. Baina lehia bizi espero da, eta horrek parte hartzea bultzatuko duen esperantza ere badute hautagaiek. Dena den, badira eremu batzuk non abstentzioa handia izaten den, eta bazter auzoak dira horiek, bai Frantzian, bai Ipar Euskal Herrian. Baionan, esaterako, iparreko auzoetako bozkalekuak parte hartzerik apalenekoak dira.

Oinarri ahula

Frantziako Errepublikan garaipentzat jo zuten askok ezkerreko aliantza lortu izana, eta ez zaie arrazoirik falta. Geroak, baina, zalantzak eragiten ditu. Ez baita lehen aldia halako saio batek huts egiten duena. 2022an NUPES izan zen, Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria. Macroni eta haren aliatuei gehiengo osoa eragiteko tresna bat izan zen hura. Baina egun ez da haren arrastorik, eta Frantziako Errepublikako testuingurua bera ere aldatu da, nahiz eta, NUPESekin gertatu bezala, ezkerreko frontea izan orain ere RNri aurre egiteko tresnarik baliagarriena.

Ez dute erraza izango ezkerreko hautagaiek; izan ere, azken urteek ondorio argi bat utzi dute Europa osoan: gero eta gutxiago dira eskuin muturreko alderdiak arriskutzat jotzen dituztenak, eta hori bera gertatu da Frantzian ere. Horretan laguntza handia izan dira hedabideak, beren lerroburuetara eramanez eskuin muturrak lehenesten dituen hainbat gai; besteak beste, immigrazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.