Usansolok eta Galdakaok hasi dute eskumenen eskualdaketa

Galdakaoko Udala arduratuko da hainbat zerbitzu emateaz, indarrean dauden kontratuak iraungi arte.

Iñigo Hernando eta Agustin Aizpuru alkateak, hitzarmena sinatu ostean. BERRIA
Iñigo Hernando eta Agustin Aizpuru alkateak, hitzarmena sinatu ostean. BERRIA
aitor biain
2024ko maiatzaren 3a
16:15
Entzun

Bi herriak ofizialki banandu eta lau hilabetera, Usansoloko eta Galdakaoko udalak (Bizkaia) hasi dira zerbitzuen kudeaketa eskumenak eskualdatzen. Prozesu hori modu ordenatuan eta mailakatuan egiteko, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur bi alkateek, Agustin Aizpuruk eta Iñigo Hernandok, hain zuzen ere. Ituna hurrengo bi urteetan egongo da indarrean, eta bi puntu ditu nagusiki.

Batetik, adostu dute hainbat zerbitzu elkarrekin ematea. Indarrean dauden kontratuak eten eta nork bereak egin ordez, erabaki dute kontratu horiei eustea, eta iraungitzen joan ahala herri bakoitzak bere kontratu berriak egitea. Zerbitzu horien artean daude, esaterako, kale garbiketa, olio bilketa, lorezaintza eta beste.

Galdakaoko Udala arduratuko da zerbitzu horien kudeaketaz datorren hilabeteetan, eta Usansolokoak dagokion zatia ordainduko dio hari: 3,5 milioi euro inguru, eta beste 500.000 euro kudeaketa lanengatik, kalkulatu dutenez.

Alkateek argudiatu dute kontratuak bertan behera uzteak hainbat hilabetez zerbitzua etetea ekarriko lukeela. Izan ere, lehiaketa publikoetara deitu beharko lukete lehenik, eta kontratu berriak egin ondoren, eta luze joko luke horrek: «Ez litzateke zentzuzkoa».

Bestetik, adostu dute Usansoloko Udalak aldi baterako baimena ematea Galdakaokoari beste zenbait zerbitzu kudeatzen jarraitzeko. Izan ere, Usansoloko Udala egituratzen ari da oraindik; ez du langilerik edo administraririk. Beraz, lanpostu horiek bete artean, Galdakao arduratuko da, besteak beste, gizarte larrialdiko laguntzak eta espazio publikoaren erabilerarako nahiz establezimenduak zabaltzeko baimenak emateaz.

Gerakinak, kalkulatzen

Horrez gain, iazko aurrekontuetako diru gerakinaren banaketa ere adostu dute bi udalek. Batzar Nagusietan onartutakoaren arabera, 4 edo 5 milioi inguru eman beharko lioke Galdakoko Udalak Usansolokoari. Adierazi dute, dena den, zenbateko zehatza kalkulatzen ari direla oraindik, gerakinaren kopurua abenduaren 31n kalkulatzen baita normalean.

Hitzarmena iraungitzen denean berriro aztertuko dute egoera. Izan ere, espero dute ordurako herri bakoitzak bere kontratuak izatea, baina gerta liteke oraindik gutxi batzuk indarrean jarraitzea. Hala bada, horiek eten edo iraungi arte mantendu erabakiko dute orduan, «zerbitzu guztiak eskualdatu arte eta Usansolok erabateko autonomia izan arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.