Urkulluren agur luzea

Iñigo Urkulluk bozen kanpainak baliatu ditu agur luze batean bere legatu politikoaren funtsa idazteko.

Iñigo Urkullu Gernikako Batzar Nagusietako liburuan idazten, atzoko omenaldian. IREKIA
Iñigo Urkullu Gernikako Batzar Nagusietako liburuan idazten, atzoko omenaldian. IREKIA
xabier martin
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Iazko azaroaren 24an ezustea eman zuen EAJk: hedabide batek filtratu zuen Urkulluk ez zuela jarraituko lehendakari gisa. EBB bera ezustean harrapatu zuen erabaki hori hedabideetan ikusteak, eta, biharamunean, albistea kudeatzeko epeak aldatuz, berretsi zuen Imanol Pradalesek ordezkatuko zuela Urkullu, EAJko lehendakarigai gisa. Jarraitzeko prest zegoen Urkullu, eta haren eta EBBren arteko tentsioa argi islatu zuen egoera nahasi izanak; baina gutxi iraun zuen giro horrek, kanpora begira behintzat. «Alderdiko gizona naiz», aldarrikatu zuen Urkulluk Sukarrietan (Bizkaia), garbi utzita onartzen zuela Sabin Etxeak deliberatutako erreleboa. Ordutik gaurko egunera, Urkullu agur luze bateko protagonista izan da.

Lehenik, Jaurlaritzako sailburuei ohartarazi zien gobernuak jardun handia zuela egiteko, eta Eusko Legebiltzarrak zenbait lege garrantzitsu onartu behar zituela legealdiaren azken txanpan. Horrela izan zen, eta otsailean onartu zituen legealdiko azken hiru legeak, urte bukaeran beste sei onartu ondoren, besteak beste, Hezkuntza Legea eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea. Urkulluren gobernuak legealdi hasieran proposatutako agendako lege bakarra geratu zen onartu gabe: gardentasunarena.

Legealdia bukatuta, Urkulluk agurraren bira moduko bat egiteko aukera izan zuen, hauteskunde kanpainei esker. Ikusteko zegoen EAJk Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainan plazara aterako zuen edo bigarren mailan utziko zuen lehendakaria, beste hautagai baten alde egitera eraman zuen irizpideari jarraituz. Kanpainaren lehen zatian Urkullu ez zen askorik agertu, baina bigarrenean aktibo garrantzitsu bihurtu zen Pradalesen alde. Eta bere gobernuen kudeaketaren defentsaren alde ere bai. Izan ere, kanpainako ekitaldietan, han eta hemen defendatu zuen «EAJren eredua». Eta abisu argia eman zuen EH Bilduren «arriskua» dela eta: «Gure espazioa okupatu nahi dute, baina ez dute lortuko, zeren eta EAJ bakarra da, eta gure eredua ezin da kopiatu».

Indarkeriaren biktimak

Pradalesekin «indar berria» helarazi nahi du EBBk, baina bozen kanpainan Urkullurekin lotu zuen hura, azkenerako. «Katea ez da eten» oihukatzen zuten alderdikideek sarritan, apirileko mitinetan, Ortuzarrek berak animaturik. Eta Urkulluk bere kudeaketaren defentsan jarraitu zuen, ekonomian azpimarra eginez, enpresak eta ongizatea lotuta, euskal patronalen mezu nagusietako bat bere eginez. Sindikatuekin izandako harreman gatazkatsua ere islatu dute Urkulluren hitzek bere legatu politikotzat jo daitekeen agurrean: «Argi hitz egin dezagun: grebek arriskuan jarri dute inbertsioa Mercedesen eta beste inbertsio estrategiko batzuk Euskadin». Sindikatuek beti leporatu izan diote lehendakariari patronalaren albora lerratu dela. Bere agurreko argazkien bilduman, izan ere, ez da falta harreman estu hori islatzen duen irudirik, kasurako, Iberdrolako egoitzan egin zioten omenaldiarena.

Agurreko argazkien bilduman ez da falta enpresekin izandako harremana islatzen duen irudirik; kasurako, Iberdrolak egindako omenaldiarena.

Indarkeriaren biktimak eta iraganari buruz egiten duen azterketa ere ez ditu ahaztu Urkulluk bere agurreko hitzaldietan. ETAri sarritan erreparatu dio, siglen bidez, eta bestela ere bai, iraganeko kontakizunean barneratuta. ETAren indarkeriaren biktimei gertutasun handia adierazi die azken asteetan, bere ibilbide osoan bezala. Berriki eskatu du «ez ahaztea» ETAren indarkeria, hildako ertzainei egindako omenaldi batean: «Herri honetan batzuek erabakitzen zuten nork bizi behar zuen, eta nork ez, eta beste batzuek txalotu eta babestu egiten zituzten».

(ID_17186326871825) Galan eta Urkullu
Ignacio Sanchez Galan eta Iñigo Urkullu, lehendakariari Iberdrolako egoitzan egin zioten agurrean. IBERDROLA

Gogoratu ditu, bestalde, eskuin muturraren eta segurtasun indarren biktimak, baina ez ETAren biktimei azaldutako gertutasun pertsonalarekin, biktima horien elkarteek salatu dutenez. Foro Sozialeko bozeramaile ohi Agus Hernanek BERRIAn kaleratutako Urkulluk Pradalesi uzten dion patata beroa  iritzi artikuluan ziurtatu duenez, «Estatuaren biktimekiko keinu esanguratsurik izan gabe» joango da Urkullu, «Jaurlaritzako lehendakari gisa hamabi urte eman ondoren».

Historiaren kontakizunak

Egunkari honetan bertan erantzun dio «Agus Hernanen desmemoriari» Jonan Fernandezek, Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari nagusiak, eta zerrendatu Urkulluren gobernuek «Estatuaren biktimen alde» egindako lana. Besteak beste, 12/2016 Legea ekarri du gogora, Estatuko indarkeriaren biktimak aitortu eta haiei erreparazioa ematekoa, eta lege horren ondotik iaz iritsi zen estatuaren biktimak aitortzeko ekitaldia, Donostiako Kursaalean. Fernandezek, baina, «Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu buru zuela» formula erabili du aipatutako mugarri gehienetan, item ugari gobernuak egindakoak baitira, Urkulluren presentziarik gabe. Kursaaleko lehen omenaldi handian ere ez zen Urkullu egon, iaz, eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan zen Gasteizko gobernuko ordezkari gorena.

2012an izendatu zuten Urkullu Jaurlaritzako lehendakari, estreinakoz; orduan, «herriaren askatasun, burujabetza eta elkarbizitza nahiak gauzatzea» jarri zituen helburu gisa.

2012ko abenduaren 15ean izendatu zuten Urkullu Jaurlaritzako lehendakari estreinakoz, Gernikan. Orduan esan zuen bere helburua izango zela «gure herriaren garapen, askatasun, burujabetza eta elkarbizitza nahiak gauzatzea, gure nortasuna sendotuz». Geroak argitu dezake helburu horiek zenbateraino bete dituen, kontakizun desberdinen bidez betiere, iragana aztertzen den aldiro gertatzen den moduan. Atzo, Gernikan bertan jasotako omenaldian, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak esan zuen 2012an «emandako hitza bete» duela Urkulluk, eta Gernikako arbolaren kimu batetik hazitako haritz bat oparitu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.