Urkulluk «esker ona» agertu die sailburuei

Azken Gobernu Kontseilua egin dute gaur. «Ezohiko» bilkura izan da, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman duenez.

Eusko Jaurlaritzako sailburuak, gaurko Gobernu Kontseiluan. L.RICO / EFE
Eusko Jaurlaritzako sailburuak, gaurko Gobernu Kontseiluan. L.RICO / EFE
xabier martin
2024ko ekainaren 18a
13:15
Entzun

Amaitu dira Iñigo Urkullu buru duen Eusko Jaurlaritzaren agerraldiak. Etzi, Imanol Pradales hautatuko dute lehendakari, Eusko Legebiltzarrean, EAJren eta PSE-EEren gehiengo absolutuari esker, eta, gaur, azken Gobernu Kontseilua egin dute amaitua den legealdian aritu diren sailburuek. «Ezohiko» bilkura izan da, Bingen Zupiria bozeramaileak kontseilu osteko prentsaurrekoan jakitera eman duenez; ezohikoa oraindik ere lehendakari denak «esker ona» agertu dielako sailburuei, banan-banan; haren ustez, «euskal gizartearen alde» aritu direlako urteotan. Zupiriak esan du «zenbait sailburuk», era berean, eskerrak eman dizkiotela Urkulluri bere jardunagatik.

Jaurlaritza berria EAJ eta PSEko sailburuek osatuko dute, eta sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak sailburu jeltzaleen kudeaketaren aurkako kritika gogorren inguruan galdetu dio Zupiriari. Hark adierazi du desegitear den gobernuaren erabaki guztiak «negoziatu» egin direla, eta «sailburuen arteko elkarlan handia» egon dela, eta saiatu direla euren arteko «liskarrak» alde batera uzten. Onartu du, ordea, eduki batzuetan «desberdintasunak» izan dituztela, baina atzera gogoratu du erabaki guztiak gobernu bakarrak hartu dituela.

Edonola ere, bai Urkulluk bai Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak adierazi dute alderdi biak ahalegindu direla «gizarteari ez helarazteko behar ez diren gatazkak». Lehendakariaren geroaz galdetuta, Zupiriak berehala esan du Gobernu Kontseilu baten osteko agerraldian zegoela eta horrelakoetan ez dagoela «kontu pertsonalentzako lekurik». Bere buruaz ere, ildo berean aritu da, eta gogora ekarri du ez duela sekula berari buruzko informaziorik eman, eta ez zuela emango gaur ere. «Larunbatera arte lehendakariaren aginduetara nago».

Ertzainen lan baldintzak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eskerrak eman dizkie kazetariei; agur esan die, garbi utzita sailburuen hautaketa aurrerantzean Pradalesen esku egongo dela, eta helarazi «gardentasunez erantzuten saiatu» dela urteotan, nahiz eta badakien «beti ez» duela eskaini kazetariek nahi zuten informazio guztia.

54 akordio onartu dituzten azken bileran, Ertzaintzaren lan baldintzak aldatu dituen proposamena gauzatu dute, 55 eta 60 urte arteko agenteen eta ikertzaileen lan baldintzak hobetzeko; baita zaintza arloan berdintasuna bultzatzeko ere. Ekonomia arloan, berriz, diru laguntza batzuk onartu dituzte Arabako Errioxako ardogileek biltegian duten «stock handia» balia dezaten, beste edari batzuk egiteko. Halaber, Zupiriak iragarri du angularen arrantza arautzeko dekretua onartu duela Jaurlaritzak bere azken Gobernu Kontseiluan, «profesionalen erregistro bat» egon dadin, eta jarduera bera profesionaliza dadin, «kudeaketa jasangarri baten bidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.