Kontseiluak esan du udaltzain guztiek jakin beharko luketela euskaraz

Botere judiziala «hizkuntza politiken joko arauak aldatzen» ari dela salatu du Kontseiluak. Hizkuntza eskubideen urraketak «jarraituak» direla ere esan du.

Urtarrilean Kontseiluak Donostian egindako elkarretaratze bat, antzeko kasu bat salatzekoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Urtarrilean Kontseiluak Donostian egindako elkarretaratze bat, antzeko kasu bat salatzekoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko irailaren 6a
16:05
Entzun

Hizkuntza eskubideen aldeko elkarteek azkar erantzun diote EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak udaltzainen lan poltsetan sartzeko euskara eskakizuna atzera bota izanari. Epaitegiaren neurri hori salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta uste du udaltzain guztiek euskaraz jakin beharko luketela. Ez soilik, haien esanetan, herritarren hizkuntza eskubideak daudelako jokoan, baizik uste dutelako udaltzain batek euskaraz ez jakiteak «herritarren integritatea baldintzatu» dezakeela.

2021ean behin-behineko lan poltsa bat sortu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan udaltzain-laguntzaile lanetarako, eta euskaraz jakitea derrigorrezkoa izan zen eskaintza hartan; bada, EAEko Auzitegi Nagusiak atzo jakinarazi zuen atzera bota zuela eskakizun hori, «diskriminatzailea» zelako. Kontseiluaren arabera, 2021eko Irungo (Gipuzkoa) udaltzainen kasuaren jurisprudentzia erabiltzen ari dira «euskararen normalizazio prozesuaren aurka». Hala, botere judiziala «hizkuntza politiken joko arauak aldatzen» ari dela salatu du Kontseiluak, «euskararen ofizialtasunaren mugak murriztuz eta, beraz, normalizazio prozesua oztopatuz eta herritarren eskubideei kalte eginez».

Auzitegiaren iritziz, «neurrigabea» da lan poltsako hautagai guztiei euskararen ezagutza eskatzea, eta Kontseiluak salatu du epai horren ostean lanpostu batean ere ez dela beharrezkoa izango euskaraz ari ahal izatea. Kontseiluaren ustez, udaltzainek «harreman zuzena» dute herritarrekin, haien segurtasunari lotutako lanpostuak dira, eta horregatik iritzi dio bereziki larria dela euskararen ezagutza ez eskatzea.

Sententzia, Eurogutunaren aurka

Auzitegiak emandako epaian Hizkuntza Gutxituen Europako Gutun edo Eurogutuna aipatzen dela esan du Kontseiluak, eta nabarmendu du epaia bera gutun horren aurka doala. Izan ere, gutunaren 7.2 artikuluak dio hizkuntza gutxituen alde hartutako neurri bereziak ez direla hartuko indar handiagoa duten hizkuntzetako hiztunen kalteko neurri diskriminatzaile gisa.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak behin baino gehiagotan iragarritakoa ekarri du gogora Kontseiluak: herritarrek udaltzainekin izaten dituzten harremanetan, etengabe urratzen zaizkie hizkuntza-eskubideak. Salatu dute euskara eskakizuna kentzeak zerbitzu publikoen kalitatea okertzen duela eta erantzukizun soziala kentzen duela.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.