Skabidean taldearen doinuek piztuko dute aurtengo Nafarroa Oinez

'Piztu Zangoza!' izeneko abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu Zangozako ikastolak, Iruñean. Amaia Aldanondo da hitzen egilea, eta Marina Lameiro bideokliparen zuzendaria.

maxresdefault
Zangozako ikastolako eta Skabidean taldeko kideak, gaur, Iruñean egin duten agerraldian. NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA
Ion Orzaiz.
2024ko ekainaren 20a
12:00
Entzun

«Gure hizkuntza indartzeko/ ertzetik eraikitzeko/ Zangozako ikastola sustatzeko/ gure txikiak handi egiteko!». Ertzetan eta periferian bizi diren euskaldunei gorazarre eginen die aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiak. Amaia Aldanondo Perkazenak dira hitzak, eta musika, berriz, Skabidean taldearena. Gaur aurkeztu dituzte abestia eta bideoklipa, Iruñean, Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan.

Aldanondorekin eta Skabidean taldeko kideekin batera, aurkezpenean izan dira Nagore Oria Telletxea, Zangozako ikastolako zuzendaria; Eneko Alkorta Larburu, Nafarroa Oinez-en jardueren batzordeko arduraduna; eta Marina Lameiro Garaioa, bideokliparen zuzendaria. Azaldu dutenez, «hainbat fase» izan ditu abestia eta bideoklipa ontzeko prozesuak: «Lehenengoa izan zen abestiaren letra sortzea, lehiaketa baten bitartez», azaldu du Oriak. Ikastolako zuzendariaren esanetan, zentroak argi izan zuen hasieratik «hitzak Zangozaldeko euskaldunen artetik» atera behar zirela. Aldanondo izan zen irabazlea. «Aldarrikatu nahi nuen ertzean eta periferian gauden euskaldunak hemen gaudela, gure zentroa eraikitzen ari baikara, hori erakutsi nahi nuen», esan du idazleak aurkezpenean.

Behin hitzak prest zirela, horiek musika jartzea falta zen. Horretarako, Iruñeko Skabidean reggae taldekoengana jo zuen Zangozako ikastolak. «Gure ustez, abestiak elkartasuna eta auzolana batzen ditu, baina alaitasuna alde batera utzi gabe», adierazi du June Gabarain Campos taldekideak. Taldeak beharrezko ikusi du nahasketa hori, euskara aldarrikatzeko, «ezin hobeki irudikatzen baitu Euskal Herriaren eta Nafarroa Oinez-en izaera». Andoaingo Garate estudioan (Gipuzkoa) grabatu zituzten ahotsak. Skabideanekin batera, mikrofono aurrean aritu ziren ikastolako zenbait ikasle. «Ikasleek, familiek eta irakasleek esperientzia ahaztezina bizi izan zuten grabaketaren egunean», esan du Oriak.

Marina Lameiro Garaioa zinema zuzendariaren laguntza izan zuen ikastolak, abestiaren bideoklipa ekoizteko tenorean. Ikasleak «prozesu horren protagonista» izan direla nabarmendu dute festaren antolatzaileek: Lameirok tailer batzuk antolatu zituen DBHko eta Lehen Hezkuntzako 3. zikloko ikasleekin, bideoklipa prestatzeko eta grabaketak antolatzeko. «Egungo irudi digitalez beteriko munduan, interesgarria iruditu zitzaidan txiki eta gazteei beste teknologia mota bat gerturatzea eta mundura ekartzen ditugun irudiei buruz gogoeta egitea», azaldu du zuzendariak. Hain justu, ikasleen proposamenetan oinarriturik ondu dute bideoklipa, eta Super 8 kamera batekin grabatu dute.

Sanferminetako egitaraua

Nafarroa Oinez festaren abestia eta bideoklipaz gain, Iruñeko sanferminetan paratuko duten Oinez Txokoa ere aipagai izan dute Zangozako ikastolako arduradunek. Urtero bezala, Takonerako parkean egonen da gunea, 10:30etik 03:30era zabalik. Txosnan, edariak eta ogitartekoak eskainiko dituzte, eta aldamenean, aukera izanen da Nafarroa Oinez-en arropa eta materiala erosteko. «Sanferminek irauten duten bederatzi egunetan giro lasaian bazkaldu eta afaltzeko aukera ematen duen lekua da, euskarazko jarduerak eskaintzen dituen txokoa eta estilo ezberdinetako kontzertuez gozatzeko parada eskaintzen duena», adierazi du Eneko Alkortak, jardueren batzordeko arduradunak.

Egitarauari dagokionez, «programa zabala» prestatu dutela azpimarratu du Alkortak: «Parte hartuko duten sortzaile gehienak nafarrak dira, eta hori mahai gainean jarri eta nabarmentzekoa da». Bi multzotan banatu dituzte jarduerak: arratsaldekoak, alde batetik, eta gauekoak, bestetik. Arratsaldez, Oinez Txokora doazenek aukera izanen dute haurrentzako eta gazteentzako eskaintzaz eta jai giro lasaiagoaz gozatzeko: bertso saio musikatuak, Euskarabentura, Trikidantz, Pontx pailazoa, Jotatxo... Gauez, berriz, kontzertuak egingo dituzte agertokian: Streetwise eta Leizeak uztailaren 6an, Against You eta Dj Marzel uztailaren 7an, Trikidantz eta Dj Mortx uztailaren 8an, Gailu eta Ochi di Farfalla uztailaren 10ean, Irati 58 eta Baizera! uztailaren 11n, Bandatze eta Blekingekale Banden uztailaren 12an, Pi L.T. eta Eztitan uztailaren 13an eta Iñaki Labaka eta LBK Band uztailaren 14an.

Txupinazo alternatiboa ere antolatu dute festen lehen egunerako: aurten, Laba elkarteko kideen esku utziko dute metxa piztea. «Eredugarria iruditzen zaigu Laba taldeak azken urteetan euskara eta euskal kulturaren alde Iruñean egin duen lana, eta nolabaiteko esker ona merezi dutela uste dugu», esan du Alkortak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.