Sindikatuek salatu dute Gipuzkoako Aldundiak Palestinaren ikurra kentzera behartu zituela suhiltzaileak

Joan den maiatzean izan zen, suhiltzaileen Bidasoko parkean. Bihar mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko parkeetan.

Palestinako bandera, Bilbon egindako mobilizazio batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Palestinako bandera, Bilbon egindako mobilizazio batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 28a
13:30
Entzun

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak behartu egin zituela Bidasoko parkeko suhiltzaileak egoitzan zituzten Palestinaren aldeko banderak eta pankartak kentzera. Bihar berriro ere mobilizazioa egingo dute Palestinari elkartasuna adierazteko, baina, oraingoan, Bidasoko parkean ez ezik, Hego Euskal Herriko gainerako parkeetan ere bat egingo dute aldarri horrekin.

Sindikatuek adierazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzaren 24an agindu zien idatziz Bidasoko parkeko arduradunei ken zitzatela han agertu ziren Palestinaren aldeko ikur eta pankartak. Suhiltzaileek Eider Mendoza diputatu nagusiarengana jo zuten, ikur horiek berriro jartzeko baimen eske, baina, sindikatuen arabera, hark ez zien erantzun, eta suhiltzaileen zerbitzuko zuzendariari utzi zion egiteko hori.

Erantzuna ezezkoa izan zen, eta, hori argudiatzeko, aldundiak 2016ko abenduaren 20an onartutako arautegia eman zuen arrazoitzat. Arautegi horren arabera, horma irudiak, iragarkiak eta bestelako elementu grafiko, informaziozko eta komunikaziozkoak debekaturik daude aldundiaren eraikin eta lantokietan. Hala ere, arautegi horretan bertan jasotzen da salbuespena egiteko aukera badagoela, foru diputatuak horretarako baimena emanez gero.

Sindikatuek uste dute arautegi hori onartu zela «informazio eskubidea murrizteko» helburuz, eta gogorarazi dute beste batzuetan salbuespena egin dela; adibidez, Ukrainako gerraren harira: «Ukrainako bandera ikusi izan dugu aldundiko eraikinetan. Badirudi diputatua prest egon zela horretan salbuespena egiteko, ez ordea Palestinako genozidioarekin».

Protestak «zabaldu»

Sindikatuek erabaki dute Bidasoko suhiltzaileen parkean maiatzean hasitako protestak «zabaltzea», eta, bihar, mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko gainerako parkeetan ere. Iragarri dutenez, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako suhiltzaileek, Bilbokoek, Donostiakoek eta Gasteizkoek bat egingo dute deialdiarekin, eta Israelgo estatuari «genozidioa gelditzeko» eskatuko diote. Administrazioko gainerako langile guztiak ere gonbidatu dituzte mobilizazioetan parte hartzera.

Sindikatuen ustez, «ez da beste alde batera begiratzeko garaia», eta beharrezkoa da Palestinaren aldeko «konpromisoari» eustea. Horregatik, mobilizazioak baliatuko dituzte Gipuzkoako aldundiari eskatzeko jarrera aldatu dezala eta pausoak eman ditzala, «Palestinan guztiz ukatuak dituzten giza eskubideen aldeko defentsan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.