Ezkabako ihesaren ostean hildako preso baten gorpua identifikatu dute, Segundo Hernandezena

Nafarroako Gobernuko DNA Bankuak gasteiztarraren gorpuzkiak aurkitu ditu Elia hobian. 1938an hil zuten frankistek, beste bi presorekin batera, Ezkabako gotorlekutik ihes egin ondoren.

Ezkabako ihesean hildako  Jose Creagh Lecarozen gorpuzkiak familiari eman zizkioten iazko azaroan. IÑAKI PORTO / EFE
Ezkabako Ihesean hildako Jose Creagh Lecarozen gorpuzkiak familiari eman zizkioten iazko azaroan. IÑAKI PORTO / EFE
xabier martin
2024ko irailaren 12a
12:50
Entzun

Segundo Hernandez Blancok 19 urte zituen faxistek hil zutenean; Eguesibar inguruan izan zen, Nafarroan. Ezkabako ihesean hango gotorlekua atzean uztea lortu zuen Gasteizko preso gazteak; CNTko militantea zen, iturri batzuen arabera, eta 1936ko uztailaren 24an atxilotu zuten matxino frankistek, beste zenbait gazterekin batera. Gasteiztik ihesean zihoan, Otxandiorako bidean. Baina ez zen iritsi Eusko Jaurlaritzaren kontrolpean zegoen Bizkaiko eremura. 

Nafarroako Gobernuko DNA Bankuak gaztearen gorpuzkiak aurkitu ditu orain, Elia hobian. Hernandezen askatasunerako bidaia etsia 1938an bukatu zen, Ezkabako ihesaldi masiboan hango gotorlekua atzean utzi eta gero; atzeman, eta ihesaldiko beste bi kiderekin batera hil zuten.

Bi urte lehenago, 1936ko abuztuaren 8an, hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten faxistek, eta Gasteizko kartzelan sartu, 1937ko urtarrilera arte. Hil horretan, Antsoaingo Ezkaba mendiko gotorlekura lekualdatu zuten. Segundoren aita Joaquin Hernandez, berriz, hilabete batzuk lehenago hil zuten frankistek, abenduaren 14an.

Hiruko taldearen amaiera

2015ean, indusketa lanak hasi zituzten Eliako hobian, Eguesibarko Udalak sustaturik, eta hiru gorpuzki aurkitu zituzten orduan. Bidankozeko (Nafarroa) Vicente Mainz Landa identifikatu zuten hasieran, eta hipotesi bat marraztu zuten ikerlariek: hiruko taldetxo hori Ezkabatik ihes egindako preso gehienen bidetik aldendu zen, Mainzek eremu hori ondo ezagutzen zuela aprobetxatuz. Alabaina, Falangeko pelotoi bat atzean zuen hirukoak, eta, azkenerako, harrapatu egin zituzten, eta bertan hil. Eliako hobian lurperatu zituzten gazteak.

Orain egin duten identifikazioa, Hernandezen senitarteko batek emandako lagin genetikoari esker, eta, beraz, Ezkabako ihesaren ondoren eraildako bederatzi pertsona identifikatu dituzte jada; Nafarroako DNA Bankua sortu zutenetik, 43 pertsona identifikatu dituzte hobietan.

1938ko maiatzaren 22ko arratsaldean, igandean, 795 presok ihes egin zuten Ezkabako gotorlekutik. 2.500 preso inguru zituzten han frankistek, gehien-gehienak arrazoi politikoengatik. Iheslarien atzetik abiatu ziren faxistak, eta haietatik 206 hil. Atzemandakoen artean, berriz, ihesaldiaren antolatzailetzat jo zituzten hamalau, eta abuztuan erail zituzten horiek ere. Soilik hiru iheslarik lortu zuten muga gurutzatu eta Ipar Euskal Herrira iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.