Lau emakumek salatu dute La Sallek bazuela Ezkiagaren sexu abusuen berri

Ezkiagaren aurkako neurririk ez hartzea leporatu diete lau emakumeek kongregazioari. Ikastetxeak dio ez dutela orain arte sexu abusuen berririk izan.

Donostiako Loiola auzoko La Salle ikastetxea. JON URBE / FOKU
Donostiako Loiola auzoko La Salle ikastetxea. JON URBE / FOKU
maddi iztueta olano
2024ko ekainaren 21a
08:57
Entzun

La Salle ikastetxea Patxi Ezkiagak ikasleei egiten zizkien sexu abusuen jakitun zegoen, zenbait emakumeren lekukotzak aipatuz El País egunkariak gaur jakinarazi duenez. Emakume horiek 90eko hamarkadan jasan zituzten Ezkiagaren abusuak: 1991n, 1995ean, eta 1996an. Salatu dute urte haietan Ezkiagak egin zizkien abusuen berri eman zietela zenbait irakasleri, eta ikastetxeak ez zuela haren aurkako neurririk hartu.

«Konfiantzarik handiena geneukan irakasleari kontatzen genion, eta barre egiten zuten», esan dio El País egunkariari Leire G. izeneko emakume batek. Abusuen biktimek kazeta horri azaldu diotenez, «sistematikoak» ziren sexu erasoak. Ikasgelan, bere bulegoan, Isabako kanpalekuan, «ahal eta nahi» zuenean egiten zituen. Gisa horretako pasadizo bat gogora ekarrita, zera kontatu dio egunkari horri Olatz Mercaderrek: «Bere bulegora deitu ninduen 1992-1993ko ikasturtean, idazlan batzuk zuzentzeko. Tente zeukan zakila, eta gainean esertzeko agindu zidan». Jasandako abusuak argitara atera dituztenen arabera, kongregazioko kideek gertatzen zen «guztiaren» berri zuten.

Ezkiaga urte luzez aritu zen Donostiako Loiola auzoko ikastetxean, euskara irakasle. Marisol Zamorak salatu zituen lehenengoz haren abusuak —1970eko hamarkadan jasan zituen aurrenekoz—, joan den maiatzean. Ordutik, hilabete eskasean, El País egunkariak 24 ikasle ohiren lekukotzak bildu ditu —horietatik hemezortzi emakumeak dira, eta guztiek jasan dituzte sexu abusuak—; denek 9 eta 17 urte artean zituzten.

Ikastetxearen aurka egin duen emakumeetako batek, Leire G.k, egunkari horri kontatu dionez, beste irakasle baten sexu abusuak ere salatu zituen 1996an: Sebastian Grandmontagnenak. Garai hartan bera ere Loiolako ikastetxeko irakaslea zen. Grandmontagnen sexu abusuak salatzen dituzten laugarren aldia da honakoa, hiru salaketa jarri baitituzte haren aurka: Beasaingo gizon batek —1971n egin zizkion sexu abusuak—, eta Irungo bik —1973 eta 1976 urteen artean egin zizkien—.

Ez jakinarena

Zamorak egindako salaketaren harira, barne ikerketa bat abiatu zuen kongregazioak. BERRIAk bi aldiz hitz egin du aferaren inguruan La Salleko harreman instituzionalen arduradun Isabel Llaugerrekin: aurrenekoz hil hasieran, eta, gero, gaur. Lehen aldi hartan esandakoa berretsi du Llaugerrek: eskura duten informazio guztia «kanpotik» iritsitakoa dela, eta ez dakitela «ezer asko», alegia. Sexu abusuez jakitun zeuden galdetuta, ukatu egin du berriro ere: «Ez zaigu salaketa formalik iritsi orain arte».

Ezkiagak egindakoa gaitzetsi, eta barkamena eskatu die haren abusuak jasan behar izan zituzten pertsona guztiei. «Jazotakoa ikertu nahi dugu, eta, horretarako, gure ateak irekita daude», esan du Llaugerrek. Are, ikerketarekin aurrera egiteko ikastetxearekin harremanetan jarri ez izana leporatu dio El Pais-i: «Ez daukagu 24 pertsona horiek nortzuk diren argitzeko modurik». Grandmontagneren aurkako salaketaren inguruan adierazi du ez dutela «ezer entzun».

Bestalde, abusuen berri izan eta gutxira, Legorretako Udalak jakinarazi zuen Ezkiagari egindako goraipamen guztiak kenduko zituela: «Udalak erantzukizuna du dagozkion erabakiak hartzeko, erreparaziorako bideak irekitzeko eta salaketa publiko egin duen Marisol Zamorari babesa adierazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.