Salatu dute hainbat presori bisitak debekatzen ari zaizkiela «lerro ofizialarekin bat ez etortzeagatik»

Hainbat presoren hurkoek jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzak espetxeetako kudeaketa duenetik «hamarnaka» bisita eskaera atzera bota dituztela. Diotenez, ezker abertzalearen ildo ofizialarekin «kritikoak» izateagatik ezarri diete debekua.

Hainbat euskal presoren lagun eta senideen agerraldia, gaur, Gasteizen. BERRIA
Hainbat euskal presoren lagun eta senideen agerraldia, gaur, Gasteizen. BERRIA
Edurne Begiristain.
2024ko ekainaren 29a
13:50
Entzun

Euskal Herriko espetxeetan giltzapetuta dauden hainbat euskal presoren senide eta lagunek prentsaurrekoa egin dute gaur Gasteizen, hainbat presori oinarrizko eskubideak urratzen ari zaizkiela salatzeko. Zehazki, salatu dute bisitak ukatzen ari zaizkiela haien ideologia eta militantzia politikoa ez datozelako bat «ezker abertzalearen ildo ofiizialarekin», edota «konfrontazio estrategiaren» aldekoak direlako. Kartzela barruko jardueretan parte hartzeko mugak ere jartzen ari zaizkiela salatu dute.

Azaldu dutenez, espetxeetako kudeaketa eskumena Eusko Jaurlaritzak jaso zuenetik, «hamarnaka bisita eskaera» bota dituzte atzera presoaren edota bisitariaren pentsaera eta jardun politikoa «aitzakia gisa» erabilita. Diotenez, Eusko Jaurlaritza ezartzen ari den «salbuespenezko trataera» horren helburua da presoen artean bereizketak sortzea eta kanpoko egoera politikoarekin komunikazioa etetea. Agerraldian adierazi dute Espainiako Auzitegi Nazionala ere neurri bera babesten ari dela, esanez justifikatuta dagoela bisitak ukatzea «damutzeen aurkakoak» eta «borrokaren aldekoak» diren postulatu ideologikoak babesten dituzten presoei eta bisitariei.

«Euskal Herriko kartzeletan presoen kontrako xantaia politikoak indarrean jarraitzen du», gaitzetsi dute prentsaurrekoan. Eta, hala, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote «salbuespen eta bazterketa neurriak» alde batera uzteko; gainontzeko alderdiei, berriz, «isiltasun konplizea» amaitu eta «tratu baztertzaile» horien aurka irmo erantzuteko eskatu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.