Presoen eskubideak aldarrikatu dituzte kalejiran, Iruñean

Ehunka lagun elkartu dira Sarasate pasealekutik Udaletxe plazara egin den protestan. Etxerat-en arabera, «bada garaia bukaera emateko salbuespen neurriei».

Iruñean, Sarasate pasealekuko Foruen monumentutik abiatu da kalejira.
Iruñean, Sarasate pasealekuko Foruen Monumentutik abiatu da kalejira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2024ko uztailaren 4a
20:20
Entzun

Sanferminak ate joka dira Iruñean, eta Alde Zaharrean eta inguruetan jendearen joan-etorri amaigabeari erreparatzea aski da horretaz jabetzeko. 19:30ean Sarasate pasealekutik abiatuta, Etxerat-ek eta Sarek antolatutako kalejiran gogorarazi dute euskal presoek salbuespen neurriak dituztela ezarriak oraindik ere.

Sarasatetik Gazteluko plazara zuzendu dira. Lehen lerroan joaldunak zihoazen, eta ondoren presoen gezien sinboloa marrazturik kartel handi batean. Jarraian, Sare eta Etxerat elkarteetako ordezkariek, hizki larriz «etxera»zioen kartelari heltzen zioten. Ondoren, presoen senideek gezidun kartelak zituzten, eta atzetik elkartasuna adierazten izan dira ehunka herritar. Erdian, 3indarrok elektrotxarangak jai giroa jarri dio kalejirari.

Gazteluko plazan buelta eman ostean, Estafeta kalerantz abiatu dira, eta handik, Udaletxe plazara. Han eman zaio amaiera kalejirari. Bitarte guztian, presoen eskubideen inguruko eskuorriak banatu dituzte laguntzaileek. Festak hastear direla, Alde Zaharreko karrikak mukuru daude.  

Kalejirako mezua

Azken batean, Etxerat-en arabera, funtsezkoa da jaietan ere presoen egoera aintzat izatea. «Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urtetako gatazkaren ondoren oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugula konpontzeko, eta jakin badakigu oraindik ere indar handikoak direla sufrimendu eta gatazkako iraganera eraman nahi gaituzten inertziak». 

Etxerat-en arabera, alde batetik ezin da ahaztu iragan hurbilean presoek bizi izan zuten egoera. «Euskal presoen bakartze ziegak ez ziren salbuespena, araua baizik. Ez dugu ahaztu behar senitartekoek eta lagunek ehunka kilometroko bidaiak egin behar zituztela presoak ikusteko. Ez dugu ahaztu behar preso horien zigorrak espetxeetako lehen graduan betetzen zirela ia osorik, baldintzarik gogorrenetan».

Urruntzea eta sakabanaketa iaz amaitu zen, eta gaur egun presoetako asko «modu egokian» ari dira bizitzen, eta Euskal Herriko gehiengoa alde dutela espetxeetako prozesu guztia egiten. Dena den, Etxerat-ek uste du beste etapa bat dela hau. «Bada garaia bukaera emateko euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespenei. Bada garaia etxerako bidean bultzada bat emateko oraindik erbestean edo deportazioan daudenei. Bada garaia herri honetan eragin diren sufrimendu guztien aitortza egiteko». 

Hala, onartu dute nahiko luketela jaietan peñen pankartetako irudietan «barroterik gabeko marrazkiak» izatea edo gezi irudirik gabeak. «Markoa, erritua, liturgia apurtzeko garaia da». Uste dute horretarako beharrezkoa dela presoen gizarteratze ibilbideari oztoporik ez jartzea epaitegietan, eta bizikidetzan aurrera egiteko irizpide tekniko eta profesionalak lehenestea «politikoen gainetik». 

Hori bultzatzeko eta elkartasuna adierazteko, datozen sanferminetan presoen aldeko aldarrikapenekin bat egitera deitu dute.

134

Preso kopurua. Gaur egun, 134 euskal preso daude kartzelatan. Batez beste, 50 urte dituzte. 30 presok 65 urtetik gora dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.