Pradalesen Jaurlaritzak hamabost sailburu izango ditu, inoiz baino gehiago

Lehendakariarekin batera, beste zortzi gizonek eta zazpi emakumek osatuko dute gobernua. Ia denak lehen aldiz ariko dira sailburu, hiru izan ezik: Bingen Zupiria, Nerea Melgosa eta Javier Hurtado. Maria Ubarretxena izango da bozeramailea.

Imanol Pradales
Imanol Pradales lehendakaria, gaur, Gernikan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
aitor biain
2024ko ekainaren 22a
17:05
Entzun

Imanol Pradalesek orain arteko Eusko Jaurlaritzarik handiena gidatuko du. Lehendakaritzaz gain, hamabost sailburu izango ditu haren gobernuak, hau da, hamasei kide guztira. Inoiz ez da halakorik egon. Hamabost izan zituen Jose Antonio Ardanzak Euskadiko Ezkerrarekin 1991n osatutako gobernuak, lehendakaria bera barne. Beraz, orduko hark baino kide bat gehiago izango du orain EAJk eta PSE-EEk osatutakoak. Kargu horietatik hamar jeltzaleen esku geratuko dira, eta bost sozialisten esku. Bederatzi gizonezko eta zazpi emakume dira. Gernikako Batzar Etxean lehendakari karguaren zina egin eta ordu gutxira eman du lehendakaritzak Jaurlaritzaren osaketaren berri.

Gobernua handitzearen arrazoiak bi dira nagusiki. Batetik, gizarteak aurrez aurre dituen erronkei eta herritarren kezkei zehatzago eta hobeto erantzutea. Osasun sistema, etxebizitza, lehen sektorea, trantsizio energetikoa, garraioa eta demografia dira horietako batzuk. Bada, bakoitzak bere saila izango du aurrerantzean.

Beste arrazoia PSEren eskakizunei erantzutea da. Eusko Legebiltzarrerako bozetan lortutako emaitza onak tarteko, gobernuaren egituran pisu politiko handiagoa nahi zuten sozialistek. Eta lortu dute, hein batean, aurreko Jaurlaritzan baino bi sail gehiago izango baitituzte orain. Baina EAJk ere bi gehiago izango ditu aurreko legealdiarekin alderatuta. Beraz, ikusteko dago oreka hori nola islatuko den kudeaketan eta aurrekontuetan, alegia, sozialisten erabakimena zenbateraino izango den handiagoa egungo Jaurlaritzan. 

Jarraitutasuna

Iñigo Urkulluren hirugarren eta azken Jaurlaritzak bezala, bi lehendakariorde izango ditu Pradalesen gobernuak ere: bat EAJrentzat eta beste bat PSErentzat. Ibone Bengoetxea jeltzaleak hartuko du lehen lehendakariordetza, eta Mikel Torres sozialistak bigarrena. Kargu horiez gain, beste ardura batzuk ere izango dituzte biek ala biek, hala ere. Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu izango da, eta Torresek Ekonomia, Enplegu eta Lan Saila gidatuko du.  

Egiturak bakarrik ez, aurreko gobernuaren ildoari jarraitzea bermatuko dute karguan segituko duten hiru sailburuk ere. Nerea Melgosak, Bingen Zupiriak eta Javier Hurtadok Jaurlaritzan jarraituko baitute, bestelako zeregin batzuetan bada ere. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saila kudeatuko du Melgosak aurrerantzean. Zupiriak, berriz, Segurtasun Saila gidatuko du. Gobernuaren bozeramaile izateari ere utziko dio, eta hemendik aurrera Maria Ubarretxena arituko da haren ordez zeregin horretan. Autogobernu Sailaren ardura izango du, aldi berean, Arrasateko (Gipuzkoa) alkate izandakoak. Hurtadok bere ardurei eutsiko die, bestalde.

Sail garrantzitsuenak EAJren esku egongo dira hurrengo urteetan ere: Osasuna eta Hezkuntza. Biak ala biak sail gatazkatsuak izan ziren aurreko legealdian, eta buruko min handia sortu zioten Urkulluren gobernuari. Zalantza zegoen bietako bat sozialisten esku geratuko ote zen, baina biei eustea erabaki du Pradalesek. Alberto Martinezek hartu du aurrenekoaren ardura, eta Begoña Pedrosak bigarrenarena. 

Emakunderen auzia, argitzeko

Juan Ignacio Perez arduratuko da Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntza Saila kudeatzeaz. Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburu izango da; Mikel Jauregik Arantxa Tapiaren lekua hartuko du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailean; eta Amaia Barredok Elikadura, Nekazaritza Garapena eta Arrantza zuzenduko du. Ingurumen sailburuorde izandakoa da Barredo, eta Gasteizko epaile bat hura ikertzen ari da orduko ustelkeria salaketa batengatik.  

Sozialisten esku geratuko dira, bestalde, Mugikortasun eta Etxebizitza sailak. Susana Garciak kudeatuko du aurrenekoa, eta Denis Itxasok bigarrena. Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzara itzuliko da, eta Justizia Saila zuzenduko du ostera. 

Ikusteko dago organigraman zehazki non sartuko dituzten berdintasun politikak. Gaur ezagutarazi diren guztien artean ez da ageri Berdintasun izena daraman sailik; beraz, gerta daiteke lehendakaritzari atxikita egotea berriz. Emakunde arduratzen da berdintasun politikak diseinatu eta bultzatzeaz, eta Iñigo Urkulluk Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari lotuta jarri zuen bere hirugarren agintaldian. Erabakian atzera egiteko eskatu zioten zenbait talde feministak eta Emakunderen sorreran aitzindari izandakoek, besteak beste.

Sailburuek asteartean egingo dute karguaren zina, Ajuriaenean.

saiulburuak
 

Hauek dira Eusko Jaurlaritza berriko kideak:

Imanol Pradales
Lehendakaria

Santurtzi (Bizkaia), 1978. EAJ. Lehen agintaldia du lehendakari gisa. Aurrez, Bizkaiko Foru Aldundiko diputatua izan zen. Soziologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta doktore da alor horretan. Euskalduna.

Ibone Bengoetxea
Lehen lehendakariordea 
Kultura eta Hizkuntza Politika.

Bilbo, 1967. EAJ. Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen, eta Eudeleko presidente 2011tik 2015erako aldian. Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu izan zen ondorengo zazpi urteetan, eta EITBko zuzendaritzan aritu da geroztik. Psikologian lizentziaduna da. Euskalduna.   

Mikel Torres
Bigarren lehendakariordea 
Ekonomia, Enplegua eta Lana.

Portugalete (Bizkaia, 1970). PSE. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ekonomiako bi doktorego ditu. Hainbat ardura izan ditu PSE-EEren barruan. Bizkaiko sozialisten idazkari nagusia da 2014tik, eta Portugaleteko alkatea. Ez da euskalduna.

Maria Ubarretxena
Bozeramailea. 
Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua.

Urretxu (Gipuzkoa), 1980. EAJ. Arrasateko alkatea izan zen 2015etik 2023ra bitarte. Aurrez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gizarte Ekonomiaren zuzendaria izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua da iazko maiatzetik. Lan esperientzia industrian izan du batez ere. Euskalduna. 

Bingen Zupiria
Segurtasuna.

Hernani (Gipuzkoa), 1961. EAJ. Hirugaren legealdia du sailburu gisa. Aurreko bietan Kultura eta Hizkuntza Politikako Saila gidatu zuen, eta Jaurlaritzako bozeramaile ere izan zen. ETBko eta Deia-ko zuzendari izandakoa da. Euskalduna.

Begoña Pedrosa 
Hezkuntza.

Areatza (Bizkaia), 1975. EAJ. Hezkuntza sailburuordea izan da aurreko legealdian. Aurrez, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen 2014tik 2020ra bitarte, eta irakasle eta ikertzaile ere jardun zuen han. Hizkuntzalaritza Aplikatuan doktorea da. Euskalduna.

Noel D’Anjou Olaizola
Ogasuna eta Finantzak.

Irun (Gipuzkoa), 1975. EAJ. Finantza eta banku arloan egin du ibilbide profesionala. 2014az geroztik, hainbat ardura izan ditu Kutxabanken. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean.

Mikel Jauregi
Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna. 

Zarautz (Gipuzkoa), 1974. EAJ. Soziologian lizentziaduna da, Industria Harremanetan espezializatua, Deustun. Hogei urte baino gehiago daramatza enpresa alorrean lanean, batez ere energia sektorean. Centrica PLC enpresako zuzendaria da gaur egun, eta Erresuma Batuan dihardu beharrean. Aurrez, 2020 eta 2022 artean, BP Plc-en (lehen BP British Petroleum) lan egin zuen.

Javier Hurtado
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa.

Madril, 1981. PSE. Bigarren legealdia izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu gisa. Aurrez, Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua izan zen Arabako Foru Aldundian. Zuzenbideko, eta Administrazioko eta Politika Zientzietako lizentziak ditu. Ez da euskalduna.

Juan Ignacio Perez
Unibertsitateak, Zientzia eta Berrikuntza.

Salamanca (Espainia), 1960. EAJ. EHUko errektorea izan zen 2004tik 2008ra. Fisiologiako katedraduna da, eta Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea EHUn, irakasle izateaz gain. Biologian doktorea da, eta Jakiundeko lehendakaria. Euskalduna.

Denis Itxaso
Etxebizitza eta Hirigintza Agenda.

Donostia, 1975. PSE. Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan, 2020tik 2024ra. Bi hamarkada eman ditu kargu instituzionaletan, PSE-EEn. Zinegotzi izan da Pasaian, eta, batez ere, Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldunorde nagusi ere izan zen. Politika Zientzietan lizentziaduna da. Euskalduna. 

Nerea Melgosa
Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa.

Gasteiz, 1970. EAJ. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu izan zen Urkulluren hirugarren agintaldiko azken urtean. Aurrez, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria izan zen, eta zinegotzi aritu zen Gasteizko Udalean. Politika Zientzietan eta Soziologian lizentziaduna da. Euskalduna.

Alberto Martinez
Osasuna.

Trapagaran (Bizkaia), 1964. EAJ. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anestesiologiako, Bizkortzeko eta Minaren Terapiako zerbitzuburua da 2002az geroztik. Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da (EHU), eta anestesiologiako eta bihotz biriketako bizkortzean espezialista. Medikuntzan doktore da.  

Susana Garcia
Mugikortasun Jasangarria.

Donostia, 1969. PSE. Hainbat urte egin ditu kargu instituzionaletan, PSE-EEn. Zinegotzi izan zen Donostiako Udalean 1999tik 2003ra, eta batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ardura horretan aritu da gaur arte. Politika Zientzietan eta Soziologian lizentziaduna da. 

Amaia Barredo
Elikadura, Nekazaritza Garapena eta Arrantza.

Donostia, 1970. EAJ. Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurune diputatua da iazko uztailetik Arabako Foru Aldundian. Aurrez, Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde izan zen Arantxa Tapiaren sailean. Elikagaien Kalitateko zuzendaria ere izan zen 2007tik 2009rako aldian. Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziaduna da. 

Maria Jesus San Jose
Justizia eta Giza Eskubideak.

Sestao (Bizkaia), 1966. PSE. Eusko Jaurlaritzaren Idazkaritzako zuzendaria izan zen Patxi Lopezen gobernuan, eta Lan eta Justizia sailburu Iñigo Urkulluren bigarren agintaldian. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta Eusko Legebiltzarreko kidea. Ez da euskalduna. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.