EH Bilduren lehendakarigaia

Pello Otxandiano: «Posible da bestelako kooperazio politika bat»

Mapa politikoa aldatu egingo dela uste du, eta jokaleku horretan akordio zabaletarako aukerak ikusten ditu, abertzaleen artean batez ere. «Herri proiektu bat» josiko duten itunak nahi ditu, begirada epe ertainean jarrita.

Pello Otxandiano, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Elkarrizketatik elkarrizketarako bidean hartu du BERRIA Pello Otxandianok (Otxandio, Bizkaia, 1983). Sinetsita dago aldaketarako garaia dela, eta argi du aro berri horretan ezinbestekoak izango direla ezberdinen arteko itunak.

Kanpainan zuhurra izan zara; gehiegi nabarmendu gabe aritu zara, eta tonua ere ez duzu maiz igo. Estrategiaren parte izan da?

Saiatu gara hasieratik eztabaidaren maila igotzen. Uste dut oro har politikagintzan tonu oldarkorra nagusitzen dela, sakontasun gutxikoa, eta uste dut beste politika bat behar dugula orain.

Lortu duzula uste duzu?

Esango nuke gai batzuetan aurrerapauso batzuk eman direla. Kanpainaurrean nagusiki hiru gai jarri genituen mahai gainean: Osakidetza, etxebizitza eta politika ekonomiko industriala. Orain inork ez du zalantzan jartzen arazo bat dugula Osakidetzarekin eta etxebizitzaren auziarekin. Politika ekonomikoari dagokionez, agian ez dugu hainbeste sakondu, baina EAJk planteatzen duen inbertsio funts subirano hori EH Bilduk 2012tik dauka programan. Eta hori bada osoko zuzenketa bat orain arteko politika ekonomikoari.

Aurreko legealdian EH Bilduk erakutsi zuen adostasunerako borondatea duela gairik garrantzitsuenetan. Elkargunerako aukerarik izango da datorrenean?

Garaiaren irakurketa zehatz bat egiten bada eta norabidea ondo finkatzen bada, esango nuke adostasunak posible direla aipatutako gaietan eta beste batzuetan: zaintzan, politika klimatikoan, trantsizio energetikoan, hizkuntza politikan eta abarretan.

Hain zuzen, herri akordioetarako eskariak egin dira kanpainan, alde batetik nahiz bestetik. Zertarako izan beharko lukete?

Herri itun horiek herri proiektu bat josi behar dute. Bi modu egongo dira apirilaren 21eko emaitzak interpretatzeko. Bata ohikoa da: alderdi bakoitzak zenbat legebiltzarkide izango dituen, eta hori egin behar da. Baina badago beste modu bat ere: aztertzea zein den herritarren mandatua. Gure ustez, gehiengoz abertzale eta subiranista izango da, eta gehiengoz ezkerrekoa. Mandatu horren gainean eraiki behar da herri proiektu bat, luzera begirakoa.

Nola egingo diozue aurre mediku faltari?

Hori ez da egun batetik bestera konponduko. Gaur egun daukaguna aurreikuspen falta baten ondorioa da; aurreikusi zitekeen. Bestalde, mediku askok Osakidetzatik alde egin dute, ez zaizkielako lan baldintza egokiak bermatu. Beraz, neurri batean, mediku horiek berriro erakartzen saiatu behar dugu. Eta, horretaz gain, egia da guk gaur egun ez daukagula eskumenik BAME barruko mediku egoiliar izateko postuak erabakitzeko. Hori ere bada burujabetza aldarrikatzeko beste arrazoi bat.

Bateragarria da hori hizkuntza eskubideak bermatzearekin? Nola bermatu behar da arta euskaraz jasotzeko eskubidea Osakidetzan?

Bermatu egin behar da. Ezin ditugu talkak sortu eskubide batzuen eta beste batzuen artean; hori tranpa da. Osasun politika egokiak behar ditugu, eta baita hizkuntza politika egokiak ere, eskubide guztiak bermatzeko.

Greba feminista orokorra babestu zenuten. Nola gauzatuko duzue mugimendu feminista eskatzen ari den zaintza eredu publiko hori?

Zaintzak ertz asko ditu, eta eraldaketa integral bat eskatzen du, baina uste dut gizarte zerbitzuen transformazioak duela premiarik handiena. Bi gauza egin behar dira hor, datozen lau urteetan: gizarte zerbitzuak berrantolatu egin behar dira, eta zaintza sistema publiko baterako oinarriak jarri behar dira. Eraldaketa handia da hori.

«Aztertu behar da zein den herritarren mandatua. Gure ustez, gehiengoz abertzalea eta subiranista izango da, eta gehiengoz ezkerrekoa. Mandatu horren gainean eraiki behar da herri proiektu bat, luzera begirakoa» 

Etxebizitzaren auzian, lurzoru falta da arazoetako bat. Hirigintzan udalek badute eskumena, eta EH Bilduk badu indarra hor. Hortik ere eragin beharko da, ezta?

Bai, noski. Etxebizitza politika integral bat behar dugu. Guk etxebizitza berrietan planteatu duguna zera da, eraikuntza berriko etxebizitzen %50 alokairura bideratzea. Baina hori egin baino lehen, beste neurri batzuk hartu behar dira: etxe hutsak erabilgarri jarri behar dira, alokairuko prezioak mugatu tentsio handiko eremuetan, funts espekulatzaileei frenoa jarri behar zaie, eta etxebizitza turistikoak mugatu.

«Desmilitarizazioaz» jarduten duzue programan. Zer kasutan egin beharko litzateke?

Geroz eta arma gehiago izatea ez da segurtasun handiagoa izatearen sinonimoa. Polizia testuinguru berrira egokitu behar dugu; polizia eredu eraginkor bat behar dugu, gardena, gertukoa eta kontu emailea. Bide hori aztertzen hasi behar dugu; izan ere, hainbat esku hartzetan, agian, armak baztertu daitezke. Hala ere, ez gabiltza esaten Ertzaintzari baliabideak kendu behar zaizkionik.

Enpresak errotzeko funts bat sortzea proposatu duzue. EAJk ere jaso du programan. Zein enpresatan edo sektoretan egon beharko luke Jaurlaritzak?

Egon beharko luke estrategikotzat jotzen diren enpresetan, traktoreak direlako, edo euskal ekonomiarentzat estrategikoak diren sektoreetan daudelako. Eta egon beharko luke, halaber, bertan errotzea nahiko genukeen enpresetan. Halako funts bat izan bagenu, posible izango zen 2013-2014an Ibermatica, Euskaltel eta Gamesan esku hartzea, eta bermatu ahal izango zen enpresa horien erabakimena bertan mantentzea.

Fiskalitatea aldatu beharko litzatekeela uste duzu?

Bai. Berandu goaz horretan ere. Aukera badago, bilketa areagotzeko eta progresiboagoa egiteko. Uste dut errenta ertaineko langile klaseari ez zaiola gehiago eskatu behar, baina kapital errenta gehiago zergapetu behar da. Eta sozietate zerga ere berrikusi egin behar da, lasaitasunez eta patxadaz. Europako herrialdeen pare jarri nahi badugu, erreparatu diezaiogun haien fiskalitateari ere.

AHTarekin zer egin behar da?

Guri maiz galdetzen digute horretaz, eta gutxiegi, aldiz, obra hori hainbeste urtean defendatu dutenei. Zeren gaur egun ez dakigu zer izango den azkenean; azpiegitura hori iraungi egin da bukatu aurretik. Gutxien-gutxienik norabidea zuzendu behar dugu Iruñea, Burgos eta Gasteiz artean. Posible da aldiriko tren bat martxan jartzea, egungo azpiegitura baliatuz, merkantzien garraiorako balioko duena; prestazio handiko tren bat, benetan errendimendu sozial egoki bat izango duena.

Esan izan duzu trantsizio eta burujabetza energetikoaren inguruko gogoeta «jendearekin batera» egin behar dela. EH Bilduk agintzen duen herrietan bada kezka bat gai horrekin: Azpeitian edo Aramaion, besteak beste. Herritar horien azalean jarrita, uste duzu badutela kezkatzeko motiborik?

Kezkatzeko motibo itzelak dauzkagu. Baina uste dut ariketa zintzo bat egin behar dugula, eta erabakiak hartu. Ezin da azpiegitura horien inguruko diskurtsoa planteatu klima larrialdian egongo ez bagina bezala. Alternatibak jarri behar dira mahai gainean. Eta, gure ustez, momentu honetan ikuspunturik ekologistena eta eraldatzaileena da esatea zenbat, non, eta zein eredurekin. Baina «ez hemen, ez inon» ez da posizio ez ekologista, ez eraldatzailea. Eztabaida zaila dela? Bai. Baina jakin behar dugu zein den testuingurua, eta onartu halako krisi baten ez dagoela inpakturik gabeko soluziorik.

Pello Otxandiano
Pello Otxandiano
«Herri hau ezin daiteke gobernatu gehiengo osoz; akordioak beharko dira». Norekin egin nahi dituzue itunak?

Guk ez diogu inori ixten aterik, ultraeskuinari izan ezik. Guk hauteskundeak irabazten baditugu, deituko diegu EAJri, PSEri eta ezker konfederalari, eta saiatuko gara herri proiektu bat osatzen.

Zertan ikusten duzu aliatu EAJ?

EAJrekin gauza askotan egin behar dugu bat: estatus politiko berrian, hizkuntza politikan, hezkuntzan... Gai sozioekonomiko batzuetan ere EAJ izan daiteke bidelagun. Zeren, azken finean, edozein erronkari heltzeko politika iraunkorrak behar dira. Ez dago etxebizitza politiko publiko bat arazoa lau urtean konponduko duenik. Eta Osakidetzarekin gauza bera. Gobernuak aldatuko dira, baina oinarrizko adostasun batzuk eraiki beharko ditugu, herri gisa etorkizun bat izateko.

Egintzat jotzen duzu EAJ-PSE ituna?

Ez. Tentazioa dagoela egiten ari den horretan jarraitzeko? Bai, baina horrek zenbateraino iraun dezake? Gipuzkoan inertziaz jokatzea izan zen gobernu hori osatzea. Erreaktiboa da, proaktiboa baino. Nolabait da herri mandatu bati uko egitea, eta politika baztertzaile bat planteatzea.

Zein da alternatiba?

Mapa politikoa aldatu egingo da; beraz, herri honen aniztasun politikoa aintzat hartu behar da, eta bakoitzak bere rola bere gain hartu. Eta, gero, bi aukera daude: koalizio bat bulego itxi batean egin eta goitik behera gobernatu, edo ariketa indartsu bat egin eta oinarrizko adostasunak josi funtsezko gaietan. Aurrekariak badaude. Posible da bestelako kooperazio politika bat.

Gobernu aliantzak bilatzea; hori duzue erronka?

Guk ezin dugu esan gainontzeko alderdiek zer egingo duten. Guk planteatzen duguna da gure ustez herri honek zer behar duen eta posible dela bestelako politika bat. Gu oso gardenak gara: esan dugu zer egingo dugun apirilaren 21aren ondoren. Eta nik uste dut denok egin beharko genukeela ariketa bera. Egonkortasuna emango diguten gobernuak behar ditugu, eta hori itun baztertzaileak alboratuz egiten da.

«Gu oso gardenak gara: esan dugu zer egingo dugun apirilaren 21aren ondoren. Eta uste dut denok egin beharko genukeela ariketa bera. Egonkortasuna emango diguten gobernuak behar ditugu, eta hori itun baztertzaileak alboratuz egiten da».

Espainiarekin «harreman konfederal bat» izan nahi duzue. EH Bilduk independentziaren helburua alboratu du?

Ez. EH Bilduk eta bere parte diren tradizio politiko guztiek ulertu izan dute independentziarako bideak tarteko geltokiak dituela, eta orain planteatzen ari garena hori da. Hurrengo geltokia zein den? Estatus politiko bat, nazio gisa aitortuko gaituena, gure eskubideak jasoko dituena, autogobernu berri bat emango diguna, botere maila handiago batekin eta berme sistema batekin. Horrek jarriko gintuzke estatuarekin parez pareko harreman batean.

Autogobernu lantaldea hiru hilabetean martxan jartzea nahi duzu, eta bi urteko epean Madrilera joatea. EAJk bi urteko epea jarri du Gernikako Estatutua osatzeko. Norekin egin nahi duzu bide hori?

Uste dut EAJk anbizio nazional gutxi erakusten duela. Anbizio nazionala behar dugu; hau da garaia hiru legealdiz atzeratu den eztabaida ebazpen fase batera eramateko, eta herri gisa Madrilera elkarrekin joateko.

Madrilek idatzia du betoa. Ezezkoaren ostean, zer?

Ikusiko dugu. Oraingoz esan dena da estatuaren izaera plurinazionala aintzat hartu behar dela, eta horrek behar duela eztabaida bat termino demokratikoetan. Hor bide oso bat dago esploratzeko.

Pello Otxandiano (EH Bildu) | Galdetegi azkarraIkus-entzunezkoen taldea

MOTZEAN

  • Badakizu nola duen izena zure familia medikuak? Ez. 
  • Zein duzu etxeko hizkuntza? Eta lanekoa? Euskara; eta euskara, nagusiki.
  • Inoiz lapurretarik egin dizute? Gogoratzen dudanik ez.
  • Beldurrik izan duzu inoiz gauez etxerako bidean? Ez, egia esan.
  • Zaintza lanik egitea egokitu zaizu? Alabekin. Zorionez, gurasoak gazteak dira, baina iritsiko zait momentu hori.
  • Etxea zurea duzu, edo alokatua? Nirea... bankuarena, neurri handi batean.
  • Zer auto duzu? Peugeot Partner bat, bederatzi urte ditu.
  • Terrazetan erretzea debekatu behar da? Esango nuke ez dela osasun publikoko arazo bat gaur egun.
  • Gutxieneko soldata gehigarria jarri behar du Jaurlaritzak? Bai. Uste dut hemen 1.400 euroko gutxieneko soldata bat ezarri beharko litzatekeela.
  • Internetez erosten duzu? Zer erosi duzu azkena? Gutxi. Azkena, opari bat familiako kide batentzat.
  • Sakelakoak debekatu behar dira eskoletan? Eztabaida zaila da. Baietz esan izan dut, uste dudalako eskolaren gain zama gehiegi jartzen dela. Heziketa etxean egin behar da.
  • Zinema ala plataformak? Zinemara joateko denborarik ez dut izan, baina plataformak ere oso gutxi erabili izan ditut.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.