Zuzenbidean katedraduna

Juanjo Alvarez: «Politikaren misio etikoa jarrera zibiko batetik harago doa»

Herritarren eta instituzioen arteko konfiantza ezinbestekotzat jo du Alvarezek, eta gizartearen parte hartzea defendatu, «demokraziaren osasunerako».

IÑIGO URIZ / FOKU
IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 10a
05:00
Entzun

Juanjo Alvarez (Zumaia, Gipuzkoa, 1964) Zuzenbideko katedraduna herritarren eta instituzioen arteko harremanaz aritu zen UIKren Hiritartasun aktibo baten alde ikastaroan. Hartan, harreman horiek izan beharreko ezaugarriak izan zituen hizpide, eta, hortik abiatuta, herri itunek zein itun etikoek izan beharreko betebeharrez galdetu dio BERRIAk. Gakoa, Alvarezen esanetan, konfiantzan dago, baina zehaztu du: «Landu egin behar da».

Zure mintzaldian kohesio soziala bermatzeko ezinbestekotzat jo zenuen gizartearen rola indartzea. Gehiegi erreparatzen diogu politika instituzionalari, eta gutxi hartatik kanpo dagoenari?

Hori da ditugun defizit demokratikoetako bat. Ondo politizatutako gizarte bat garela uste dut, zentzu onenean; ulertzen dugu politikak baduela gaitasun eraldatzaile bat. Baina, instituzio sendoak eta lidergo arduratsuak izatea garrantzitsua den arren, ez da nahikoa demokraziaren osasunerako. Botere demokratikoaren legitimitatearen oinarria harreman sano bat da, non gizarte zibilak adierazpen gaitasun bat izango duen demokrazia ordezkatzailetik harago. Horretan tematu beharra dago, botereari kontrapisuak ezartzeko.

Herritarren artean zabaldua dago politika instituzionalaren erabakien aurrean ezer gutxi egin daitekeenaren ideia. Zure hitzaldian partitokraziaren arriskuaz aritu zinen.

Egia da herritarren artean eszeptizismo puntu bat egon daitekeela. Baina, agintari guztientzat gizarte zibikoki sendo bat izatea opari bat da, agintaritza modu konpartitu batean ulertzen bada, behintzat. Kontua da parte hartzerako elementuak boteregune nagusitik urrun izaten direla; esaterako, jaien kudeaketan. Beraz, espazioak konkistatu behar dira, eta ez mugatu gure rola entzule aktibo edo kritiko izatera. Matxinada zibiko bat egin dezagun, zentzu onenean, gizarte gisa legitimatzeko.

«Instituzioen eta herritarren arteko konfiantza behar da. Hori da populismoari ezarri ahal diogun dikea»

Eta nola egin daiteke hori?

Gakoa da nork egin ote dezakeen lotura lana. Errazena da gizarte gisa dugun rola lotzea pankarta baten atzean jartzearekin. Erreibindikazioa ezinbestekoa da demokraziaren kalitaterako, baina uste dut ez dela nahikoa. Oso garrantzitsua da mugarriak jartzeko, baina erabakiguneak eta proposamenak egiteko espazioak aktiboki eraikitzea ez dugu hain artikulatua. Nolabait, oraindik instalatuta gaude tribuetan. Uko egiten diot horri. Militantzia politikoa beharrezkoa da, baina herritarren gehiengoak ez du alderdietan militatzen, eta badu pultsio politiko bat.

Azken urteetan herri ituna kontzeptua errepikatu da sarri; azkenaldian, Osakidetzari lotua. Baina, benetako herri itun bat osatzeko, instituzioetatik harago ere egin behar da?

Herritarrok irizpideak ezartzeko uste baino gaitasun handiagoa dugu, baina espazioa irekita soilik landu daiteke. Artikulatu egin behar da. Potentzia zibiko eta herritar hori ez baliatzea xahuketa demokratiko bat iruditzen zait. Ez da zertan lan asanbleario bat izan behar, izan daiteke zentsitarioa; esaterako, adituei hitza emanda. Zero absolutuaren eta demokrazia asanbleario baten artean bada tartea.

Lehen urrats bat izan behar da herritarrek instituzioekiko konfiantza berreskuratzea?

Mesfidantza da harreman demokratiko osasuntsu baten amiantoa. Agintarien eta herritarren arteko harremanetan txertatzen bada, ezinezkoa da adostasunak lortzea. Baina, bizitzan bezala, konfiantza ez da besterik gabe eratzen, landu egin behar da: denbora eskainiz, adostasun faltatik elkarguneak topatuz, zintzotasunez arituz... Konfiantza hauteskundetik hauteskunderako trantsizioarekin lotzen da, baina hori ikuspegi murriztaile bat da. Instituzioen eta herritarren arteko konfiantza behar da. Hori da populismoari ezarri ahal diogun dikea.

«Etikaz ari garela, biziberritu eta konfiantza berreskuratu nahi bada, pauso asko daude egiteke»

Beste kontzeptu bat da biziberritze demokratikoa. Hitzaldian, salatu zenuen alderdien arteko liskarrekin lotzen dela hura, baina halako zerbaitek aldaketa gehiago eskatzen dituela.

Biziberritze demokratikoa ordezkari politikoen arteko gizatasuna berreskuratzera mugatzea oso gutxi aurreratzea iruditzen zait, berdin gizarte bezala kutsatzen gaituzten fake news-ak eta halako elementuak ezabatzea ere. Benetako eraberritze bat litzateke, esaterako, boterearekiko kontrapisuak izatea. Esaterako, erabaki da Espainiako Bankuko gobernadore kargua, kontrapisu elementu garrantzitsua dena, Escriva ministroak hartzea. Erabaki politikoa da, formalki demokratikoa, baina badu zentzurik kontrapisu izan behar duten instituzioak boterean dauden alderdietako kideek kolonizatuta egoteak? Hori da formalki baldintza demokratikoak betetzea, baina de facto ez egitea. Hori landu behar da, eta ez hainbeste elkar iseka egin. Ez diezagutela saldu biziberritze demokratikoa jarduteko modu egoki bat soilik denik.

Imanol Pradales lehendakariak itun etikoa aurkeztu aurretik, halako akordio bat erretorika hutsean geratzearen arriskuez aritu zinen. 

Iniziatiba errespetatzen dut, eta ez diot hutsala denik. Baina, jarrera egoki bat izatea politikarako kode etiko batekin identifikatzea... Ez dut uste itun etiko baten parte izan behar litzatekeenik, politikan sartzen den edonork bere gain hartu beharko lukeelako desadostasunak sanoki adieraztea. Beraz, uste dut anbizio gehiago behar dela. Politikaren eta administrazio publikoaren misio etikoa jarrera zibiko batetik harago doa. Bestelako balio eta faktore batzuk kontuan hartu behar dira. Gobernu irekiaz edo gardentasunaz hitz egiten denean, zertaz ari gara? Nola ulertu gobernu baten diskrezio tekniko eta politikoa ez dagoela lehian herritarrei informazio garrantzitsuak ematearekin? AHTaren lotunearen ingurukoa, esaterako. Gustatuko litzaidake herritarrei gaiaz garden hitz egitea. Ez naiz inozente bat, badakit diskrezio espazioak egon behar direla, baina, etikaz ari garela, demokratikoki biziberritu eta konfiantza berreskuratu nahi bada, pauso asko daude egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.