Palestinaren aldeko deiadarra, Hego Euskal Herriko suhiltzaile etxe guztietan

Israelen «genozidioa gelditzeko» eta erakundeei «konpromisoa» eskatzeko mobilizazioak egin dituzte, LAB, ELA, CNT, UGT eta CCOO sindikatuek deituta.

Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko ekainaren 29a
15:51
Entzun

Hego Euskal Herriko suhiltzaile etxe guztiek elkartasuna agertu diote gaur eguerdian Palestinari, eta Israelen «genozidioa gelditzeko» eskatu dute. LAB, ELA, CNT, UGT eta CCOO sindikatuek deituta egin dute protesta. Suhiltzaile etxeetan, Palestinako banderak eta pankartak zabaldu dituzte, eta erakundeei eskatu diete Palestinaren aldeko jarrera agertzeko.

Sindikatuek atzoko mobilizaziorako egin zuten deialdian nabarmendu zutenez, «ez da beste alde batera begiratzeko garaia», eta beharrezkoa da Palestinaren aldeko «konpromisoari» eustea. Horregatik, erakunde publikoei eskatu diete engaia daitezela «Palestinan guztiz ukatuak dituzten giza eskubideen aldeko defentsan».

Israelek iazko urrian hasi zuen erasoaldia, eta, ordutik, 35.000 palestinar baino gehiago hil ditu —horien erdiak haurrak—, eta 79.000 lagun baino gehiago zauritu.

Donostiako suhiltzaileak, gaur eguerdian, Palestinari elkartasuna agertzeko mobilizazioan. BERRIA

Debekuak eta salbuespenak

Palestinaren aldeko mobilizazioak Hego Euskal Herriko suhiltzaile etxe guztietara zabaldu dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoko suhiltzaileen arduradunei agindu ondotik ken zezatela eraikinean jarria zuten Palestinako bandera. Joan den maiatzaren 24an jaso zuten agindua. Suhiltzaileek Eider Mendoza diputatu nagusiarengana jo zuten, ikur horiek berriro jartzeko baimen eske, baina, sindikatuen arabera, hark ez zien erantzun, eta suhiltzaileen zerbitzuko zuzendariari utzi zion egiteko hori.

Erantzuna ezezkoa izan zen, eta, hori argudiatzeko, aldundiak 2016ko abenduaren 20an onartutako arautegia eman zuen arrazoitzat. Arautegi horren arabera, horma irudiak, iragarkiak eta bestelako elementu grafiko, informaziozko eta komunikaziozkoak debekaturik daude aldundiaren eraikinetan eta lantokietan. Hala ere, arautegi horretan bertan jasotzen da badagoela salbuespena egiteko aukera, foru diputatuak horretarako baimena emanez gero.

Sindikatuek uste dute arautegi hori onartu zela «informazio eskubidea murrizteko» helburuz, eta gogorarazi dute beste batzuetan salbuespena egin dela; adibidez, Ukrainako gerraren harira: «Ukrainako bandera ikusi izan dugu aldundiko eraikinetan. Badirudi diputatua prest egon zela horretan salbuespena egiteko; ez, ordea, Palestinako genozidioarekin».

Getxoko suhiltzaileak
Getxoko suhiltzaile etxeko mobilizazioa. BERRIA
Iurretako suhiltzaileak
Iurretako suhiltzaile etxeko protesta. BERRIA
Bilboko suhiltzaileak
Bilboko suhiltzaileak, Palestinari elkartasuna agertzeko elkarretaratzean. BERRIA
Oronozko suhiltzaileak
Oronozko suhiltzaile etxeko mobilizazioa. BERRIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.