EH Bilduk duela bi aste proposatu zien EAJri eta PSE-EEri Eusko Jaurlaritzaren eta hiru aldundien 2025eko aurrekontuak modu bateratuan diseinatu eta eztabaidatzea. Baina biek uko egin diote oposizioko alderdi nagusiaren eskaintza horri, Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko oposizioburuak adierazi duenez: «Elkarrizketarako eskaintza bat egin dugu, eta oraingoz ez da posible izan halakorik martxan jartzea».
Otxandianok adierazi du okerreko hautua dela eztabaidari ateak ixtea, eta azpimarratu EH Bilduk «inoiz» ez lukeela halakorik egingo: «Inori ez genioke elkarrizketarik ukatuko». Eta nabarmendu du Nafarroan «aspalditik» ari direla gobernuarekin aurrekontuen inguruan eztabaidatzen. «Diferentzia nabarmena dago gobernuko alderdien arteko jokabidean, oso ezberdina da», esan du EH Bilduren bozeramaileak. «Baina hemen ez da posible».
Eusko Jaurlaritzak bihar aurkeztuko du bere aurrekontu proiektua, hain zuzen ere. Eta ondoren etorriko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundienak. Jeltzaleek eta sozialistek gehiengoa dute Eusko Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta ez dute arazorik izango proiektua onartzeko. Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, ordea, oposizioaren babesa behar dute.
Bada, Otxandianok ohar bat bidali die Ramiro Gonzalez eta Eider Mendoza buru dituzten gobernuei: «Oposizioaren babesa behar badute, landu egin behar dute. Eta oso zentzuzkoa da aurrekontuak aurkeztu aurretik elkarrizketak izatea, baita gobernuko alderdien eta oposizioaren artean negoziazioak izatea ere».
Otxandianok jakinarazi du bilerak egin dituztela egunotan hiru diputatu nagusiekin, eta azaldu du EH Bilduk herrialde bakoitzaren ezaugarrietara egokitu duela bere proposamena. «Kuantifikatu» ere egin duela azaldu du, horri buruz zehaztasunik eman ez badu ere. Ikusteko dago, ordea, hartu-eman horien emaitza aurrekontu proiektuetan islatuko den.
«Anomalia positibo bat»
Eusko Legebiltzarreko oposizioburuak adierazi du koalizio subiranistaren proposamenak «zentzu onari» erantzuten diola, testuinguruak eta unean uneko egoera politikoak eskatzen baitute «jauziak» egitea: «Uste dugu inportantea dela egonkortasun instituzionala izatea gure herrian, eraldaketa posible egiteko». Horretarako uste du ezinbestekoa dela ezberdinen arteko akordioak jostea. «Gure proposamena politika konbentzionaletik aldentzen dela? Ba, seguru asko bai, baina testuinguru honetan behartuta gaude konbentzionaltasunetik ateratzera».
Horiek horrela, EH Bilduren jarrera nabarmendu du, oposizioan egonik borondatea agertu duelako ados jartzeko: «Uste dut anomalia positibo bat ere bagarela». Eta berretsi du koalizio subiranistak parte hartuko duela datozen asteetan aurrekontuen inguruan egingo diren bilera guztietan, helburu izanda gobernuei «egonkortasun eraldatzaile bat» eskaintzea: «Gu saio guztietan egongo gara, eta denetan izango dugu jarrera eta ikuspegi bera. Uste dugu aurrekontu guztiek izan behar dutela herri ikuspegia, eta guztietan islatu behar direla lehentasunak, modu koherentean. Ikuspegi hori izango dugu aurrekontuen eztabaida guztietan».