Ikuspegiko zuzendaria

Julia Xerxneva Zastavnaia: «Oso garrantzitsua da ijitoen kontrako diskriminazioa mahai gainean jartzea»

Bi hamarkadaz lan egin ondotik, aitzina begira dago Ikuspegi. Ekainean egin zuten urteurren ekitaldia Bilboko Bizkaia Aretoan.

Julia Xerxneva, Ikuspegiko zuzendaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julia Xerxneva, Ikuspegiko zuzendaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xalbat Alzugaray
Leioa
2024ko uztailaren 4a
05:00
Entzun

Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak, 20. urteurrena bete du. Immigrazioa ikuskatzeaz gain, gizarteko kolektibo desberdinek jasaten dituzten diskriminazioen pertzepzioa neurtzen du Julia Xerxneva Zastavnaiak (Leioa, Bizkaia, 1987) zuzentzen duen irakasle eta ikerlari taldeak. Azken urte hauetako errepasoa egin ondotik, Xerxnevak adierazi du oraindik «lan handia» dutela hainbat diskriminazio bistaratzeko.

Ikuspegik hogei urte bete dituen honetan, zer balorazio egiten duzu bere ibilbideaz?

Oso urte emankorrak izan dira, beren gorabeherekin. Lan intentsoa izan da, eta lan asko izan dugu beti. Hasieratik, gure helburua izan da Euskadin migrazio fenomenoa aztertzea, baloratzea eta monitorizatzea. Horretarako estatistika datuak ikerketa ofizialekin batera lantzen ditugu. Gure ikerketa propioak ere egiten ditugu: gu unibertsitatea gara. Oso garrantzitsua izan da Ikuspegiren bidean diagnostiko onak proposatzea, jakiteko gizartean zer gertatzen ari den.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) immigrazioa ikuskatzen duzue. Nola eboluzionatu dute azken urte hauetan immigranteen etorrera?

Hogei urte hauetan oso bilakaera interesgarria izan da. Aldi ezberdinak bereizi ditugu. Hasieran, duela hogei urte, immigrazio gutxi zegoen. Hain zuzen, 2003an, atzerrian jaiotako pertsonak %3,2 ziren erroldan. Suspertze ekonomikoarekin batera, portzentajea igo zen, 2008ko krisi ekonomikora arte. Ondotik, ehunekoa asko jaitsi zen, 2013an eta 2014an tasa negatiboa eduki arte, pertsonak joaten hasi zirelako garai hartan. 2015ean, hobekuntza ekonomikoa nabaritu zen, eta etorreren portzentajea igotzen hasi zen berriro. COVID-19aren pandemia ailegatu zenean, aldiz, guztiz gelditu zen dena. 2020an eta 2021ean oso jende gutxi etorri zen, eta, orain, COVID-19 ondoko fasean gaude, non portzentajeak berriz gora egin duen, %14,2ra iritsi arte.

Zer motatako diskriminazioak jasaten dituzte migratzaileek?

Gehiena hitzezko bortizkeria da: begirada txarrak eta irainak, adibidez. Lan eremuan diskriminazio handia dago, batez ere norbait kontratatzeko garaian. Zaintza zerbitzuetan, adibidez, Latinoamerikako jendea da nagusiki lanean ari dena; baina magrebtarrak, aldiz, ez, adibidez. Lan elkarrizketak egitean, oso begi bistakoa da jendea ez dutela kontratatzen beloa duelako, esate baterako. Pertsona hauekin harremana izatea saihestu nahi da gizartean. Ez da bakarrik pertsona bakoitzari leporaturiko arrazakeria edo xenofobia, baizik eta sistema orokorrari lotutako arazoa.

Krisi ekonomikoa edo politikoa gogorra delarik, diskriminazioaren pertzepzioa geroz eta txarragoa da, eta tolerantzia indizea jaitsiz doa? Eta alderantziz?

Bai, lotuta dago testuinguru sozioekonomikoarekin. Krisialdi bat badago, guztiz aldatzen da pertzepzioa. Orokorrean, gertaerekin lotuta dago. Agenda mediatikoan zerbait badago bueltaka, horrek asko eragiten du. Adibidez, Ukrainako inbasio garaian asko igo zen, eta gero berriz itzuli zen bere ohiko kopuruetara. Halere, garrantzitsuena da joera orokorra kontuan hartzea. Ez dugu begiratu behar ea puntualki igotzen edo jaisten den, orokorki baloratu behar da eboluzioa.

Etxebizitzaren krisi betean gaudenez, nork du zailtasunik handien etxebizitza baten lortzeko? Zergatik?

Gizarteari galdetzen diogu ea arlo horretan diskriminaziorik antzeman duen. Egiturazko krisia da etxebizitzarena. Gazteek arazo handiak dituzte etxebizitza lortzeko. Migratzaileei, berriz, askotan galdetzen dizkiete diru sarrera handiak, asegurua eta abar. Ez diete esaten ez dietela etxebizitza alokatuko, baina zeharka gauzatzen da diskriminazioa. Adibidez, baldintza oso zorrotzak ematen dituzte diru sarrera handiak galdetuz. Bestalde, etxebizitza bisitatzeko eguna heltzen denean eta ikusten dutenenean nor agertzen den, ezezkoa ematen diete atzerritarrei. Legez ezin da diskriminatu, baina zeharkako diskriminazioa asko praktikatzen da.

Deigarria da 2022ko Neurtu txostenean ikustea ijitoen kontrako diskriminazio pertzepzioa ez dela jaitsi; kontrakoa, emaitzarik txarrenak lortu ditu, tolerantzia eta inklusibotasunik txikienak adierazten baitituzte...

Oso gogorrak dira emaitzak. Gainera, izozmendiaren ageriko alderdia baizik ez digu erakusten txosten horrek. Oso garrantzitsua da ijitoen kontrako diskriminazioa mahai gainean jartzea. Jendeak badaki ijitoen kontrako diskriminazioa badagoela, baina orain arte ez da neurtu, eta ez da agerian eman. Beste kolektiboekin konparatuta, ikusten da nola aldaketa nabaritzen den. Inkestetan, jendeak aitortzen du kolektibo honekin ez duela kontakturik, eta etxebizitza ijitoei alokatu nahi dien edo ez galdetzen zaiolarik, gehienek ezetz esaten dute, lotsarik gabe.

Gizarteak badaki zer gertatzen ari den, baina ez du arazo gisa ikusten. Gainera, errua haiei botatzen diete nagusiki. Ez da kezkarik honen inguruan: harrigarria da. Orain arte arreta jarri da migratzaileen gainean, gizarte inklusibo baten ideia garatuz, baina inoiz ez dira ijitoak aipatzen. Inor ez zaie hurbiltzen hori neurtzeko, inork ez die kasurik egiten. Arlo guztietan diskriminatuak dira, gainera: hezkuntzan, lanean, eta abarretan. Diskriminazio horren erroak oso finkatuak dira, diskriminazio historikoa da, eta orain duten egoera, horren ondorioa da.

Erakundeek ere diskriminatzen dute? Adibidez, ba al dago arrazakeria instituzionalik? Egiturazko arazoetariko bat da arrazakeria?

Begira, migrazioarekin garbiki ikus daiteke Europako Migrazio eta Asilo Ituna oso murriztailea dela, mugen kontrolen azkartzean arreta ematen eta kanporaketen erraztean. Nolabait, eskuin muturreko diskurtsoak espazioa irabazten du agenda politikoan. Erabakiak hartzeko orduan ikus daiteke diskurtso hori hor dagoela. Adibidez, Europan, Ukrainako errefuxiatuen aldeko harrera eta jarrera oso onak izan dira. Kanarietako mugan ere bazegoen jendea, baina haiei ez zaie harrera bera egiten. Horren atzean arrazakeriaz beteriko sistema orokor batek presio egiten du, dudarik gabe. Estatuko [Espainia] Atzerritarren Legeak berez ezberdintasun asko sortzen ditu, jendearen nazionalitatearen arabera erraztasun jakin batzuk ematen dituelako.

Ikuspegitik nola ikusten duzue aldaketarako joera? Nondik etor daiteke hau konpontzeko bidea?

Diskriminazioen kontrako benetako apustua egitea nahi genuke. Horrek markatuko du ekintza eta politika guztien ibilbidea. Ezin dugu ahaztu erakundeen rola oso garrantzitsua dela orain arte egindakoa ez suntsitzeko. Hogei urte hauetan izan diren aurrerapen asko oso erraz apurtu daitezke eskuin muturreko marko batek irabazten balu. Baina esango nuke batez ere gizarte gisa erronka handia dugula. Diskriminazioen desagertzea gizartearen esku dago. Erakundeek eman dezakete oinarri bat, baina beste guztia gizarteak eraikitzen du. Horretarako jarri behar dugu gizartea ispilu baten aurrean, diren arazoak agerian emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.