Ipar Euskal Herriko osasun sail pribatuko langileek greba eten dute

Iaz negoziaturiko soldata emendatzea ehortzi izana salatu dute gaurko mobilizazio egunean. Langileen ordezkariak suprefeturan batzartu dira, eta osasun ministroaren gutun bat eskuratu dute.

Osasun pribatuko langileak
Osasun pribatuko langile grebalariak, goizean, Baionako suprefetura aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko ekainaren 18a
13:00
Entzun

Gutitan lortzen duten mobilizazioa lortu dute osasun pribatuko sindikatuek gaur, Baionako suprefetura aitzinean. CFDT eta UNSA sindikatuetako osasun sailekoek greba mugagaberako deia zabaldua zuten astelehen arratsetik. Iaz negoziatu eta adostua zen lan hitzarmeneko 33. emendakina ehorztea salatu dute. Saileko langileen lansarien emendatzea arautzen duen atala da. Negoziatu emendatzea ez zaie ordaindu langileei, eta, gainera, salatu dutenez, ospitale pribatuetako enpresaburuek Frantziako Osasun Ministerioarekin azpiz tratua egin dute, eta adostu osasun enpresa pribatuei eta mediku liberalei eman laguntza publikoaren handitzea, emendatze hori ez ordaintzearen truke.

Mobilizazio jendetsua egin dute Ipar Euskal Herriko klinika, zahar etxe eta termalismo enpresa pribatuetako langileek, astearte goiz honetan. Arratsalderako Frantziako Osasun ministroaren gutuna eskuratu dute. Gutunaren arabera, estatuak saileko enpresekin negoziatu diru zatitik ordaindu behar dizkiete enpelgatzaileek langileei soldata emendatzeak. Zehazki, lansarien %20 enpresek berek, eta beste %80ak estatuak berak. Ondorioz, grebalariek greba etetea erabaki dute, jakinez deialdiak urte osorako balio duela, abenduaren 31 arte. Sekula enpresaburuekin hasiko diren solasetan langileek ikusten badute gauzak ez direla bide onetik joaten, ez dute baztertzen berriz greban sartzea. Orain enpresa bakoitzean hasiko dira negoziazioak.

Azpiz egin tratua

Baionako Delay, Belharra, eta Caradoc kliniketako langileak, Donibane Lohizune eta Miarritzeko Agilera klinikakoak, Kanboko ur onen etxeetakoak eta Marienea arta etxekoak hor zeuden astearte goiz honetako mobilizazioan, Baionako suprefetura aitzinean. Osasun pribatuko hirurehun bat langile greban eta mobilizaturik, «estatu eskandalutzat» daukaten azpizko tratua salatzeko.

Ramuntxo Bidart Belharra klinikan erizain da, larrialdien zerbitzuan. Oroitarazi du iaz, martxoaren 15ean, osasun pribatuko sailean nagusi diren CFDT eta UNSA sindikatuek 33, emendakin berria adostu eta izenpetu zutela enpresen buruzagiekin —FHP Ospitale Pribatuen Federazioa eta Synerpa—. Alorreko erizain, erizain laguntzaile, zaintzaile eta zerbitzu orotako langileen lansarien emendatzeko akordioa izan zen. 2023ko «urte bukaera arte bazuten akordioa plantan ezartzeko. Zuten beranta guzia abenduan pagatu behar zuten». Eta ez bazuten egina, 2024ko urtarriletik goiti pagatu behar zuten dena, beranteko sariak barne.

«Esperantza handia genuen denek, zeren eta zinez soldata apalak baitira», aitortu du Bidartek. Osasun egitura pribatu horietan garbiketa lanetan ari diren langileak «gutieneko soldataren petik ordainduak dira». Erizain laguntzaileek «25 urtez lan egin behar dute gutieneko soldata gainditzeko», eta «erizain bat hasten delarik, gutieneko soldata baino berrogei euro garbi gehiago hunkitzen ditu doi-doia» hilabetean. 33. emendakina, gainera, aspaldiko lorpena zen, ezen ez zen gehiago urteko prima bat, baizik eta prezioen garestitzeari so egindako soldaten balio handitze ttipi bat. Erran behar da, bestalde, zaintza eta arta lan arlo horretan nagusiki emazteak direla lanean ari, Baionako mobilizazioan bistakoa zen bezala.

2024. urte hastapenean Frantziako Osasun Ministerioak iragarri zuen sail publikoko arten kuotak emendatuko zituela, ospitaleen sartzeak azkartzeko. Sail pribatuko enpresaburuek gauza bera lortu nahi izan zuten, eta langile sindikatuek «greba faltsua» deitu duten mobilizazio mehatxua egin zuten. «Azkenean, ministroarekin akordio bat izenpetu dute gordeka», deitoratu du Bidartek. Akordio horretan arten saria emendatu zaie ospitale pribatuei, eta mediku liberalek ere «prima» batzuk ukan dituzte, «baina, azpiz, 33. emendakina ez zela egingarri erran dute. Alta, hastapeneko akordioan ministroak erran zuen bazutela diru zati bat horretarako. Baina diru hori, iduriz, desagertu da», salatu du Bidartek. Oinarrizko langileak, ondorioz, «aitzineko soldatarekin gelditzen» dira.

Grebarekin, langileek espero dute iazko hitzarmena errespetaraztea eta buruzagiek horren medioz eman hitza betetzea. Enpresaz enpresa ikusi beharko da zer emanen duten solasek.

Gaur eguerdian suprefeturako eta ARS eskualdeko osasun administrazioko ordezkariekin batzartu dira langile ordezkariak, suprefeturan.

Greba eskubidea jokoan

Beste kexu bat adierazi dute osasun saileko langileek. Sindikatuek greba mugagaberako deia egin ondoren, enpresetako nagusiek errekisizioa aplikatu dute. Baina, langileen ustez, urrunegi joan dira greba trabatzeko asmoarekin, eta langile sindikatuek auzitegi administratibora jo dute.

«Iduritzen zaigu behar zuten baino gehiagoko errekisiozioa egin dutela», erran du Bidartek. Hots, zerbitzuen bermatzeko behar zen langile andana baino gehiago behartu dituzte lan egitera, gerbarik ez zezaten egin. «Greba egin nahi zuten anitz han dira lanean; horiendako ere hor gara».

Pribatuan langile batek aski du laurden bat lehenago erratea greban hasiko dela; ondorioz, langile sindikatuek uste dute nahitarat jende gehiago errekisizionatu dituztela zuzendaritzek: «Zerbitzu batzuetan usaian baino jende gehiago bada». Horretarako, iragan asteburuan, poliziak eta jendarmeak 150 osasun langileren etxeetarat joan dira errekisizio manua ekartzera, sindikatuen arabera. Gehiegikeria izan denetz aztertzeko, administrazio auzitegian ezarri zuten afera, eta bihar goizeko jakin behar lukete auzitegiaren erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.