Pradalesek elkarlanean aritzera deitu du, «herri erronkei ezin zaielako indibidualki erantzun»

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur abiatu du bilera sorta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin hasita.

Pradales, Etxanoberekin —ezkerrean— Gonzalezekin eta Mendozarekin —eskuinean—. L. RICO / EFE
Pradales, Etxanoberekin —ezkerrean— Gonzalezekin eta Mendozarekin —eskuinean—. L. RICO / EFE
2024ko uztailaren 1a
18:30
Entzun

«Herritarrek erakundeak gertu sentitzea» herri erronka gisa definitu du gaur Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin egin duen bileraren ostean. Gaur ekin dio eragileekin egitekoa den bilera sortari. «Elkarlanean aritzea» adostu dute, datozen erronkei aurre egiteko. «Ongizate berria jorratzeko ezinbestekoa da udalen, aldundien eta Jaurlaritzaren arteko elkarlana jorratzea», esan du Pradalesek, bileraren ostean egin duen agerraldian.

Proiektu jakinez bainoago asmoez hitz egin du, ezkutatu gabe herritarrak erakundeetatik eta politikatik urrundu direla. Azaldu dituen bost erronketatik hiru ildo horrekin lotuta daude: belaunaldien arteko harremanak estutzea; demokrazia eta sentimendu komunitarioa indartzea, eta erakundeak gertu sentitzea. Beste bi erronka hauek ere aipatu ditu: industria ituna berritzea eta euskararen biziberritzea.

Adierazi du erronka horiek ezin direla «indibidualki» jorratu. «Batasunak eta talde lanak egiten gaitu indartsu». Erakundeen eta gizartearen arteko gerturatze horri erreparatuta, zera gehitu du: «Itun soziala berrituko dugu euskal gizartearekin». Horretarako ezinbesteko jo du «gizartearekin konektatuta» egotea, «herritarrengandik gertu, kalean egonez eta gertutasun hori ekintzekin erakutsiz. Ilusioa zabaldu behar dugu».

«Herritarrengandik gertu egon behar dugu, kalean egonez eta gertutasun hori ekintzekin erakutsiz»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Esker onez mintzatu da lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Elixabete Etxanobe Bizkaikoak eta Ramiro Gonzalez Arabakoak elkarlanerako jarrera erakutsi diotelako.

Aurrekontu handiagoa

Aktualitateari lotutako beste hainbat gai ere izan ditu hizpide. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua izan du hizpide, aldundien zerga bilketa aipatuta. Ezer aurreratzeko goizegi dela esan arren, aurrekontu handiagoa eskatu du Jaurlaritzarentzat, «gizartearen eskaerak gorantz doazelako». Dena den, esan du hori aldundiekin adostu beharko dela. Uztailean Jaurlaritzaren aurrekontuen lehen gidalerroak finkatzeko asmoa du.

Urdaibai-Guggenheim egitasmoa ere izan dute hizpide, gobernu programan jasota baitago. Berretsi du EAJk PSE-EErekin batera jorratu duen gobernu akordioan jasota dagoela proiektua, eta aurrera egingo dutela: «Jaurlaritzak proiektu hori garatuko du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera».

Espainiako Auzitegi Gorenak Carles Puigdemont atxilotzeko aginduari eustea ere izan du hizpide. Uste du «judizializazio» horrek ez diola mesederik egiten politikari. «Amnistiaren legearen izpirituarekin aurrera egitea izango litzateke komenigarriena, bizikidetzan eta despenalizazioan pausoak emanez». Gogoratu du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren eta Espainiako fiskalburuaren aurka egin duela Gorenak.

Bilera sortarekin segituko du datorren astean. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin elkartuko da, txikienetik hasita: Vox izango da lehena. Asmoa du sindikatuekin eta gainerako gizarte eragileekin ere biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.