Nerabeak euskaran «eragile» izateko

Euskararen biziberritzean aurrera segitze aldera, soziolinguistikako oinarrizko kontzeptu batzuk ulertzea, horiek barneratzen laguntzea, hezkuntzaren xedeetako bat da. Nerabeengana heltzeko moduak aztertu dituzte UEUren ikastaro batean, Eibarren.

Ainhoa Lasa, Iñaki Eizmendi, Rosa Ramos, Yolanda Olasagarre, Maier Ugartemendia eta Inma Muñoa, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Lasa, Iñaki Eizmendi, Rosa Ramos, Yolanda Olasagarre, Maier Ugartemendia eta Inma Muñoa, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko uztailaren 4a
20:00
Entzun

Iragan hamarraldietan ahalegin handia egin da eskoletako jarduna euskalduntzeko, lorpen bat izan da hori. Hizkuntzaren ezagutzaz gain beharrezkoa da, ordea, hiztunek gakoak izatea beren burua ulertzeko: beren hizkuntza hautuak, horien zergatiak, eta ingurukoenak. Hezkuntza soziolinguistikoa: esperientzien partekatzea eta aurrera begirakoa ikastaroa egin dute gaur UEUren Udako Ikastaroetan, Eibarren (Gipuzkoa) gaiaz aritzeko. Bertan, bereziki, nerabeekin egiten ari diren hainbat esperientzia aztertu dituzte. Asko aipatu dute ideia bat: «eragile» izateko bidea ireki behar zaie nerabeei.

Arloan lanean ari diren taldeak asko dira. Jori jardun dute horietako eragileek. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea egiten ari den esperientzia aurkeztu du Maier Ugartemendiak; Emunek hainbat eskolatako jardunean ikasitakoen berri eman du Ainhoa Lasak; Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) bigarren hezkuntzako ikasleen artean jorratutako lan ildoen jakinarazpena egin du Ebete hizkuntza zerbitzuetako Iñaki Eizmendik; Nafarroan irakasleen prestakuntzan egindako urratsen berri eman dute Rosa Ramos Alfarok eta Yolanda Olasagarrek; eta Ikastolen Elkarteak bidean egindako lanaren gakoak eman ditu Inma Muñoak.

Denek nabarmendu dute nerabeei emandako hitzaldiak, bere soilean, hitz hutsak izan daitezkeela haientzat. Haizeak daramatza. UEMAk propio Hedatu programa du martxan hezkuntza soziolinguistikoaren lanketarako, eta argi dute hori. Eremu euskaldunenetan «inertziaz» daude askotan gazteak ere euskararen alde, benetako ezagutzarik eta gogoetarik gabe. Adibide bat jarri du Ugartemendiak: «Arnasguneetako ikasle askok ez dakite arnasguneak zer diren, zergatik diren garrantzitsuak». Hor eragiteko ahaleginetan ari dira. 

«Arnasguneetako ikasle askok ez dakite arnasguneak zer diren, zergatik diren garrantzitsuak».

MAIER UGARTEMENDIA Uema

Aldaketak eragite aldera, «hezkuntza komunitate osoa» hartu behar da aintzat. «Eta baliabideak eta aukerak sortu behar dira komunitate osoarentzat». Irakasleen lana ezinbestekoa dela gogoratu du Ugartemendiak: irakasle «kontzientziatu eta sentsibilizatuek» berebiziko ekarpena egiten dute. «Tokiko planak» egitea ere garrantzitsua da: «Ez da gauza bera Berastegin eragitea edo Hondarribian eragitea».

Toki «seguruak»

EMUNek ibilbide luzea du lan mundua euskalduntzeko estrategiak lantzen. Azken urteotan ari dira lanean eskoletan ere. Entzute fasea hasi orduko nerabeen artean zer berezitasun antzeman zuten kontatu du Lasak. «Ikusi genuen hizkuntzaren gaia astuna egiten zitzaiela: ‘Badator hau esatera zer egin behar dugun’». Herriz herri «kointzidentziak» badaude. «Orokorrean gizartean dagoen diskurtsoarekin, helduen diskurtsoarekin, bat egiten dute». Beste kontu bat da «erantzukizun sentimendu» hori aski den «ahaleginetara» heltzeko. Baina helduen munduan ere hori usu gertatzen dela gogoratu du, eta elkarren ispilu ere badirela bi munduak. Eta tentuz aztertu behar direla nerabeei zuzenduriko mezuak: «Ahalegina egingo badute, zentzua eduki behar du».

Eskoletara begira egin dituzten tailerrak-eta «moldatzen» joan dira. Etengabe. Betiere, nerabeek «pentsatzen eta sentitzen dutena onartzea» da garrantzitsua Lasarentzat: «Beraiekin hitz eginez ikastea». Beste erronka da haiek ez «epaituak» sentitzea, eta horretarako «espazio seguruak» sortzea. Izan ere, nerabeen artean urrezko araua «besteen berdina» izatea da, eta «espektatibak» horren arabera «doitu» behar dira. Bada beste lan bat ere: «Iruditeria lantzea ere garrantzitsua da. Nor da euskalduna? Nolakoa da?». Eta ondoan egon behar da. «Akonpainamendu lan bat da», eta hor «zauriei» ere erreparatu behar zaiela gogoratu du Lasak. «Eta ari naiz ikasleez, eta irakasleez».

Ikastetxeen jardunean gaia  txertatzea ez da beti erraza. «Zenbait eskolatan kosta egiten zaigu Euskara ikasgaitik ateratzea», onartu du Lasak.

«Iruditeria lantzea ere garrantzitsua da. Nor da euskalduna? Nolakoa da?».

AINHOA LASA Emun

Eizmendik ere argi du. Ez da ezagutza batzuk ematea bakarrik: «ahalduntze» bat lortu behar da. Nerabe guztiengana ezin da era berean joan, eta «egokitu» egin behar dira lanketak. Eta oinarrizko printzipioa gogoratu du: «Ez diegu esan behar zer egingo duten, beraiek izan behar dute eragileak». Eta bakoitzari behar duena ematea da gakoa. «Ezin diegu guztiei berdin lagundu».

Hiru hiztun soslai bereizi ditu Eizmendik. Euskara gertu dutenak. Euskara nahiko gertu dutenak. Euskara nahiko urrun dutenak. Hiru soslai horien artean «konbinazio» pila bat dago, kolore klase asko. «Denentzat balio duten mezuak ez daude». Ugarienak hizkuntza urrun dutenak dira toki askotan, gainera, eta horra ondorioa: «Hizkuntza araua gaztelania da». Bat dator Lasarekin, hor tentuz jokatu behar da: «Ezin ditugu epaitu, lagundu egin behar ditugu».

«Ez diegu esan behar zer egingo duten, beraiek izan behar dute eragileak».

IÑAKI EIZMENDIEbete

Irakasleentzako tresnak

Rosa Ramos Alfaro eta Yolanda Olasagarre Mendinuetak Motibazioa Sustatzeko Baliabideak MSB tresna aurkeztu dute: «ikasleen atxikimendurako» irakasleen trebakuntza lantzeko baliabideak eskaintzen ditu. Webgune batean jasota dituzte hainbat baliabide, eta gero eskoletan ere jarduten dute. «Gazteek ez dute erabili nahi» esaldia sarri akuilu izan dute. Eta erruz ikasi dute bidean. «Igual, gure ikuspegitik, jarraipena da garrantzitsuena: lan trinkoa eta iraunkorra», azaldu du soziolinguistika aplikatuko Uharri zentroko Ramosek. Eta nabarmendu egin du, berriz, kontzeptua: ikastetxeetan era «bateratu eta koherentean» jardun behar dute.

Olasagarreren arabera, bidea ez da erraza. «Erresistentziak» badituzte usu irakasleek. «Irakasleek laguntza behar dute, animoa behar dute». Eta ezinbestean beste alor batzuk sustatzen ere jarraitu behar da. «Ikasleen ahozko komunikazio gaitasuna ezinbestean landu behar da, hori egin gabe hankamotz geratuko gara».

«Gure ikuspegitik, igual, jarraipena da garrantzitsuena: lan trinkoa eta iraunkorra».

ROSA RAMOS Uharri

Ikastolen Elkarteak pertsona eredu baten inguruan ardaztua du bere hezkuntza proiektua, eta hizkuntzaren aldetik ere helburua argia da: ikastoletan hezkuntza aroa amaituta euskal hiztun oso kontzienteak izatea nahi dute, konpetenteak eta koherenteak. Hori lantzeko beren-beregi egin behar da lanketa bat. «Ezagutza soziolinguistikoak lantzea garrantzitsua da, baina ez edonola», azaldu du Muñoak. «Ezagutzek balio behar die beraien ingurua ezagutzeko, eta eragiteko».

Oro har, «ekintzara» bideratutako lanketa bat nahi dute. «Eta ahalik eta errealena eta gertukoena beraiek egunero hartu behar dituzten erabakiekin».

«Ezaguntza soziolinguistikoak lantzea garrantzitsua da, baina ez edonola. Ezagutzak balio behar die beraien ingurua ezagutzeko, eta eragiteko».

INMA MUÑOA Ikastolen Elkartea

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.