Estatuaren biktimen aitortzarako eta erreparaziorako beste urrats bat egin dute gaur, Eusko Legebiltzarrean. Hala aitortu diote legebiltzarkideek txostena jorratu duten adituei. Eskerrak eman dizkiote lantaldeari, egindako lan «zorrotz eta zehatzarengatik». 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legeak sortutako Balorazio Batzordearen urteko txostena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarreko Justizia Sailaren batzordean Juana Balmaseda abokatuak eta Jon Mirena Landa EHUko giza eskubideen eta botere publikoen Unesco katedraren zuzendariak. Beste 93 biktimari eman diete aitortza, baina baliabide faltagatik «geldirik» daudela salatu dute.
Ikusi gehiago
Xabier Barandiaren EAJko legebiltzarkideak «zorionak» eman dizkie egindako lanarengatik. «Demokrazia batean indarkeria eredu horien biktimak egotea onartezina da, eta beharrezkoa da erreparazioa ematea». Babesa agertu die biktimei, eta esan du gertakari haiek ez zutela pasatu izan behar. Adituek salatutako baliabide faltari erantzunez, adierazi du baliabideak jarri beharko direla eta horretarako adostasunak lortu beharko direla ikerketek segitu ahal izateko. «Biktima guztiak berdinak direla badiogu, logika eta printzipio horiek aplikatu behar diren garaian ere aintzat hartu beharko dira aldagai guztiak. Kalte ordainak eta bestelako aitortza motak berdintasunean ematearen alde gaude». Adituek legea berrikusteko egindako beste eskaerari ere baiezkoa eman dio: «Egia jakitea da kontua, eta erreparazioa; horra iristeko araubideak landu egin behar dira».
«Negazionismoaren aroa amaitu da»
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak «ikaragarritzat» jo du adituek egindako lana. «Legea onartu zenean, ez genuen konfiantza handirik aurrera egingo zuenik, baina zuek egindako lanak lortu du EH Bilduk konfiantza izatea egiten duzuen lanean», eta eskerrak eman zizkien. Haren ustez, urtez urte batzorde honek erakusten dituen datuei erreparatuta, agerian geratzen da «negazionismoaren aroa» amaitu dela. Adituei eskertu die estatuaren biktimei egia ezagutzen laguntzea, eta aitortza eta erreparazioa eskaintzea. Ohartarazi du EAErako legeak ikerketa epeak mugatzen dituela, baina Nafarroan sortutakoak ez duela epe mugarik, eta legea berrikusteko eskatu du, baita behar dituzten baliabide eskaerei erantzuteko ere.
Miren Gallastegi PSE-EEko legebiltzarkideak ere eskertu du adituek egindako lana, eta EAJrekin egindako gobernu akordioan balizko lege erreforma bat jasoa dagoela gogorarazi du, baina epeena aztertzekoa dela esan du. Argudiatu du legea egin zutenean beste erakunde batzuen eskumenekin talka ez egitea izan zutela lehentasun.
Santiago Lopez PPko legebiltzarkideak adituei egotzi die ETAren biktimak ez aztertu izana, baina adituek argi adierazi diote gai horiek «beste lehiatila batean» jorratzen direla.