Kazetaria

Irantzu Varela: «Misoginia eta indarkeria arazo oso larria daukagu Interneten»

Bortizkeriek tarte handia hartu dute Irantzu Varelaren memoria liburuan: digitalek, gizonezko bikotekide ohiek eginikoek, loditasunari lotutakoek... Lesbianismoa aldarrikatu du, emakumeekiko erlazioak errazagoak direlakoan.

Irantzu Varela, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irantzu Varela, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko ekainaren 30a
05:05
Entzun

Pozik dago Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feminista (Basauri, Bizkaia, 1974) Lo que quede (Hemen iraungo duena) liburua izaten ari den harrerarekin: aste gutxitan hirugarren edizioa kaleratu du. Hainbat liburu kolektibotan parte hartu duen arren, berarentzat hau da lehena: memoria liburu bat da, pertsonala eta politikoa neurri bertsuan. Literaturak mendekurako balio izan diola esan du: «Zauri gehienak orbainduta egon direnean idatzi dut; ez zait minik geratzen, baina bai amorrua. Mendekuetako bat da naizen pertsona bihurtu izana, eta beste bat, liburu hau idatzi izana».

Liburuko kontakizunetako batzuk oso intimoak dira, eta bortizkeriak presentzia handia du; tarteka, gogorra da irakurtzea. Gordintasun hori bilatu duzu?

Une horiek gordin gogoratzen baititut. Maitasunaz, samurtasunaz, istorio ederrez agian gauza asko isildu ditut, baina indarkeriak hala gertatu ziren: gordin. Eta justu hori oroitu nahi dut, ez dut ahaztu nahi, ez ditut oroitzapenak leundu nahi, eta ez dut nahi inor saiatzerik ni konbentzitzen ez zirela hainbesterako izan. Hala gertatu ziren. Ez nuen gauza gore bat egiteko borondaterik, baina tranpa bat litzateke nire bizipenak leuntzea jendea ez dadin deseroso sentitu.

Gizonezko bikotekide ohi baten tratu txarrak kontatu dituzu: behin ukabila jarri zizula aurpegian, baina harremanak jarraitu zuela. Emakume askoren istorioa da; kanpotik maiz epaitu egiten da, zaila delako ulertzea zergatik ez duten harremana eteten. Zer gertatzen da barruan zaudenean?

Tortura jasan dutenekin lan egindako psikologo batek esan zidan tratu txar emaileek poliziek torturatzean bezala jarduten dutela, baina kasu honetan polizia ona eta polizia maltzurra pertsona bera direla. Hortaz, zu hor harrapatuta zaude, zulo batean sartuta; konbentzitu zaituzte ez duzula ezertarako balio, inork ez zaituela maite izango, eta zurekin dagoen pertsona ekintza on bat egiten ari dela zu maitatzean. Lehen aldiz ukabila altxatzen dizunerako izaki ñimiño bat bihurtu zaitu. Horrelako indarkeria egoera bat bizi izan ez duten emakume gehienek uste dute alde egingo luketela joko balituzte, baina ez da hala; ordurako txikituta egongo lirateke eta bertan geratuko lirateke. Ni geratu nintzen, denak geratzen baikara.

«Indarkeria egoera bat bizi izan ez duten emakume gehienek uste dute alde egingo luketela joko balituzte, baina ez da hala; ordurako txikituta egongo lirateke eta bertan geratuko lirateke»

Eta nola gertatzen da barruko klik hori?

Klik bat baino gehiago, seinale batzuk izan nituen, feminismoarekin zuzenean lotuak, eta ezin izan nuen albo batera begiratu. Akitze bat ere izan zen: ikusten nuen niri ondo ateratzen zitzaizkidan gauzak mehatxu bat zirela beretzat. Lagun bati esan nion: «Edo nire ahalduntze prozesua geldituko dut, edo banatu egingo naiz». Eta ez nuen ahalduntzea gelditu, noski. Ez dut uste formula bat dagoenik; gera nintekeen, hark ni hil arte.

Hil egingo zintuela uste duzu?

Bai. Etxera nire gauzen bila joan nintzenean, nire lagunei esan zien ni bakarrik sar nintekeela. Une hartan jakin nuen ez nuela sartu behar: seguru nago ez nintzela bizirik aterako. Han geratu ziren nire gauzak. Izatez, une arriskutsuetako bat da etxera gauzen bila joateko hori, eta horregatik ez da inoiz bakarrik joan behar. Ezta Ertzaintzari deitu behar ere; niri ez zidaten ezertan lagundu.

Baduzu beste pasarte esanguratsu bat Ertzaintzarekin, etxean jasan zenuen eraso lesbofoboaren harira.

Bai, ez salatzeko konbentzitu nahi izan ninduten bikotekide ohiak etxera sartzea eragotzi zidan egun horretan, eta nire bizilagunak jo ninduen egunean, berriz, errua nirea balitz bezala tratatu ninduten. Dozenaka salaketa jarri ditut, baina salatzeak ez dit ezertarako balio izan. Emakumeen aurkako gorroto delituetan espezializatutako abokatu baten irizpideei jarraikiz, eraman ditut dosierrak, pantaila argazkiak, frogak... Ez du ezertarako balio izan. Justizia ez dago egina emakumeak babesteko, baizik eta gizonak babesteko haiek elkarri egiten diotenaz. Ez daukate inolako trebakuntzarik, baina gogorik ere ez.

Bortizkeria digital handia ere jasan duzu, bai publikoa, sareetan, bai pribatuagoa, bidali dizkizuten zakil argazkietan, zure telefono zenbakia edo helbidea zabaldu dutenean... Jazarpen hori salatu izan duzu, baina ez da askorik aldatu. Zer egin behar da indarkeria horrekin?

Aitortu behar dugu indarkeria egiturazkoa dela, denon aurkakoa: Gutako bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte leloa oso baliagarria da bortizkeria digitalean ere. Baina indarkeria hori ez da soilik digitala: bidea da digitala, baina bortizkeria horrek buru osasunean eragiten du, eta giroa prestatzen du egunen batean zu jipoitu zaitzaten. Eta ez gara ari autodefentsarako estrategia kolektiboak sortzen. Konponbide bakarra ezin da izan telefonoa ez begiratzea edo sareetatik ateratzea; horiek dira oraingo «ez jantzi minigona». Misoginiarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarekin arazo oso larria daukagu Interneten, oso legitimatua, hain justu, gazteak informatzen diren baliabideetan. Eta hor oso ikusgai garenok nekatuta gaude. Baina kontu honek denok interpelatzen gaitu, erakunde publikoak barne; zergatik ez dira ari instituzioak neska gazte guztiei eragiten dien indarkeria digitalaren aurkako defentsa tresnetan inbertitzen?

«Indarkeria ez da soilik digitala: bidea da digitala, baina bortizkeria horrek buru osasunean eragiten du, eta giroa prestatzen du egunen batean zu jipoitu zaitzaten»

Indarkeria birtualaren eta zuzenekoaren arteko muga hori desagertu egin zen Pikara-ren egoitzan zure aurkako pintaketak agertu zirenean. Arriskuan zaudela uste duzu?

Arriskuan nago. Duela urte asko. Giza eskubideen defendatzaileak babesten dituen nazioarteko erakunde bat nirekin harremanetan jarri zen, babes neurri batzuk eskaintzeko. Eta hala, egun neurri batzuk hartzen ditut, eta alarma sistema batzuk dauzkat, gustuko ez izan arren. Nire etxeko buzoian ia astero sartzen dizkidate pornografia lesbikoko filmak... eta gauza asko gertatu dira, ez ditugunak publikoki kontatu edo garaiz geldiarazi ditugunak.

Nola kudeatzen duzu beldurra?

Dagoeneko beldur handirik ere ez dut; zeren beldur izango naiz? Botako nautela? Ez nautela deituko? Konbentzitu baikaituzte asko dugula galtzeko, eta horrekin xantaia egiten digute, baina nik ez daukat galtzekorik. Alde horretatik, oso boteretsu sentitzen naiz.

Pintaketen garaian, bilera bat eskatu zenuen udalarekin. Instituzioek erantzunik edo babesik eman dizute?

Ezertxo ere ez. Zero. Interpelatu genituen, Pikara-ren egoitzara etorri ziren alderdi guztietako ordezkariak... eta ezer ez. Eta gerora ere ez.

Gorputzak eta loditasunak ere presentzia dezentekoa dute liburuan. Badago ahalduntzearen aldeko diskurtso bat, baina, aldi berean, kostatu zaizula zure gorputzean gustura egotea. Nola uztartu bi sentsazio horiek?

Ez dut uste ezagutzen dudanik bere gorputzarekin gustura dagoen emakumerik, eta ni ez naiz salbuespen bat. Baina une batean pentsatzen nuen kondena bat zela, eta orain gai naiz erlatiboki zoriontsu bizitzeko, eta maitatua eta desiratua sentitzeko; prozesu luze bat dago tartean, eta zerikusi handia izan dute lodiaktibistek, feminismoak, irakurtzeak eta inguruan honela maite nauen jendea edukitzeak. Tontakeria bat eman dezake, baina jende batek asko maita zaitzake, eta justu asko maite zaituelako presiona zaitzake gorputza alda dezazun; jende horrekin asko borrokatu behar izan dut.

IRANTZU VARELA
Diozunez, irain gisa, lodi okerragoa da puta baino. Zergatik?

Lodi izateak esan nahi du desiragarri izate aldera ahoa ixteko aukera bat izan duzula eta halere jan egin duzula. Emakume batek nahiago badu bere plazeraz gozatu neska katxarroa izan baino, emakume hori arriskutsua da, eta patriarkatuaren lehen mehatxua da. Puta esaten dizutenean, ez dizute sexu langile deitzen; adierazten dute zure bizi sexuala ez datorrela bat normaltzat hartzen dutenarekin. Puta esaten dizutenean, ez diezu nazkarik ematen, baina lodi esaten dizutenean, bai. Eta min egin nahi dizute, gainera.

«Atzera begiratuta, bizitzan sentitu dudan min oro gizonen baten errua izan da». Maskulinitatea gehiago problematizatu behar da?

Irudi lezake baieztapen hau gehiegizkoa dela, baina gizateriak oraintxe daukan arazo nagusia maskulinitatea dela uste dut. Maskulinitate harrapakaria, estraktiboa, pentsatzen duena guztia edukitzea merezi duela edozein preziotan: gure gorputzak, animalienak... Petrolioaren, zezenketen, autoen, Ukrainaren, Palestinaren eta guztiaren atzean dago maskulinitatea. Ez dut uste emakumeek mundua gobernatuko bagenu ez legokeenik gerrarik, ez; maskulinitateaz ari naiz: norbere esfortzu pertsonalaren bidez nahi den guztia lor daitekeela dioen sinesmen erridikulu horretaz, inoren beharrik ez dutela pentsatzeaz, ez zaintzeaz... Uste dut gizonak zaintzeari utzi behar diogula, eta gizonak entzuteari ere bai. Bost axola zait zer pentsatzen duten. Zer egin behar da maskulinitatearekin? Suntsitu. Eta has daitezela gizonak horretan...

Bikote harremanez diozu: «Emakumeekin ere min ematen du, baina bestelakoa da». Zertan?

Galdetu izan didate ea ez naizen ari lesbianismoa idealizatzen, eta erantzun dut ez dagoela heterosexualitatea baino ezer idealizatuagorik, emakumeen aurkako indarkeria eta zapalkuntzarako eremu nagusia izan arren amets gisara aurkezten digutelako. Halere, emakumeekin ere mingarria da: maitemintzen zara, agian ez dira zutaz maitemintzen, tartean sufritu egiten duzu, eta hor badago lotura afektibo eta erotikoak sortzen dituzuneko samina. Baina ez dago patriarkatuak zeharkatuta: parte batek ez du pentsatzen eskubidea duela nahi duen guztia lortzeko, eta beste parteak ez du uste hautatua izan behar duenik; ez dago zaintzak segurutzat jotzen dituen parte bat, praktika sexualak ez daude parte bakarraren plazerera bideratuta... Patriarkatuak heteroaraua nola zeharkatzen duen ikusita, zail egiten zait pentsatzea harreman heteronormatibo ez-biolentorik egon daitekeenik. 

«Galdetu izan didate ea ez naizen ari lesbianismoa idealizatzen, eta erantzun dut ez dagoela heterosexualitatea baino ezer idealizatuagorik, emakumeen aurkako indarkeria eta zapalkuntzarako eremu nagusia izan arren amets gisara aurkezten digutelako»

Emakumeen artean errazagoa da hitz egitea?

Heteroen inguruko zabor reality-ak ikustea besterik ez dago. Maskulinitatea hauxe da: «Ez dut laguntzarik behar», «Oilarrik handiena neu», «Nahi dudan guztia lor dezaket», «Ez dago hitz egiteko ezer». Halako gizon batekin lotura erotiko edo harreman afektibo bat edukitzea eta horri buruz hitz egiten saiatzea ezinezkoa da. Eta emakumeekin bai, hitz egiten duzu, denbora guztian; besteei entzutean eta haiekiko enpatia garatzean sozializatuta gaudelako, eta emakumeekiko harremanak eraikitzen ditugunean ez dugulako heteroaraua erreproduzitu nahi.

Hala ere, gurasoen eta aitona-amonen harremanen erretratu polita egin duzu liburuan.

Oso gogoan ditut aitita eta amama elkar laztantzen, ahoan muxu ematen, ipurdia ukitzen... Bai, elkar maite zuten, ez zuten inoiz elkar txarto tratatu. Eta nire gurasoek 50 urte bete berri dituzte ezkonduta, elkar desiratzen dute, ondo moldatzen dira eta elkar laguntzen dute; beren garaiaren ondoriozko bikote bat dira, rol jakin batzuekin-eta, baina jende askok nahi luke halako zerbait. Arazoa da pentsarazten digutela hori dela formula bakarra, eta kaka pila bat pairatu behar dugula ondo doan plantak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.