Merezimenduen dekretuari ezezkoa eman dio Euskararen Nafar Kontseiluak

Lan deialdi batzuetan euskara meritu gisa nola puntuatuko den, horixe arautuko du dekretuak. Euskararen Nafar Kontseiluan, kontrako 12 boto, aldeko bakarra (PSNrena) eta sei abstentzio jaso ditu.

Euskararen Nafar Kontseiluaren bilera, atzo. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Euskararen Nafar Kontseiluaren bilera, atzo. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 13a
14:00
Entzun

Bost urte joan dira epaileek Nafarroako Gobernuaren euskararen dekretua kamustu zutenetik. Uxue Barkosen gobernuak 2017an onartu zuen arau hura, eta bertan zehazten zen, besteak beste, administrazioaren lan deialdi publikoetan euskarak izan beharreko pisua. Dekretu hori partzialki baliogabetuta, beste bat «lehenbailehen» onartzeko beharra nabarmendu zuten arduradun politikoek. PSN agintera iritsita, baina, bere gain hartu zuen dekretu berria ontzeko prozesua, eta emaitzak inor gutxi asebete du: euskalgintzak behin baino gehiagotan salatu du «atzerapauso handia» izanen dela, eta arauaren zirriborroak protesta handiak eragin ditu kalean. Talde politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik kritikatu dutenez, lan deialdietan hizkuntzak baloratzeko tenorean dekretu berriak euskara ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren azpitik jarriko du. Nafarroako Gobernuaren barruan ere tentsio handia eragin du merezimenduen dekretuak PSNren eta Geroa Bairen artean. Orain, araua onartzeko tramitazioaren barruan, Euskararen Nafar Kontseilura iritsi da dekretua. Eta hark ere ez du ontzat jo: arauak aldeko boto bakarra jaso zuen atzoko batzarrean (PSNrena), sei abstentzio, eta kontrako 12 boto.

Kontseiluaren kontrako jarrerak, ordea, ez ditu aldaraziko Maria Txibiteren gobernuaren asmoak. Izan ere, nahiz eta administrazioak aintzat hartu ohi dituen Euskararen Nafar Kontseiluaren aholkuak, organo horrek emaniko irizpenak ez dira lotesleak. Are: hau ez da Euskararen Nafar Kontseiluak merezimenduen dekretuari ezezkoa eman dion lehen aldia: zirriborroaren aurka azaldu zen 2022an ere, eta Nafarroako Gobernuak ez zuen irizpen hori aintzat hartu.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eman dute atzoko saioaren berri, ohar bidez. Dekretuaren edukia eta Nafarroako Gobernuaren azken urteetako hizkuntza politika kritikatzeaz gain, bi erakundeek salatu dute Funtzio Publikoko Departamentuak «gutxietsi» egiten dituela bai Nafarroako euskaldunak, bai Euskararen Nafar Kontseiluko kideak ere: «Atzoko batzarrean, Funtzio Publikoko zuzendariak ez zien erantzun eragileek euskaraz egindako galderei, ez zelako aldibereko interpretaziora konektatu». Kontseiluaren eta Behatokiaren irudiko, horrek erakusten du Funtzio Publikoko Departamentuak eta Nafarroako Gobernuko beste organo batzuek «euskararen inguruko aditu eta eragileekiko duten interes txikia eta gutxiespena».

Merezimenduen dekretuari dagokionez, Kontseiluak eta Behatokiak esan dute arau berri horrek «hustu» eginen dituela 2017ko Euskararen Dekretuaren edukiak, eta Nafarroako hizkuntza politika jorratzen duela «ikuspegi partzial eta zeharo murriztaile batetik». Gainera, dekretuak sortuko lituzkeen ondorioez aritzean, aipatu dute merezimenduen dekretuak «kalte handia» eginen diela bai hizkuntzen arteko berdintasunari, bai euskararen erabilerari.

Eskisabel: «Garrantzitsua da osasun arreta norberaren hizkuntzan jasotzea»

«Martxoan, Nafarroako 60tik gora eragilek agerraldi bat egin genuen bat dekretuari ezezkoa emateko, eta argi geratu zen dekretu honek euskara mespretxatu eta gutxiesten duela», adierazi du Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. «Euskararen biziraupena, hizkuntza eta hiztunen arteko berdintasuna: dekretu honek horiek guztiak gutxiesten ditu».

Jarraian, azpimarratu du martxoko agerraldian «berariaz protagonismo berezia» izan zutela «Osasunbideko mediku eta osasun arloko profesionalek, azpimarratu zutelako egoera zaurgarrietan are eta garrantzitsuagoa dela norberaren hizkuntzan jasotzea arreta, hizkuntza eskubideak bermatzea. Beraz, dekretua baztertzailea da euskaldunekiko, ez baititu nafar guztien eskubideak bermatzen. Atzerapausoa da zentzu guztietan».

Gaubeka: «Sektore atzerakoi eta euskarafoboen presiopean jardun du gobernuak»

Dekretu berriaren edukiez hitz egin du Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak ere. Haren esanetan, 2017ko Euskararen Dekretua kamustu izanaren ondorioz, «auzitan» jarri dira «euskararen presentzia, etorkizuna eta hiztunen eskubideak». «Ordutik, hizkuntza eskubideen egoera okertu egin da, eta dekretu berriak ez du egoera hobetzen, baizik eta atzerakada dakar». Gaubekak gogora ekarri du, egun, irakaskuntzan salbu, Nafarroako lanpostu publikoen %2 inguru direla elebidunak, eta horietako gehienak eremu euskaldunean daudela.

Bestalde, zerbitzu zentraletako eta eremu mistoko lanpostuetan euskararen balorazioa kontuan ez hartzea «hizkuntza eskubideen urraketa argia» dela salatu du Gaubekak, eta gainera, atzerriko hizkuntzei (alemanari, frantsesari eta ingelesari) balorazio «nabarmen ezberdina» ezarri dietela, euskararekin alderatuta. Gaubekak azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak «hizkuntza eskubideak babesteko neurri sendoak» hartu beharrean, «sektore atzerakoi, erreakzionario eta euskarafoboen presiopean» jardun du.

Kontseiluak eta Behatokiak Nafarroako Gobernuari eskatu diote administrazio publikoetan «euskararen erabilera behar bezala arautzeko» dekretu berri bat sor dezala, «gizarte eragileekin, sindikatuekin eta bestelako erakundeekin batera», hizkuntza eskubideak legez blindatze aldera: «Bost urte igaro dira euskara administrazioan behar bezala tratatzeko dekretu egokia adostu gabe, eta horrek euskararen eta herritarren aitortzari buruzko urraketak betikotzea ekar dezake datozen hamarkadetan». Azkenik, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute Nafarroa osorako, «herritar guztien berdintasuna eta hizkuntza-eskubideak benetan bermatzeko bidean urrats sendoak egin daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.