Astrofisikaria

Jean Letort: «Lurrikarei buruzko datuak zabaldu ditugu, eta zientzialarien elkargoaren eskuetan dira»

Biarnoko Lacqeko industrialdean gertatu lurrikarak ez dira naturalak, gizakiaren aktibitate industrialek eragindakoak baizik. Letortek zuzendu ikerketa zientifiko batek hala frogatu du.

Jean Letort astrofisikaria ikerketarako neurketak egiten. PASCAL THOLE
Jean Letort astrofisikaria, ikerketarako neurketak egiten. PASCAL THOLE
Iñaki Etxeleku.
2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

Alemaniako eta Frantziako ikerlariak bildu dituen talde zientifiko batek Geophysical Journal International aldizkari zientifikoan argitaratu zuen egin ikerketen emaitza, maiatzaren 23an: Biarnoko Paue (Okzitania) ondoko Lacq herri industrialean gertatzen diren lurrikarak gizakiaren jardun industrialak eragiten ditu. Lacqen, 1957an hasi ziren lurpeko gas naturala ustiatzen, eta 2013an gelditu zen ustiaketa. Sufre anitzeko gasa zenez, industrialde kimiko handi bat egin zuten bertan. Gasa zeukaten erresalbuak 4.000 metrotan dira lurpean, eta Kretazeoa 4000 deitu dituzte. 2013tik hartara igortzen dituzte industrialdeko ur kutsatu edo ur zikinak. Ikerketa zientifiko berriak erakutsi du azken urteetan gertatzen diren lurrikarak ur zikin isurketa horiek dituztela eragiten. Gehienak indar ttipikoak dira. Bizkitartean, 2022ko agorrilean Richter eskalan 3,2koa gertatu zen. Total multinazionalaren adar batek erabiltzen du, besteak beste, industrialdea. Okzitania Tolosako Paul Sabatier unibertsitateko ikerlari eta irakasle Jean Letort astrofisikariak zuzendu du ikerketa, eta harekin parte hartu dute Grenobleko Unibertsitateko (Okzitania), Paue eta Aturri aldeko unibertsitateko eta Alemaniako Potsdameko German research centre for geosciences laborategiko ikerlariek. Ikerketa horren ondorioez mintzatu da Letort.

Zerk egin du Alemaniako ikerlari talde batekin aritu zaretela Lacqen?

Gaiak piztu interesari lotua da. Europa osoan, baita mundu osoan ere, gero eta ikerketa egitasmo gehiago agertzen dira gizakiak eragin lurrikarei buruz. Lacqeko eremuak interesa sortu zigun, baina alemaniarrei ere bai, han dauzkaten eremuekin alderatzeko. Haien ikerguneez gain, anitz lan egiten dute Groningenen, Herbehereetan. Gune horietan egin ustiaketek, isurketek lurrikarekin duten harremanari buruz informazio gehiago bilduta, orokorki gertatzen dena hobeki ulertzen laguntzen gaitu.

Zuen emaitzek erakutsi dute industrialarien ur zikinen isurketen eraginez izan direla lurrikarak. Zertan da berrikuntza?

Aspaldiko eta urteetako ikerketa lan batzuen gainean oinarritzen da gurea. Orain arte, nagusiki uste genuen lurrikarak gas ustiaketaren ondorioz gertatzen zirela, eta hor berria dena da horra arte baino harreman handiagoa ikusi dugula ur zikinen isurketekin. Ohartu gara horiek dutela nagusiki eragiten. Ikerketa askoren emaitza da.

Industriako ur zikinen isurketa horiek gas erresalbu horietarik eskapatzen ahal ote dira?

Lasterregi joatea litzateke horren erratea. Guk lurrikarak ikertzen ditugu, eta ez gara gai erresalbuen irazgaiztasuna neurtzeko. Ahal bezainbat lurrikara neurtu ditzakegu, eta gertatzen diren lekuaren arabera agerian ezar dezakegu arrisku bat badenez, lurrikarak lur azaletik hurbiltzen ikusten baditugu; horrek erakuts lezakeelako jariakinak eskapatzen direla. Baina, oraingoz, halakorik ez dugu ikusi. Lurrikara guziak erresalbu barnean eta azpian gertatzen dira.

Hain zuzen, ikerketa sakonagoen egitea eskatu duzue, baina guneak baliatzen dituzten industrialariek ukatu egin dizuete. Zer ikertu nahi zenukete?

Ohartu gara zinez harreman zuzena badela ur zikinak isurtzen dituzten momentuaren eta lurrikaren artean. Baina harreman batez ohartzea baizik ez da. Zientzian, bi fenomeno elkarri lotuak direla erakutsi behar dugularik, kausa frogatu behar da. Horretarako, modelo batzuk egin nahi genituzke aurreikusteko zer isurketatik goiti gerta daitekeen lurrikara bat, eta zer izarikoa. Horretara heltzeko, datu biziki konkretuak behar genituzke erresalbuetarik, eta gaur egun ez dauzkagu. Horiek ditugu eskatzen, eta elkarrizketan jarraitzen dugu eskuratzeko.

Zergatik ukatu dizuete?

Ez dakit zein diren errefusaren arrazoiak. Denetan bezala, batzuk gardentasun gehiagoren alde dira; beste batzuek uste dute, kontrara, ez dela komunikatu behar gai horiei buruz. Maiz eskatzen dugu, eta solasak badira; berdin egun batez ateak zabalduko dizkigute.

Industrialek isurtze horiekin segitzeak lurrikara handiagoak edo bortitzagoak eragin ote ditzakete?

Ez gara gai horren errateko. Horregatik nahi genituzke modelo horiek egin, iragarpen batzuen proposatzeko. Gaur egun ez dugu arrazoirik errateko larriago izan daitezkeenik; zehazkiago ikertu nahi genuke.

Zer bada industriako ur zikin horietan?

Ez da gure ikerketan sartzen, baina badakit nagusiki sufrea badutela. Lurrikarei begira, ez diegu begiratzen ur horietan diren osagaiei, baizik eta horien isurtzeko erabili presio aldaketei. Horiek horrela, badaude ikerketak erakusten dutenak jariakinen osagaiek eragin dezaketela. Baina, lehenik, isurtze presioak du eragina.

Paueko uhaitzetik ere ura hartzen dute industrialek, ur zikinen lurpera igortzeko. Ez ote da arrisku bat ura zuhurtzen ari den garai hauetan?

Galdera bera badugu, baina ez da batere gure berezitasuna.

Eskisto gasa lurpetik ateratzeko fracking teknikarekin ere urak botatzen dituzte presio askorekin lurpera. Horrek ere lurrikarak eragiten ote ditu?

Ameriketako Estatu Batuen anitz eskisto gas ustiatu dute, bereziki Oklahoman. Hastapenean, uste genuen gasa lurpetik ateratzeak zituela lurrikarak eragiten, baina denborarekin ohartu gara ur zikinak berriz botatzean zirela gertatzen. Frackingarekin anitz ur zikin berriz lurpera igortzen baitute. Ez du, beraz, urarekin arrailtzeak lurrikara sortzen, baizik eta ur zikinen berriz bidaltzeak. Oklahomako lurrikara gehienak hortik heldu zirela ohartu dira. Horretan aldera daiteke gure ikerketan erakutsi dugunarekin.

Industriak erabili teknika horiei buruz zuen ikerketak ba ote du eraginik erakunde publikoen hautu politikoetan?

Ez zuzenki. Zinez ikerketa egitasmo bat da gurea. Solasak baditugu industrialekin, DREALekin —Ingurumenerako, Antolaketarako eta Etxebizitzarako Eskualde Zuzendaritza—; erakunde publikoei gure emaitzak guziak helarazten dizkiegu, baina ikerketa sailean gelditzen da. Egitasmo horrek ez du balio erabaki hartzeko.

Zuen lanak segidarik izanen du?

Baliteke. Guk lurrikarei buruzko datuak zabaldu ditugu, eta zientzialarien elkargoaren eskuetan dira, landu nahi dituztenentzat. Hain segur, gure aldetik segituko dugu Lacqeko gunean lan egiten, baina helburua da gune horretan lan egin nahi luketen beste ikerlari talde guzien laguntzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.