Loiuko aireportuan dagoen gazte sahararra Marokora eramateari uko egin dio pilotu batek

Ez-onartuen gelara eraman dute berriro iheslaria. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, litekeena da igandean deportatzea, Vueling konpainiaren hegaldi batean.

Yusef ekintzaile sahararraren aldeko elkarretaratzea, Bilboko Plaza Eliptikoan. EH BILDU
Yusef ekintzaile sahararraren aldeko elkarretaratzea, Bilboko Plaza Eliptikoan. EH BILDU
Amaiur Asurmendi - Iraia Vieira Gil
2024ko uztailaren 5a
07:30
Entzun

Yusef ekintzaile sahararra Loiuko aireportuan dago (Bizkaia), ez-onartuen eremuan. Tangerrera (Maroko) eraman behar zuen pilotuak uko egin dio iheslaria eramateari, eta Yusef aireportura bueltatu dute berriro, ekainaren 23an iritsi eta atxikita eduki duten lekura. Polizia iturriek adierazi dutenez, Air Arabia konpainiaren hegaldi batean itzularazi behar zuten Marokora, 15:00etan, baina hegazkineko pilotuak arrazoitu du harekin bidaiatzeak arriskuan jarriko zuela gainerako bidaiarien segurtasuna. Etzi deportatzeko asmoa dute orain, Vuelingen hegaldi batean, 17:40an.

Hasieran, sahararra atzoko 07:00etako Marrakexerako hegaldian deportatzea aurreikusia zuten, baina ez zen hegazkinera igo, abokatuak jarritako helegitea zela medio. Espainiako Auzitegi Nazionalak errekurtsoa atzera bota ondoren, gaur kanporatzeko erabakia hartu zuten, baina haren osasun egoerak ziurgabetasuna sortu du, eta prozesua berriro atzeratzeko aukera zabaldu. Hain zuzen, gose greba egiten hasia zen duela bi egun, Espainiako Auzitegi Nazionalak Marokora deportatzeko erabakia hartu ostean. Gaur bertan erietxera eraman dute, gose grebak eragindako osasun egoeraren ondorioz. Osasun arta jaso duen lehen aldia izan da, nahiz eta «dardaraka eta minez egon» den, haren abokatuak adierazi duenez. Gazteak protesta gisara hartu du gose greba egiteko erabakia, Espainiako Barne Ministerioak asiloa ukatzearen aurka.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuen tramiterako onartu gaztearen abokatuen eskaera, haren arabera ez baitzuen kautelazko neurria justifikatzeko «zantzu nahikorik». «Baieztatu du Saharako herriaren aldeko manifestazioetan parte hartzeagatik atxilotu dutela, baina erakutsitako proba bakarrak jarraitzaile talde baten eta telefono puskatu bateko argazkiak dira», argudiatu zuen auzitegiak. Horretaz gain, arrazoitu zuen gaztea kanporatzeak ez zituela jarriko «berehalako arriskuan» haren bizitza edo osasuna. Gazteak, ordea, azaldu du «kartzelatua eta torturatua» izango dela eta «hamar urteko espetxe zigorra» jarriko diotela. Gauzak hala, errekurtsoa aurkeztu dute Zehar Errefuxiatuekin elkartearen abokatuek; hala ere, hori ere atzera bota dute.

Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko buruak gaur arratsaldean adierazi duenez, erakundeko kideak «oso kezkatuta» daude Yusefen egoerarekin. «Inkomunikaturik dago ez-onartuen gelara eraman dutenetik. Ezin du mugikorrik erabili, eta tratu txarren bat jaso duen beldur gara». Izan ere, iheslari sahararraren egoera juridikoak berdina izaten jarraitzen du: «Asilo eskubidea ukatu diote, horren inguruan helegiteak jartzeko aukerak agortu zaizkigu, eta abokatuek Espainian sartzeko baimena eman diezaioten eskatu dute». Gaur goizean egin dute eskaera, atzerritarrei buruzko arau berezi batean oinarrituta: sarbidea eman diezaiotela arrazoi humanitarioengatik.

Tangerrerako hegaldia abiatu baino ordubete lehenago egin diote Yusefen abokatuek eskaera hori Espainiako Auzitegi Nazionalari, eta berehala jaso dute erantzuna, posta elektroniko baten bitartez. «Sarbidea emateko ahalmena Espainiako Poliziak duela ziurtatzen ziguten mezu horretan», jakinarazi du Galparsorok. Eta salatu du: «Ez da legala erabaki judizial bat mezu elektroniko baten bitartez iragartzea; beraz, ez du ezertarako balio». Erakundeko presidenteak uste du auzitegi horrek egoera zuritzeko erabili duela komunikazio bide hori, Espainiako Poliziak izan dezan erabakiaren inuguruko ardura guztia. Izan ere, Yusefen abokatuek ordu berean helarazi diote Loiuko aireportuko poliziari gazte sahararra Espainian sartzen uzteko eskaera. «Orain, gure kezka nagusia da edozein momentutan eta edozein tokira deportatu dezaketela», aitortu du.

Eusko Jaurlaritzaren mugak

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur goizean esan du harremanetan dagoela Zehar-Errefuxiatuekin elkartearekin eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskaini dietela; baina Pradalesek onartu du ez dela Eusko Jaurlaritzaren eskumena. «Ezin dugu askoz harago joan», esan die kazetariei. Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Espainiako Gobernuarekin hitz egiteko asmoa du.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariari galdetu diote ea zer iruditzen zaion gazte sahararra deportatzea, eta Pradalesek erantzun du ez duela «irizpide propiorik», iritzia emateko «pertsona horren egoerari buruzko informazioa eduki behar baita». Zehaztu du kasuari buruz jasotzen duten informazioa komunikabideen eta gobernuz kanpoko erakundeen bitartez iristen zaiela.

Euskal Herrian bizi diren hainbat saharar Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren parean bildu ziren atzo 19:00etan, Bilbon, Saharako Gazteria Aktiboak deitutako elkarretaratze batean. Maroko hiltzailea, Espainia patrozinatzailea eta bestelako leloen artean, Espainiako Gobernuak hartutako erabakia salatu zuten, eta haren alde «justizia» egitea eta «deportazioa gelditzea» ziren eskari nagusiak. Azaldu dute 24 urteko gaztea Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetan jasaten duen «jazarpen politikoaren froga» dela: Marokon espetxeratua izan da hainbatetan, eta haren anaiari asiloa eman dio Frantziako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.