Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote futbol entrenatzaile bati, neska adingabe bati sexu abusu bat egiteagatik

Neskaren entrenatzailea zen, eta bere nagusitasuna baliatu zuen sexu abusua egiteko. Gizona martxoan ere zigortu zuten, beste bi sexu abusurengatik.

Bilboko justizia jauregia. ZARATEMAN
Bilboko justizia jauregia. ZARATEMAN
jakes goikoetxea
2024ko ekainaren 27a
17:00
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 2. Atalak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio nesken futbol entrenatzaile gizonezko bati 2022an sexu abusu bat egiteagatik taldeko 14 urteko neska bati. Aurtengo martxoan bertan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 6. Atalak hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion gizon horri, 2015ean eta 2017an bi neska gazteri sexu abusuak egiteagatik. Gazte horietako bat adingabea zen, eta besteak desgaitasun psikiko bat zuen.

Auzitegiak frogatutzat jo du 2022ko ekaineko arratsalde batean akusatuak neskarekin topo egitea bilatu zuela, futboleko entrenamenduetatik kanpo. Aurreko egunean zenbait mezu bidali zizkion, eskatuz korrika egitera ateratzen bazen abisatzeko, korrika ondo egiten irakasteko, entrenatzailearen ustez neskak ez baitzuen ondo egiten.

Entrenatzaileak neska bilatu eta aurkitu egin zuen. «[Neskak] Korrika egiten zuenean ustez zeukan jarrera zuzentzeko aitzakiarekin, haren bizkarrean jarri zen, besoak atzerantz bota zizkion, eta harengana hurbildu zen, bere zakil zutituarekin neskatoaren ipurdia ukituz eta haren aurka estutuz», zehaztu du epaiak. 

Zehatza eta kontraesanik gabea

Auzitegiak ondorioztatu du akusatuak neskarekin elkartu nahi izan zuela, eta korrika egiteko jarrera zuzentzea «aitzakia» baino ez zela izan adingabearen gorputzera hurbiltzeko eta salatutako sexu erasoa egiteko. Nabarmendu du biktimaren deklarazioa zehatza dela, kontraesanik gabea. Baztertu egin du defentsaren argudioa: salaketaren arrazoia faltsua zela, neska «erresuminduta» zegoela akusatuak korrika egiteko moduagatik kargu hartu ziolako eta horrek taldean jokatzeko aukeretan eragina izan zezakeelako. Izan ere, auzitegiarentzat ez da arrazoizkoa 14 urteko adingabe bati halako gaitasuna eta «malezia» egoztea, neskak gertatua berehala kontatu baitzion amari, eta salaketa bi egun geroago jarri baitzuten.

Auzitegiarentzat, akusatuak egindakoa 16 urtetik beherakoen gaineko sexu-abusu delitua da, biktimarekiko zuen nagusitasun egoera baliatuta egindakoa. Bi nagusitasun mota: bata, neskak hurrengo ikasturtean jokatu behar zuen futbol taldeko entrenatzailea izatea, horrek zaildu egiten baitzuen korrika egiteko jarraibideei uko egitea; bestea, akusatuaren adinean, altueran eta gorpuzkeran oinarritutako nagusitasuna.

Zigortua ezingo da eskola mailako futbol entrenatzaile izan bederatzi urtean, eta kartzelatik ateratakoan zaintzapean egon beharko du bost urtez. Sexu hezkuntzako programetan parte hartu beharko du. Ezingo da ez neskarekin harremanetan jarri eta ez harengandik 500 metro baino gutxiagora hurbildu sei urtean, eta 5.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.