Lasterka Askatasunera ekinaldiaren bozeramailea

Maite Otxandio: «Kaleak ez dira egitasmo pribatuenak soilik: gazteonak ere badira»

Independentzia eta euskaldunen komunitatea erdigunean jarriko dituzte Bizkaiko 11 gazte eragilek Lasterka Askatasunera ekinaldian. Egitarau zabala ondu dute.

Maite Otxandio. / Aritz Loiola, FOKU
Maite Otxandio. / Aritz Loiola, FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

Lasterka Askatasunera egitasmoa antolatu dute Bizkaiko 11 gazte konpartsa eta eragilek: Makauen, Zizpa, Uribarriko Gazte Konpartsa, Matxingorri, Arkotxa, Kaskagorri, Pikutara, Aiko, Patxiku, Santutxuko Gazte Asanblada eta Algortako Gazte Txosna. Hilaren 18an izanen da, Bilbon. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta hilaren 16a bitarte egonen da denbora. Gazteendako aisialdia pribatizatuta dagoela iritzi du Maite Otxandio bozeramaileak (Galdakao, Bizkaia, 2002), eta «kontsumora bideratuta». Hortaz, alternatiba bat proposatu dutela dio, zeinak «Bilboko eta Bizkaiko komunitate euskalduna indartzeko ahalegina» ere eginen duen.

«Aisialdi eredu alternatibo» baten inguruan ardaztutako egitaraua prestatu duzue. Zertan ikusi duzue alternatiba horren beharra?

Konturatu ginen gazteontzako aisialdi gehiena pribatizatuta zegoela, eta aukera horiek kontsumoaren bueltan mugitzen direla. Gainera, erdararen, genero rolen banaketen eta kanon estetiko jakin batzuen bueltan ardazten dira, eta, horietako asko alternatiba gisa saldu arren, aisialdia kapitalizatzen jarraitzen dute, eta gure kontura aberasten dira. Horretaz jabetu zen aspaldi Euskal Herriko gazte mugimendua, eta erantzuna eman zion: horren adibide dira gaztetxeak eta jai herrikoiak.

Arazo horri erantzun bat eman zaion arren, zuek beste proposamen bat egin duzue. Zertaz?

Gabezia bat ikusten genuelako. Umiltasun osoz diogu hori, aipatutako mugimendu eta ekimen horien parte aktibo bat ere bagarelako. Kontua da alkohola eta gauaren kontsumora bideratzen diren egitasmoak izan ohi direla. Kezka horietatik abiatuta, eta gazte konpartsek gure inguruan daukagun gaitasun eraldatzaileaz jabetuta, kirol jarduera batean oinarritutako eskaintza bat egitera animatu gara. Gazteongandik sortutako zerbait da, giro euskaldunean egoteko, eta balio eraldatzaileak erdigunean jartzeko.

11 talde ibili zarete buru belarri antolaketan, ia bi urtez. Iazko saioa bertan behera utzi behar izan zenuten Bilboko Udalarekin izandako arazo batzuengatik. Aurten nolako harremana izan duzue udalarekin?

Aurten asko lagundu digu joan den urtean egindako bideak. Hala ere, aitortu behar dugu gure asmoa toki publiko gehiago hartzea zela, herri bazkaria edo kontzertuak kalean eginda, baina hori ezinezkoa izan da udalak ez digulako baimenik eman.

Lasterketa gehiena ere espaloitik egin beharko da, ez digute baimenik eman errepideak ixteko. Hori ikusita, gogora etortzen zaizkigu [Juan Mari] Aburtoren hitzak, manifestazioei buruzkoak. Hor ikusten da batzuentzat interesgarriagoa dela oinezkoak oztopatzea, autoak oztopatzea baino. Hala ere, egitasmoak aurrera egitea lortu dugu, eta oso pozik gaude. Kaleak ez dira soilik egitasmo pribatuenak: gazteonak ere badira, eta balio eraldatzailea duten proiektuenak ere bai.

«Lasterketa gehiena espaloitik egin beharko da, ez digute baimenik eman errepideak ixteko»

Kontsumo eredutik kanpo kokatu duzue egitasmoa, baina hiri handi batean eginen duzue. Propio pentsatutako zerbait da hori?

Ez da kasualitatea Bilbo aukeratu izana. Bertako kaleetan hamar minutuko paseoa ematen duena konturatuko da kontsumo basatiari eta ekimen pribatuei zuzendutako hiri bat dela. Auzoetako eta herrietako jai herrikoiek eta Bilboko Aste Nagusiko jaiak, adibidez, eredu hori apurtzen dute. Denbora tarte horietan, herriak eta herritarrek beste balio batzuekin funtzionatzen dute, eta gure asmoa da sentsazio eta logika horiek hedatzea.

Independentziaren aldeko lasterketa izanen da. Zer dago aldarri horren atzean? 

Modernitatearen eta globalizazioaren aldarri garbia dute Bilboko kaleek; gizarte likidoa bultzatuz, hurbileko komunitateak lausotzen ari dira. Horregatik du lasterketa honek independentziaren aldeko aldarria: komunitate bat garela aldarrikatzen dugu, eta aldarri horrek kaleak har ditzala nahi dugu. Lehen lerroan jarri nahi dugu Bilbon eta Bizkaian euskaldun asko gaudela, eta komunitate hori indartzea garrantzitsua dela. Beti balio euskaldun, feminista eta eraldatzaileak dituzten lagun oro gonbidatuta. Oraingoan, aisialditik eta erakargarria den formatu batean egin dugu, uste dugulako potentzialitate politiko handia duela independentziaren aldeko lasterketa bat egiteak.

«Uste dugu potentzialitate politiko handia duela independentziaren aldeko lasterketa bat egiteak»

Beraz, herritar guztiendako prestatuta egonen da lasterketa? 

Gazteok antolatua da, baina herri guztiarentzat. Helburua ez da korrikalari profesionalentzat zerbait antolatzea; kirolaren bidez elkargune bat sortu nahi dugu. Horregatik saiatu gara egokitzen errealitate guztietara: haurrekin egin ahal da, eta lehenengoz bere burua hamar kilometro egitera eraman nahi duenak ere parte hartu dezake, taldean egin nahi duenak edota gurpildun aulkian daudenek ere bai. Horregatik, azkarrena saritzeaz gain, amaiera originalena, mozorrorik dibertigarriena, talderik handiena eta halakoak ere sarituko ditugu.

Aipatu izan duzue harreman eta aliantza berrien hasiera izanen dela egitasmoa. Zertaz diozue hori?  

Barrura begirako hausnarketa da: orain arte Bizkaiko gazte konpartsen artean ez dugu eduki harreman finko bat, eta ekimen hau antolatzearen bidez harreman horiek estutu ditugu. Konturatu gara elkarrekin lan eginez gauza politak sortzen ahal ditugula, eta, gainera, egitasmoak bestelako eragileekin jarri gaitu harremanetan. Lasterka Askatasunera proiektu berrien hasiera izatea nahiko genuke, egitasmo jakin batzuetatik sareak sortzeak balio duelako guretzako. Halere, lehenengo aldia izan da zerbait elkarrekin antolatu duguna, eta bide luzea dugu oraindik.

EGITARAUa

  • 09:00. Dortsal banaketa. 
  • 09:45. Zunba beroketa.
  • 10:30. Lasterketa.
  • 12:00. Sari banaketa.
  • 14:30. Herri bazkaria.
  • 18:30. Gotxelektrotxaranga.
  • 22:00. Xaukena Xauk DJak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.