Irungo alarde parekidea: instituzioen babes ahulegiarekin, baina inoiz baino indartsuago

Irungo alarde parekidearen antolaketan ari dira ehunka herritar: prestatu dute aurten berriz jaia, eta «harro» irtengo dira bihar kalera. Arranguren artean, udalari begirakoa: eskatu diote jaiaren antolaketa bere gain hartzeko, baina ezetz erantzun du.

Iratxe Etxeberria, Ander Monje eta Patricia Dominguez, asteon, entsegu batean. GORKA RUBIO  / FOKU
Iratxe Etxeberria, Ander Monje eta Patricia Dominguez, asteon, entsegu batean. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
Irun
2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

«Oso egun polita izaten da: oso egun berezia». Izen berezkoa dute alardeen lehen pausoek: arrankadak dira. Hortxe hunkitzen da, bereziki, Patricia Dominguez: «Arrankadan, ikusten duzunean jendea zu ikusteko prest». Irungo alarde parekidean (Gipuzkoa), bihar, aginte postu bat izango duten andreetako bat da, eta desfile horren antolaketan buru-belarri ari da. 1995ean sortua da, Irunen. Ondoan bi kide ditu, Irungo Alarde Parekidearen Juntako beste bi partaide: Iratxe Etxeberria (Irun, 1998) eta Ander Monje (Irun, 1991). 1996an loratu zen aldarri parekidea Irun eta Hondarribiko alardeetan; oraindik ez da lortu, ordea, udalerri horietan desfile parekideak gailentzea, ezta hautu horiek behar adinako babes instituzionala izatea ere. Hirurek, beraz, beti ezagutu dituzte bi desfile: beti hor sentitu dute «arazoa». Baita erakunde nagusien babes ahulegia ere. Etxeberria: «Abandonatuta bezala gaude». Oraindik horrela sentitzen dira, 2024. urtean, gatazka hasi eta 28 urtera.

Lehen urratsak egin zituzten emakume haien bidaide izateak «harrotu» egiten ditu hiru mintzakideak. Dominguez: «Ohore bat da aurrekoek hasi zuten lana jarraitzea». Trabak traba. Agerikoak direlako oraindik. Aurten ere alarde eguna iritsi da hirira Irungo Udalak haren aldeko keinu argirik egin gabe. Gipuzkoako Diputazioak, halaber, kanpaina bat abiatu berri du herrietan jai parekideen antolaketa sustatzeko, baina, herrialde osorako pentsatua dagoela argudiatuta, ez ditu propio aipatu nahi izan Irun eta Hondarribia. Kritiken harira, Berdintasun zuzendari Nerea Isasik argudiatu du «inplizituki» egin diela berdinzaleak izateko gomendioa bi udal horiei.

Irungo Alarde Parekidearen Juntak propio eskatu dio aurten Irungo Udalari, aurreko urteetan ere egin izan duen eran, jaiaren erantzukizuna bere gain hartzeko, eta «hiritar guztientzako alarde bat» antolatzeko. Apirilean egin zuten eskabidea. «Alardea mendeetan eta mendeetan antolatu du herriko etxeak», gogora ekarri zuten. Hain justu ere, usadio aski errotua zen hori Irunen, baita Hondarribian ere. Soilik aldarri parekidea hasitakoan utzi zuten bazterrean ardura hori bi herrietako udalek. Irungo alarde parekidearen antolatzaileek egindako eskeei erantzunik ere ez zien eman orain arte inoiz alkatetzak. «Gu existituko ez bagina bezala jokatzen du alkateak», salatu zuen iaz alarde parekideko jeneral Maite Bergarak BERRIAri emandako elkarrizketa batean, kritiko. Aurten erantzun egin du alkateak: ezetz esan die.

Ezetza, plazara atera gabe

«Aurten erantzun bat eduki dugu», onartu du Etxeberriak. Gatazka oso luzea da, gotortuta egon dira aldarri baztertzailearen inguruan lerratutako alde gehienak urte askotan, eta keinu txikiena ere aintzat hartu izan da sarritan. Erantzuna emateak alkatetzaren eta alarde parekidearen antolatzaileen artean nolabaiteko hartu-emana badagoela erakusten du, baina ez zaie «nabarmentzeko» erako aldaketa iruditzen juntako kideei. Kexa du Etxeberriak erantzuteko moduarekin ere: «Guk eskaera publikoki egin dugu, baina erantzuna era pribatuan eman dute». Eta deitoratu du betiko jarrera erakusteko izan dela: «Ez dute aurrerapausorik eman: berdin jarraitzen dugu».

Etxeberriaren arabera, gainera, aurrez instituzioek aldarri parekidearen aldeko babesa atzeratzeko erabili dituzten argudioak errepikatu ditu berriro alkateak ezezkoa emateko: «Adierazi du bestela gure arteko bizikidetza zaildu egingo dela, eta pixka bat itxaron beharko dela urte hauek pasatu arte, dena pixka bat lasaitu arte, eta ikusiko dela, baina, printzipioz, udala ezin dela hor sartu». Hortik juntako kideen arrangura. Monje: «Udala dena saihesten ari da, luzamenduak ematen. 'Oraindik ez', esaten ari dira».

«Udala dena saihesten ari da, luzamenduak ematen. 'Oraindik ez', esaten ari dira».

 ANDER MONJEIrungo Alarde Parekideko Juntako kidea

Juntak egindako eskabidearen garrantzia nabarmendu dute hiru solaskideek. Alarde parekidea udalak antolatzeak aitortza emango lioke aldarri parekideari. «Alardea udalak antolatuta denon festa izango litzateke, denok ondo pasatuko genuke, eta normaltasun bat sortuko genuke», argudiatu du Dominguezek. Alarde publikoa izena hartzen dute orain, baina argi dute izenak orduan izango lukeela benetako izaera. Izan ere, egun herritar talde baten esku dago antolaketa. «Baina ari gara alarde publiko eta parekide bat egiten: denenetzat egiten dugu, herri osoarentzat da», esplikatu du Etxeberriak.

Beste desfilea, berriz, baztertzailea da, EAEko Berdintasun Legearen irizpideak ez ditu betetzen, eta instituzio nagusiek jai parekideen alde emandako jarraibideak ere ez. Horregatik iruditzen zaie ezinbestekoa udalak alarde parekidea antolatzea eta hari dagokion itzala ematea. «Oraintxe bertan, ez dago alarde publikorik: alarde parekide bat dago», azaldu du Etxeberriak. «Izan ere, gu publikoa gara, baina udalak ez du hori sustatu, ez dago alarde publiko horren atzean».

«Alardea udalak antolatuta denon festa izango litzateke, denok ondo pasatuko genuke, eta normaltasun bat sortuko genuke». PATRICIA DOMINGUEZ Irungo Alarde Parekideko Juntako kidea

Alkate aldaketa egon da aurten Irunen: Jose Antonio Santanok (PSE-EE) iaz utzi zuen kargua, eta Cristina Laborda alderdikideak hartu zuen, eta horrek aldarri parekidearen harira zer eragin izango duen ikusi egin beharko da hemendik aurrera. Elkarrizketa eskatu dio BERRIAk Labordari, gaiaz jardute aldera, baina ez du eman. Juntaren eskabideak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki egindako jakinarazpenak ere eskatzen ditu argibideak. Izan ere, diputazioaren arabera, «bitartekaritza» eskaini dio Irungo Udalari alardearen auzia bideratzeko, baina uko egin dio laguntza horri. Hondarribiko Udarekin, ostera, lanean ari direla azaldu dute foru agintariek, eta onbidean doala han prozesua. Irailaren 8an izaten da han alardea.

Gomendio bakar bat ere ez

Bost gomendio daude jasota Gipuzkoako Diputazioaren Gure jaiak, berdintasunean kanpainan. Banaka aztertu dituzte hiru solaskideek, eta, Irungo Udalak alardean duen jarrera aztertuta, ondorioztatu dute bakar bat ere ez duela betetzen. Lehen gomendioa da erakundeek jaietan ere berdintasunaren aldeko jarduerak eta gogoetak sustatu behar dituztela. «Ez dira ari berdintasuna sustatzen», argudiatu du Etxeberriak. Emakumeen partaidetza sustatuko duen antolakuntza bultzatzea da bigarren gomendioa, baina, hori konplitze aldera, udalak aintzat hartu behar luke alarde parekidearen aldekoek desfilea antolatzeko egindako eskea, eta «ezezkoa» eman du oraintxe. Hirugarren aholkua da aukera berdintasuna bermatzea ekitaldi guztietan: alardea antolatu gabe, ordea, ezin da hori «bermatu».

Laugarren gomendioa da indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzea. Desfileko zenbait unetako oihartzunaren burrunba ozen dute barruan sartua solaskideek, eta aldarri parekidearen kontrako oihuak aipatu dituzte, mespretxu mezuak. «Kale Nagusian sar daitezela», esan du Dominguezek. «Entzuten diren gauzak indarkeria matxista dira: ehuneko ehun», erantsi du Dominguezek. Bosgarren aholkuak eskatzen du irudi eta mezu berdinzaleak erabiltzeko jaien antolaketan. Ezeztatu egin dute hori ere: «Arazo hau hasi zenetik, jaietako karteletan-eta, adibidez, inoiz ez dago alardeko profil argirik generoari erreparatzeko». Arrazoi dute: hain justu, itxura «neutroa» eman nahi duten irudiak nagusitu dira, txapel gorriekin-eta egindakoak, baina andreen parte hartzea propio erakusten ez dutenak. Dominguez: «Ez dira bustitzen».

Gidan propio Irun eta Hondarribia ez aipatzea ere ez zaie onargarria iruditzen. Monje: «Jarri argi eta garbi hirien izenak». Aldundiak argudiatu du aholkuak emateaz aparte, deus gutxi egin dezakeela jaien antolaketan, eskumenik ez duela horretarako: «nahi duten» udalei «laguntzeko eta gomendioak emateko» konpromisoa hartu dute. Gidaren harira, elkarrizketa eskatu dio BERRIAk diputazioko Berdintasun zuzendari Nerea Isasiri; ezezkoa eman du.

Balkoia

Jakina da Eider Mendoza diputatu nagusiak Irungo alarde parekideari oles egingo diola bihar udaletxeko balkoitik, eta Cristina Laborda ere bertan egotea espero da. Irudi berria da, hein batean: azken urteotakoa. PSE-EEko eta EAJko agintariak alarde parekideari ere oles egiten. Jose Antonio Santano alkateak berak iaz egin zuen keinu hori lehenengoz, 2002tik Irungo alkatea zen arren. Ekidistantzia neurtuan aritzen dira beti: alarde baztertzaileari ere kasu egiten diote. Instituzioen jarrera horren emankortasun urriaz ohartarazi dute alarde parekidearen antolatzaileek: «Etortzen dira udaletxeko balkoira, ekitaldi horretan parte hartzen dute, baina gero ez dute ezer egiten». Sentipen hori dute.

Erakundeek harago egin behar luketela nabarmendu du Etxeberriak: «Instituzioek arazoan esku hartu behar lukete. Ez alardean, baizik eta arazoan». Gainerakoan «itxurakeria» gailentzen dela argi dute. «Martxoaren 8an-eta ekitaldi pila bat antolatzen dituzte, baina gero, bale», erantsi du Monjek. Alarde parekidearen aldekoek erreparatzen diete, balkoiko irudiez gain, egunotan ikusten diren beste hainbati ere. Entseguak izaten dira, diana: une esanguratsu asko jaiaren bilakaeran. Horietan, oro har, udal gobernuko ordezkariak izaten dira desfile parekideko kideen ondoan.

«Instituzioek arazoan esku hartu behar lukete. Ez alardean, baizik eta arazoan».

 IRATXE ETXEBERRIA Irungo Alarde Parekideko Juntako kidea.

Ahaltsu agertu nahi dute bihar. Eta baikor dira. Entseguak oso ondo joan dira, igandea izango da, eta jende asko espero dute. «Oso giro polita dago, gazte asko hasi dira parte hartzen. Egundoko aurrerapausoa ikusten da konpainietan», azaldu du Etxeberriak. Hirurek nabarmendu dute entseguetara joan zaizkiela nerabe asko, oso gogotsu. Eta espaloietan? «Oraindik ikusten da entseguetan jendea bizkarra emanda. Ez dago liskarrik-eta, baina oraindik ere bada jendea oso harro bere pentsamenduekin», ohartarazi du Dominguezek. Alarde parekideari bizkarra ematea. Irunen eta Hondarribian andreak soldadu onartzen dituzten desfileen kontrako keinu errepikatuenetariko bat izan da, lotsarako motibo bat. Iraganekotzat hartzen dira askotan. Eta oraindik geratzen dira halakoak? «Atzo bertan [astelehenean] frogatu genuen, entseguetan», azaldu du Dominguezek. Etxeberria: «Eta jende gaztea ere bazen». Horregatik iruditzen zaie garrantzitsua gaur alarde indartsua egitea, beste mugarri bat jartzea bidean.

Diputazioak udalei emandako gomendioak

    1. Emakumeen partaidetza sustatzea. Emakume eta gizonen berdintasunean oinarritutako lurraldea eraikitzeko, instituzioek «eredugarriak» izan behar dute. Bide horretan, ez dituzte emakumeak baztertzen dituzten ekitaldiak antolatuko, ezta «babestuko» ere.

     

    2. Emakumeen partaidetza sustatuko dute, eta jaien antolaketan berdintasunaren alde lan egiten duten eragileekin «lankidetza» sustatuko dute. Bide horretan, jaietan parte hartzea «desorekatua» bada, festen eredua hausnartzeko prozesuei bide emango diete.

     

    3. Aukera berdintasunaren alde egingo dute. Jaietako ekitaldi guztietan emakumeek eta gizonek aukera berak izanik parte hartu dezaten, ohiko jarduerak berrikusiko dituzte, eta emakumeen parte hartzea «handitu eta bermatuko» duten jarduera berriak proposatuko dituzte.
     

    4. Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatuko dira. «Sentsibilizazio eta prebentzio» egitasmoak bideratuko dira horretarako. Bide horretan, emakumeak «ahaldunduko» dituzten aukerak eskainiko dituzte mugimendu feministarekin eta emakumeen elkarteekin elkarlanean.


    5. Irudi eta mezu berdinzaleak sustatuko dira. Jaietan zabalduko diren euskarrietan ez dira hizkera eta iruditeria sexistak erabiliko.

     

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.