Bizituk exijitu du berrikus dadila indarkeria matxistaren biktimak artatzeko Ertzaintzaren prozedura

Elkarteak salatu du Ertzaintzak jarrera «bortitza» izan duela biktima batekin hura salaketa bat jartzera joan denean.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat iaz, Algortan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko protesta bat iaz, Algortan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 24a
15:35
Entzun

Bizitu elkarteak «kezka» eta «ezinegona» adierazi ditu, indarkeria matxistaren biktimak artatzeko orduan Ertzaintzak erakusten duen jarrera dela eta. Indarkeria matxistaren aurkako emakumeen elkarteak salatu dutenez, emakume bat «gutxietsi» egin zuten iaz, Bilboko komisariara salaketa bat jartzera joan zenean. Hori dela eta, elkarteak Segurtasun Sailari eskatu dio argitara dezala «indarkeria matxistaren biktimak artatzeko Ertzaintzak bete behar duen prozedura».

Prozeduraren berri ematea ez ezik, hura berrikustea ere exijitu dute. «Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko ikuskaritzarik ote dagoen jakin nahi dugu, eta, egotekotan, horren lanaren berri izan nahi dugu, baita orain arte lortutako emaitzen berri ere», azpimarratu dute. Eta erantsi dute biktimei eta haiek ordezkatzen dituzten elkarteei «beti» entzun behar zaiela.

Andre hori iazko azaroan joan zen komisariara. «Salatu nahi zuen posible zela bikotekide ohiak duen urruntze agindua urratu izana». Adierazi zuenez, etxeko eskaileretan zuen babes ispilu bat desagertu zen. Hain zuzen, ispilu horrekin ikus zezakeen bikotekide ohia etxean zain ote zegoen edo ez. Are, handik bi egunera, itzalita zegoen sakelako bat topatu zuen toki berean.

Komisarian, hasieratik argi utzi zuen indarkeria matxistaren biktima zela, eta bikotekide ohiak urruntze agindu bat zuela. Halere, ertzainak «gogor» egin zuen salaketa hartzearen kontra. «Egoera oso bortitza sortu zen; biktimak aitortu du Bizituko kide bat egon izan ez balitz alde egingo zuela salaketarik jarri gabe». Elkarteak azaldu duenez, ertzainak esan zion ez zutela sakelakoa kargatzeko gailurik eta, beraz, ezin zutela piztu eta aztertu bikotekide ohiarena ote zen. Biktimari proposatu zioten sakelakoa etxera eramatea eta, behin piztuta, komisariara bueltatzea. Uko egin zion, berak bere eginbeharra bete baitzuen. «Hortik aurrera, poliziak zuen ardura».

Egoera ikusita, andrea urduritzen hasi zen. Ertzain batek galdetu zion anbulantzia bat behar ote zuen. «Ezetz erantzun zuen; nahi zuena zera zen, salaketa jarri eta zalantzan jartzeari uztea», argitu du Bizituk. Azkenean lortu zuen salaketa jartzea.

Egun batzuk geroago, Bizituk kexa formal bat jarri zuen jasotako tratuagatik. Ertzaintzak gutun bidez erantzun zion, eta adierazi langile guztiek «ezarritako prozedura» bete zutela. «Ez dakigu zer prozedurari buruz ari diren, ez baitago modurik haien protokoloak ikusteko».

Sakelakoaren berririk ez

Salaketa jartzen duten eta indarkeria matxistaren biktima gisa aitortuak diren emakumeei polizia agente bat izendatzen zaie, euren egoeraren jarraipena egin dezaten aldizkako deien bidez. Komisariakoak gertatu eta hilabetera jaso zuen emakumeak deia, eta deitu zion agenteak adierazi zion ez zekiela ezer sakelakoaren inguruan, ez baitzuen inork abisatu.

Bizituk irmoki salatu du Ertzaintzaren jarrera: «Erakundeek etengabe hitz egiten dute prebentzioaren garrantziaz; kasu honetan, aukera izan dute kalte handiagoak izatea eragozteko, eta huts egin dute». Izan ere, adierazi dute erakundeek sarri «aitzakia zentzugabeak» erabiltzen dituztela euren lana ontzat jotzeko. «Esaten dute ez dela erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea». Oraingoan, baina, biktimak «eskatu zaiona» bete du: «Biktimak arriskutsua izan daitekeen egoera bat salatu du, eta ez diote entzun». Hortaz, Ertzaintzaren prozedurak berrikustea exijitu du elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.