Ikastolek iragarri dute neurriak hartuko dituztela «ikasle guztientzako aukera erreala izateko»

Ikastolen Elkarteak VII. batzarra egin du, Iruñean, eta onartutako ebazpenean jaso dute «datozen urteetan ikastolen eredua eguneratu, egonkortu, zabaldu eta aldarrikatuko» dutela.

Ikastolen Elkarteko kideak, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ikastolen Elkarteko kideak, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
xabier martin
2024ko ekainaren 22a
16:30
Entzun

Ikastolen Elkarteko ikastolek «irismena handitu» nahi dute. Batetik, Euskal Herriko «egoera sozial berriei erantzuteko» eta, bestetik, beren «eskaintza hedatzeko». Hala Euskal Herrian bizi diren «ikasle guztientzako aukera erreala izateko neurriak» hartuko dituzte, eta, horrekin batera, «ikastolak, ikasketa zikloak eta modalitateak» irekiko dituzte. Hala jaso dute Euskal Herriko Ikastolek beren VII. batzarrean onartutako ebazpenean.

Elkarteko 114 ikastolek, ikastolen mugimenduko langileek eta ikastolen lagun diren zenbait kidek parte hartu dute prozesu horretan. Erronkak eta etorkizuneko ildoak ezarri dituzte, eta zenbait eremutarako neurriak zehaztu:

Lurraldetasuna

«Euskal Herri osoko mugimendu izaera» indartuko dute. Horretarako, zenbait marko indartuko dituzte, eta tresnak (estatutuak, antolaketa, barne araudia...) berrikusi. «Izaera nazionala indartuko dugu, betiere lurralde bakoitzaren izaera errespetatuz».

Irismena

Ikastolek «irismena» handitu nahi dute. Ebazpenean jaso dute «Euskal Herriko egoera sozial berriei erantzuteko» egingo dituztela aldaketak eta, hala, eskaintza hedatuko dutela. Horiek horrela, iragarri dute neurriak hartuko dituztela Euskal Herrian bizi diren «ikasle guztientzako aukera erreala izateko».

Pertsonak erdigunean

Ikastolen mugimendua osatzen duten «pertsonak erdigunean» jarriko dituzte, «izan ikasleak, izan langileak edota izan gurasoak». Horretarako, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean zehaztutako pertsona eredua hartuko dute oinarri, eta urratsak egingo dituzte formakuntzan eta elkarren zaintzan. Ikastolen inklusio marko propioa garatuko dute.

Hezkuntza proiektua

Hezkuntza proiektua sendotzea ere bada helburuetako bat, «hasi ikasmaterialetatik eta aholkularitza pedagogikoraino». Gizarteak dituen kezkei erantzun nahi diete. «Euskal curriculuma eguneratzetik hasi, ikasmaterialen nolakotasunarekin jarraitu, eta, digitalizazioan, burujabetzarako eta tresna digitalen integrazio pedagogikorako posizioa hartuko dugu».

Euskara eta kultura

«Euskaldun osoak heztea» dute helburu Ikastolek. Horretarako, euskal kulturaren «sorkuntzan eta transmisioan» beste lan ildo batzuk proposatuko dituzte. Aisialdiari «arreta berezia» jarriko diote euskalduntasunaren ikuspegitik, eta «ikasleek euskararekin duten konpromisoa berariaz» landuko dute. Ikastoletako hizkuntza proiektuak eguneratuko dituzte «egoera soziolinguistiko berrira» egokitzeko. Horrez gain, «euskararen ofizialtasuna» aldarrikatuko dute Euskal Herri osoan. Alegia, «biharko Euskal Herria eraikitzeko behar diren biharko Ikastolak» eraikitzen jarraituko dutela jaso dute ebazpenean: «Guztion ahaleginarekin, konpromisoarekin eta ilusioarekin. Herrigintzarekin eta euskalgintzarekin elkarlanean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.