EAJren lehendakarigaia

Imanol Pradales: «Herritarren konfiantza berreskuratuko dugu; sinetsita nago»

Ez du bozen osteko jokalekuak arduratzen. Arreta igandean du jarrita, iritzi baitio gizarte eredua «jokoan» dagoela. Baikorra da, halere; ziur da gai izango dela hartutako konpromisoak betetzeko.

Imanol Pradales, EAJren lehendakarigaia Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
aitor biain
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Adostu baino pixka bat beranduago heldu da Imanol Pradales (Santurtzi, Bizkaia, 1975) Sabin Etxera, BERRIArekin jarria zeukan hitzordura. Eta elkarrizketa amaitu eta berehala alde egin du bertatik, azkar batean. Agenda betea baitauka EAJren lehendakarigaiak, larunbat goiza izanagatik ere. Lasai antzean egin ditu kanpainako lehen egunak, programa aurkezten eta proposamenen berri ematen. Baina koska bat estutu du azken egunetan, eta ohartarazi igandean «asko» dagoela jokoan.

Kementsu aritu zara kanpainan, hautesleak mobilizatu nahian. Akaso EAJk asko duelako jokoan?

Euskadik dauka asko jokoan. Euskal gizarteak erabaki beharko du zer gizarte eredu nahi duen. Erabaki beharko du momentu honetan daukagun eredua zalantzan jarri ala ez.

Etengabe esan duzu herritarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dutela: EAJren eta EH Bilduren artean. Zerk bereizten zaituzte gehien?

Kultura politiko desberdinak ditugu, eta, beraz, planteatzen ditugun gizarte ereduak ere desberdinak dira. Ekonomian, EH Bilduk interbentzioa du helburu; guk, lankidetza publiko-pribatua. Haiek zaintza publifikatzearen alde egiten dute; guretzat, lan ekimen soziala eta komunitarioa dira oinarriak. Etxebizitzan, EH Bilduk alokairura behartzen zaitu; guk, aldiz, askatasuna eman nahi diogu bakoitzari erabaki dezan alokairua nahi duen edo jabetza. Eta Polizia dela eta, EH Bilduk desmilitarizazioaz hitz egiten du; guk diogu Ertzaintzak baliabide batzuk behar dituela herritarrak babesteko.

Hauteskunde programei begiratuz gero, ordea, adostasunak lehentasunen artean daude. Elkargunerik egon daiteke?

Aukerak badaude herri akordioak gauzatzeko, nola ez. Horretarako inportantea da nork bere eredua eta neurriak mahai gainean jartzea.

Lehen arreta jasotzeko gehienez 48 ordu itxarotea eta itxaron zerrendak 50 egunera hurbiltzea proposatu duzu. Nola egingo duzue hori medikuak falta badira?

Batetik, medikuak erakarri behar ditugu lehen arretara. Eta horretarako pizgarriak eskaini. Baina horrek esan nahi du beste batzuekin lehian sartzea, zeren merkatua mugatua da. Eta, bestetik, badaude profesionalak erretiroa hartzear direnak. Horiei aukera eman behar diegu lanean jarraitzeko; denbora irabazi behar dugu. Horrez gain, uste dut aukerak badaudela barruko antolaketa beste modu batera egiteko. Horrek guztiak aukera emango digu jarritako helburua betetzeko.

Profesional eskasiari aurre egiteko, «osasun administrarien figura» sortzea proposatu duzue. Zer da, eta zertan lagunduko du?

Medikuek, arta emateaz gain, zama burokratiko dezentekoa dute orain, eta uste dugu figura berri bat behar dela hori arintzeko.

Osasun arazoekin medikuarengana doan euskaldun baten larruan jarrita, uste duzu ondo artatu dezaketela baldin eta gaixoak ez badu eskubiderik gaixotasunaz bere lehen hizkuntzan aritzeko? Nola bermatu behar dira hizkuntza eskubideak?

Uste dut pauso garrantzitsuak eman direla orain arte, baina argi dago ez dagoela bermatuta zerbitzu publiko guztietan. Ari gara. Bateragarri egin behar ditugu profesional eskasia eta hizkuntza eskubideak, argi dago. Profesionalak sistemara erakarri nahi baditugu, euskalduntze prozesua erraztu behar diegu, eta aukera dagoenean zerbitzua euskaraz ematea bermatu.

Bistan da lege babesa ahul geratu dela hizkuntz eskubideak defendatzeko orduan. Hizkuntza politika zorroztu behar da, legea egokitu behar da, EAJ prest dago horretarako?

Ez daukat garbi lege berri batek hau guztia saihestuko ote zukeen. Azterketa sakona behar da. Euskararen Legea lege ona da. Eragileen parte hartzearekin lortu da orain arte aurrera egitea. Dena den, euskararen erabilera areagotzea da orain erronka nagusia. Horretarako aldia izan behar du.

«Aukerak badaude herri adostasunak gauzatzeko, nola ez. Horretarako beharrezkoa da nork bere eredua eta neurriak mahai gainean jartzea».

Etxeen alokairuen prezioa mugatu beharko litzateke, etxebizitza legea aplikatuta?

Bai.

Baina esaten duzue lege horrek urratu egiten dituela Jaurlaritzaren eskumenak. Zertan?

Eskumenak urratzen ditu esaten duenean Madrildik onartu behar dela tentsio handiko eremuak zeintzuk diren. Lege horrek esaten du prezio indizea ere Madrilen erabakiko dela. Eta prezioa nola mugatu eta zenbateraino mugatu ere esaten du, herriaren eta lurraldearen egoera kontuan hartu gabe. Dena Madrildik erabakitzen da: guk hori irentsi behar dugu? Ba, ez gaude ados.

Baina udalei dagokie prezioa mugatzeko eskatzea.

Bai, baina erabakia Madrilen dago. Zuk eskatzen duzu, eta erabakia Madrilena da. Edonola ere, guk ezetz esan genuen ez dituelako errespetatzen gure eskumenak, baina urtebete beranduago ikusten ari gara emaitzei begira ere desastre hutsa dela, lortu nahi zuena lortu beharrean kontrakoa eragin du eta: alokairua garestitu egin da, eta eskaintza gutxitu.

Etxebizitza turistikoak mugatu egin behar dira?

Begira, etxebizitza legearen ondorioz alokairurako etxeak merkatutik desagertu dira, eta aldi baterako etxe turistiko gisa eskaintzen dira orain. Hala ere, etxebizitza turistikoak arautu behar dira, noski. Ez dauka zentzurik hiri batzuetan gertatu denak.

Zaintza lanak duindu egin behar direla esan zenuen, eta hori hirugarren sektorearekin egin behar dela, alegia, enpresekin batera. Zein oinarri jar litezke erakunde publikoetatik zaintzaren lan baldintza horiek onak izateko eta enpresek ere irabazteko?

Duintasuna ez du ekarriko publiko bilakatzeak. Langileen lan baldintzak eta baldintza ekonomikoak zaindu, hori egin behar da. Oztopo nagusia Atzerritarren Espainiako Legea da. Zeren asko dira lanean kontraturik gabe ari direnak, eta hortik etortzen dira gero arazo guztiak. Beraz, legea aldatzea oinarrizkoa da; guk egin ditugu saiakerak. Hemen, administrazioek azpikontratatzen dituzten zerbitzu guztietan sartuta daude gizarte klausulak deitzen direnak, lan baldintza batzuk bermatzeko eta abar. Hori kontuan hartu behar da.

Gizarte laguntzak. «Laguntzak bai, baina kontrola ere bai», esan zenuen, eta agentzia bat sortzea proposatu horiek kudeatzeko eta kontrolatzeko. Iruzurra handia dela uste duzu?

Gure proposamena da Ogasun Sailaren ardurapean egongo den agentzia bat sortzea. Helburua da kudeaketa eta koordinazioa hobetzea, bikoizketak saihestea eta azkarragoak izatea. Uste dut hori dela bitartekoen kudeaketa efiziente batean pentsatzea. Iruzurra badagoela? Bai, batzuetan agertzen da komunikabideetan. Gehiengoa da? Ez. Baina garrantzitsua da laguntzak behar dituenari ematea.

Udaltzainek armatuta joan beharko dute aurrerantzean. Seguruago sentiarazten zaitu horrek?

Polizia ikusten baldin badut inguruan, lasaiago ibiliko naiz beti. Prebentzioa garrantzitsua da.

Baina berdin dizu arma daraman edo ez?

Poliziak behar ditu behar dituen tresnak eta bitartekoak. 


Ertzaintzan hautsak harrotuta daude. Zein da konponbidea, zure ustez?

Hitz egitea. Elkarrizketa. Lan baldintzez hitz egiten ari gara kasu honetan, lan itunaz. Beraz, sindikatuekin egotea eta haiei entzutea dagokigu, eta proposamenak aurkeztea.

Imanol Pradales
Imanol Pradales. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
«Berrindustrializazioaz» jarduten duzu programan. Horren beharra sumatzen duzu?

Bai, eta aukera. Biak. Euskadi herri industriala da, eta orain sektoreak duen pisua Europako batezbestekoaren pare dago. Baina trantsizio energetikoak edo digitalak aukera berriak ekarriko ditu. Ardanzaren garaian planteatu zen industriaren eraldaketa, eta asmatu egin genuen. Baina, orain, uste dut momentua dela pentsatzeko trantsizio horietara guztietara nola egokitu. Nik aukera pila bat ikusten dut.

Enpresak errotzeko funts bat sortzea ere proposatu duzu; EH Bilduk ere jaso du programan. Zer enpresatan edo sektoretan egon beharko luke Jaurlaritzak?

Estrategikoak diren guztietan parte hartu behar du. Automozioan, esaterako, txapeldunak ditugu, mundu osoan dabiltzanak, eta horietan ez gaude. Garrantzitsua da horietan egotea. Inportantea da ez bakarrik enpresak bertan mantentzeko, baizik eta hazten laguntzeko. Zeren badauzkagu enpresa batzuk, ezkutuko txapeldunak deitzen direnak, nitxozkoak, oso lehiakorrak; gipuzkoarrak dira asko. Horiei tresnak eman behar zaizkie tamaina irabazteko.

Zuk esana da: «Harrobiari ondo ordaindu behar zaio». Zer iritzi diote horri enpresariek?

Oraindik ez didate ezer esan, baina enpresek jabetu behar dute orain gazteak ez direla lehen bezalakoak. Enpresek jakin behar dute zer baldintza eskaini behar dituzten gazte horiek erakarri nahi baldin badituzte. Soldata on bat, dudarik gabe. Baina ez hori bakarrik: malgutasuna, kontziliaziorako aukera, karrera profesionala egiteko aukera… Enpresak ere egokitu behar dira.

AHTaren lanak amaitzea «lehentasuntzat» daukazue, baita Nafarroako lotunea egitea ere. Nondik egin behar da konexioa, zure ustez?

Teknikariek esaten duten tokitik. Ministerioa ari da azterketa teknikoa egiten; ez dakit noiz eman behar dituen horren emaitzak. Baina teknikoki egokiena den tokitik. Nik ez daukat iritzirik.

Urdaibaiko Guggenheim hauteskunde programan sartu duzu. Ez duzu zalantza egiten.

Ez.  Apurka-apurka urratsak egin nahi ditugu. Bi urte dauzkagu aurrerapausoak emateko. Lan pila bat dago oraindik.

«Argi daukat [EAJ-PSE itunari buruzko] erabakia Pedro Sanchezek hartuko duela. Soilik bere interesei begira erabakiko du presidenteak».

Mesfidantza agertu duzu PSEri dagokionez. Sanchezek hitza eman dizue, ordea.

Sanchezek ez du ezer esan.

Bai, esan zuen. Eta argudiatu zuen itunak egonkortasuna eman duela.

Nik ez diot entzun oraindik. Dena den, argi daukat erabakia Sanchezek hartuko duela. Hauteskundeen emaitza zein den ikusi beharko da, hemen eta Katalunian. Gureak 21ean dira; Kataluniakoak, berriz, maiatzaren 12an. Sanchezek soilik bere interesei begira hartuko du erabakia.

Gehiengorik lortuko ez bazenute, gutxiengoan gobernatuko zenuke?

Urkulluren lehen agintaldia bakarrik eta gutxiengoan izan zen. Bigarren legealdian alderdi sozialistarekin egon zen gobernuan, baina gutxiengoan. Gehiengo absolutua hirugarrengoan eduki du bakarrik. Beraz...

Beraz, ez duzu PP ekuazioan ikusten.

Nik oraindik ikusten dudan gauza bakarra da azken txanpan gaudela, eta emaitza inork ez dakiela. Euskal gizarteak zer esan duen ikustean hitz egingo dugu gobernagarritasunaz. Baina nik uste dut herritarren konfiantza berreskuratuko dugula; sinetsita nago.

Legebiltzarraren gehiengo handi bat abertzalea izango da hurrengo legealdian. Zertarako balioko du horrek, zure ustez?

Aukera ona da EH Bildu eta beste alderdi politiko batzuk autogobernuaren adostasun berrian sartzeko. 1979an ezker abertzaleak egindako hanka sartzea konponduko litzateke horrela. Ea gai garen orain denon artean adostasun zabala lortzeko.

Autogobernu handiagoa nahi duzu, eta nazio aitortza, estatutu berri batean. EAJk eperik badu buruan?

Joan den azaroan alderdi sozialistarekin sinatu genuena da urte eta erdi genuela Gernikako Estatutuaren karpeta ixteko, eta hortik aurrera beste bat zabalduko genuela autogobernu berriaren inguruan. Hori daukat buruan.

Marisol Garmendiak esan zuen zaila izango dela Gizarte Segurantza legealdi honetan eskualdatzea.

Ez nekien ministroa zenik.

Espainiako Gobernuaren izenean hitz egiten du hemen...

Tira, hemen denetarik entzun dugu. Baina badakigu nork agintzen duen: Sanchez presidenteak.

Bruselan ere ahotsa izan nahi duzue. Nola?

Lehen urratsa Ecofinen [Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza Ministroen Kontseiluan] egotea izan beharko litzateke. Erraza izan daiteke baldin eta borondate politikoa badago. Hortik aurrera, behin ate bat zabalduta, beste ate batzuk zabaltzeko aukera izango dugula uste dut.

Imanol Pradales (EAJ) | Galdetegi azkarraIkus-entzunezkoen taldea

MOTZEAN

  • Badakizu nola duen izena zure familia medikuak? Bai, Patricia. 
  • Zein duzu etxeko hizkuntza? Eta lanekoa? Alabarekin, euskaraz; emaztearekin, erdaraz. Lanean, euskaraz eta erdaraz.
  • Inoiz lapurretarik egin dizute? Ez. Emazteari bai.
  • Beldurrik izan duzu inoiz gauez etxerako bidean? Ez. Gutxi ibiltzen naiz gauez ja.
  • Zaintza lanik egitea egokitu zaizu? Bai, amarekin, gaixorik egon zenean.
  • Etxea zurea duzu, edo alokatua? Nirea... Gurea, hobeto esanda.
  • Zer auto duzu? Audi bat, 2011koa, diesela. Zaharkituta geratzen ari da.
  • Terrazetan erretzea debekatu behar da? Ez dut uste.
  • Gutxieneko soldata gehigarria jarri behar du Jaurlaritzak? Ondo pentsatu beharko nuke.
  • Internetez erosten duzu? Zer erosi duzu azkena? Gutxi. Tramankulu elektronikoak erosi izan ditut.
  • Sakelakoak debekatu behar dira eskoletan? Arautu beharra dago; ikastetxe bakoitzak erabaki dezala noiz bai eta noiz ez.
  • Zinema ala plataformak? Orain plataformak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.