Helegitea aurkeztu dute Urdaibaiko ur emari ekologikoa murriztearen aurka

Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik egin dute neurriaren aurka. Horien iritziz, Uraren Euskal Agentziak ez ditu errespetatu biosferaren zenbait babes neurri, eta oinarri zientifikorik gabe hartu du erabakia.

Urdaibaiko Mape erreka lehortuta, artxiboko irudi batean. OLAIA ZABALONDO / BUSTURIALDEKO HITZA
Urdaibaiko Mape erreka lehortuta, artxiboko irudi batean. OLAIA ZABALONDO / BUSTURIALDEKO HITZA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko uztailaren 4a
13:03
Entzun

Ekologistak Martxan eta Eguzki elkarte ekologistek helegitea aurkeztu diote Uraren Euskal Agentziak Busturialdeko ibai sarean gutxieneko emari ekologikoa murrizteko hartu zuen erabakiaren aurka. Joan den maiatzaren 24an neurria salatu zuten bi elkarteek, eta gaur jakinarazi dute gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zutela astelehenean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren aurrean.

Ur emari ekologikoa kontzeptuak adierazten du ibai baten ibilguan haren balio ekologikoak babesteko behar den gutxieneko ur emaria. Balio horien parte dira inguru horretako bizidunen habitat naturalak, eskaintzen dituen zerbitzu ekosistemikoak, muturreko egoera klimatologikoak edo hidrologikoak apaltzeko duen gaitasuna eta haren paisaia.

Joan den maiatzean, Oka unitate hidrologikoaren emari ekologikoa murriztea erabaki zuen Uraren Agentziak. Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik nabarmendu dute unitate horren ibai sare osoa Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dagoela, eta, gainera, zenbait hezeguneri nazioartean babesa aitortzen dien Ramsargo Konbentzioaren aterpean dagoela. Konbentzio horretan jasotako eremuek babes maila berezi bat dute hezeguneen kontserbaziorako eta erabilerarako, duten garrantziagatik. Esaterako, ezin zaie aplikatu lehorte deklaratutakoetan gutxieneko emariak murriztea ahalbidetzen duen araudia.

%61

 

Zenbat murriztuko den tarte batzuetan Urdaibaiko ibai sarearen gutxieneko ur emari ekologikoa, baldin eta Uraren Euskal Agentziak gutxieneko emari horren muga beheratzeko hartu duen erabakia berresten bada.

Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik aurkeztu duten helegitearen arabera, emari ekologikoa murrizteko erabakiak urratu egiten du Urdaibaiko ibai sareari dagozkion zenbait babes neurri; besteak beste, Ramsargo Konbentzioan, Urdaibaiko Legean, Plan Gidariaren Dekretuan eta Natura 2000 Sarearen araudian jasotakoak.

Ekologistek, «ebazpena arretaz aztertu ondoren», uste dute «arduragabea» dela ur emariak «ahal den neurrian» errespetatuko direla adieraztea, «premiazko neurri batzuk» hartzeari uko egiten zaion aldi berean; hala nola «antzinako eroanbideetan izandako galerak ezabatzea edo kaleak edateko urarekin ureztatzeari uztea. Merkeago ateratzen zaie ibai saretik ura hartzea ihesak konpontzeko inbertitzea baino», salatu dute ohar batean.

Kontrasterik ez

Elkarteen iritziz, Uraren Agentziak informazio zientifiko nahikorik eta egiaztaturik gabe hartu du ur emaria murrizteko erabakia. «Ez dago kontrasterik, ezta jarraipenik ere. [Bilboko eta Bizkaiko Ur] Partzuergoak 2022an egindako edukierei buruzko datuak bakarrik». Partzuergoak Ur Agentziari aurkeztu zion txostenak gabeziak dituela nabarmendu dute, «ur edukietara mugatzen baita, ibai ekosistemak osatzen dituzten beste elementuak kontuan hartu gabe; hala nola ibaiertzeko basoen egoera, uraren tenperatura, kutsatzaile eta giza esku hartzerik eza edo legez kanpoko gaikuntzen kontrola».

Bilboko eta Bizkaiko Ur Partzuergoaren proposamena aplikatuz gero, gutxieneko emari ekologikoak «murrizketa handiak» izango lituzke, Ekologistak Martxan-en eta Eguzkiren esanetan: %61erainokoak.

Ekologistek gogorarazi dute Urdaibai tentsio handiko eremua dela, eta ur eskaria handitu egiten dela uda garaian, eskualdeak hartzen duen bisitari kopuru handiarengatik. «Ibaiek ez dute gehiago ematen, bizitzarako baldintza egokietan gorde nahi baditugu». Ohartarazi dute ibaiak zaintzea ezinbestekoa dela Urdaibaiko Biosferaren Erreserba kontserbatzeko. Elkarteek ez dute baztertzen «instantzia guztiak agortzea, judizialak barne, zentzugabekeria hori gelditzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.