Hego Euskal Herriko biztanleen %28k 65 urte edo gehiago izango dituzte hamabost urte barru

INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Hego Euskal Herriko biztanleriak hiru milioi pertsonaren langa gainditua izango du 2039an. Are, Nafarroak biztanle gehiago izango ditu Gipuzkoak baino.

Herritar batzuk Donostian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Herritar batzuk Donostian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko ekainaren 24a
16:45
Entzun

Biztanleriaren bilakaerari buruzko datuak argitaratu ditu INE Espainiako Estatistika Institutuak. Horren arabera, hamabost urte barru ia 115.000 lagun gehiago biziko dira Hego Euskal Herrian. Hortaz, hiru milioi pertsonaren langa gaindituko da. Gaur-gaurkoz, 2.905.839 pertsona bizi dira eremu horretan, eta 2039rako 3.020.000 lagun izango direla aurreikusi dute. Igoera, beraz, %4koa izango da. Horietako %28k 65 urte edo gehiago izango dituzte.

Nafarroan izango da gorakadarik handiena: %11. Izan ere, Gipuzkoan baino ia 10.000 lagun gehiago biziko dira bertan; Nafarroan 753.338 eta Gipuzkoan 743.982, hain zuzen. Bizkaian ez da gorakada nabarmenik espero. Gaur egun, 1.150.000 lagun bizi dira lurralde horretan, eta 3.200 gehiago biziko dira 2039an. Gorakada %1 baino gutxiagokoa izango da. Araban 21.000 lagun gehiago biziko dira, hau da, %6,19 gehiago.

Espainiatik kanpoko migratzaileei esker ugarituko da biztanleria Hego Euskal Herrian, 310.000 migratzaile gehiago egongo baitira 2039an. Lau lurraldeetan antzeko gorakada izango da: %75 inguru. Halere, Araban izango da handiena. 52.300 migratzaile bizi dira bertan gaur egun, eta 92.000 inguru biziko dira hamabost urte barru.

Orain bezala, emakume gehiago egongo dira, gizonak baino; 1.542.925 eta 1.476.350 izango dira, hurrenez hurren. Izan ere, antzeko gorakada izango dute bai emakumeen kopuruak eta bai gizonenak: 2039an 56.089 emakume gehiago izango dira, eta 57.347 gizon gehiago. Andreak %3,77 gehiago izango dira; gizonak, berriz, %4,04 gehiago.

Gero eta adingabe gutxiago

Aurreikusi dutenez, populazioa gero eta zaharragoa izango da Hego Euskal Herrian. Izan ere, 65 urtetik gorakoen kopuruak nabarmen egingo du gora: 633.810 dira orain, eta 831.086 izango dira 2039an. Igoera %31ekoa izango da, eta populazio osoaren %28 izango dira. Gazte kopuruak, aldiz, behera egingo du.

Oro har, gero eta adingabe gutxiago izango dira: biztanleen %13. Gaur egun, 465.000 adingabe baino gehiago daude (kopuru osoaren %16), eta 391.000 izango dira 2039an. Jaitsiera %16koa izango da. 18 eta 30 urte bitarteko gazteen kopuruak, berriz, %12,35 egingo du gora, eta 430.000 pertsonaren langa gainditu: biztanleen %14 izango dira.

%27

30 urte edo gutxiago izango dituztenen kopurua INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %27k izango dituzte 30 urte edo gutxiago hamabost urte barru. Hain zuzen, biztanleen %13 adingabeak izango dair, eta %14, berriz, 18 eta 30 urte bitartekoak.

Lau lurraldeetan egingo du behera adingabe kopuruak, batez ere Bizkaian. %20ren aldea egongo da bertan; hau da, 33.900 adingabe gutxiago. Beherakadarik txikiena Nafarroan izango da: %9,5 inguru. Gipuzkoan eta Araban %16ko jaitsiera izango da. Lurralde guztietan, biztanleen %14 edo gutxiago izango dira adingabeak.

Zaharrak, berriz, lautik bat izango dira lurralde guztietan. Gorakadarik handiena Nafarroan izango da; 53.623 pertsona gehiagok izango dituzte 65 urte edo gehiago. Adin tarte horren parte diren herritarrak biztanleria osoaren %20 dira egun, eta %25 izango dira hamabost urte barru.

46 eta 65 urte bitartekoen taldeak ere txikitu egingo da. Gaur egun, adin tarte horretako 890.000 pertsona inguru bizi dira Hego Euskal Herrian, eta 812.791 izango dira 2039an. Hala ere, biztanleen %27 izango dira. Hortaz, biztanleen %55ek izango dituzte 46 urte edo gehiago, eta %27k 30 urte edo gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.