EHE-ko kideak

Sugoi Etxarri eta Intza Gurrutxaga: «Harrokeriarik gabe, harrotasunez, izan euskaldun»

Heldu den astean Harrotze Astea da, EHEk antolatuta; helburua euskaltzaleek «kalea hartzea» dela esan dute Etxarrik eta Gurrutxagak.

Sugoi Etxarri eta Intza Gurrutxaga. GORKA RUBIO / FOKU
Sugoi Etxarri eta Intza Gurrutxaga. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

Euskaltzaleen aldarriak propio lehen lerroan jartzeko, eta horiek gero eta trinkoagoa den sare batean ehuntzeko, Harrotze Astea antolatu du EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek heldu den asterako. Intza Gurrutxaga (Getaria, Gipuzkoa, 1996) eta Sugoi Etxarri (Larraun, Nafarroa, 1997) EHEko kideek «kalea berriz hartzeko» dei bat dela azaldu dute. Eta horrexegatik, hain justu, kaleko hizkuntzari keinu bat egin nahi izan diote asterako hautatu duten leloan: Euskaraz ta harro. Animatu nahi dituzte euskaltzaleak parte hartzera eta lelo hori bera erabilita sare sozialen bidez-eta egiten dituzten jardunbideak «partekatzera». Inguruan euskaraz egin ezin dituztenak «behatzeko» eskatu diete, eta «eragiteko jarrera bat» hartzeko. 

Zer taxu eman nahi izan diozue aste honi?

INTZA GURRUTXAGA: Euskal Herriko euskaltzale oro kolektiboki harrotzeko egitasmo baten moduan irudikatu dugu. Lehen Ezabaketa egunak eta Ezabaketa Asteak antolatzen zituen EHEk, eta aurten egin nahi izan da ikuspegia zabaldu; ezabaketez gain bestelako ekintzetarako aukera zabaldu nahi izan da, eta horietan parte hartzeko deia egin.

SUGOI ETXARRI: Bereziki, euskararen aldeko tokiko borrokak berpizteko ariketa kolektibo bat da. 

Euskaltzaleak «harrotzeko» astea dela esan duzue. Harro Herri izan da Korrikaren leloa aurten. Asmoa bat bera da?

ETXARRI: Nik uste dut ez dela kasualitatea izan. Ez da bata bestearengatik izan, baina uste dut biek kausa bera dutela. Oldarraldiaren ondorioz berriz gure zapalkuntzaren kontzientzia berpizten ari da, eta kontzientzia horrek eskatzen du ahalduntze bat, harrotze bat, eta uste dut hortik etorri dela kontzeptu hori berreskuratzea.

GURRUTXAGA: Askotan hizkuntza gutxituetan konplexuak izaten dira zenbait esparrutan euskaraz aritzeko, euskarari eusteko, eta nik uste horrekiko ere badela aldarrikapena. Indartu, ahaldundu, harrotu: ikuspuntu horretatik. Aipatu izan dugu aurrez ere: harrokeriarik gabe, harrotasunez, izan euskaldun. 

Zer ekintza eta jardunbide egingo dira astean zehar?

ETXARRI: Aurreko Ezabaketa Asteetan planteatzen zenaz harago, paisaian eragin nahi dugu, baina zabaldu nahi izan dugu ekintza moten espektroa, eta aukera zabalak eman ditugu. Gida bat prestatu dugu, eta gida horretan hainbat ideia eman  ditugu, baina tokian-tokian molda daitezke, eta ideia ezberdinak martxan jar daitezke: elkarretaratzeak, ekintza sinbolikoak, topaketak, adierazpenak, sare sozialetan egindako ekintzak... Baina guztiek izango dute komunean kalean izango direla: kalea hartuko dugu. Kalea, zentzu zabalean, gaur egun ulertuta sarea ere kalea dela, nolabait ere: plaza dela.

GURRUTXAGA: EHEk antolatuko ditu ekintza nazional batzuk, baina batez ere asmoa da norberak tokian tokiko borrokak piztea. 

Ekintza nazional horien artean nagusiak zeintzuk izango dira?

ETXARRI: Ekintza bakoitzak izango du lelo bat edo mezu nagusi bat, eta bakoitzean aldarrikatuko du euskaraz bizitzeko behar dugun zerbait. Adibidez, ofizialtasuna Euskal Herri osoan. Formatu oso ezberdin askotako ekintzak izango dira, Euskal Herrian luze-zabalean egingo ditugu, herritar sektore hainbatekin. Esate baterako, Beskoitzen (Lapurdi) hezkuntza euskaldunaren aldeko topaketa bat egingo dugu. Donostian, berriz, euskaldunon aurkako oldarraldi judizialaren eragileak seinalatuko ditugu. 

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen hurrengo egunean hasiko da astea...

ETXARRI: Hori ez genuen espero. Sorpresa izan da. Baina, bueno, momentu konkretu bakoitzeko hauteskundeetatik eta agenda instituzionaletik harago, euskaldunok bizi ditugunak nahiko iraunkorrak dira. Espero dezagun ekinaldi honek balio izatea hurrengo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuak euskararen egoeraren kontzientzia hartzeko, eta konpromiso handiagoa hartzeko inbertsio publikoari dagokionez, eta erabaki politikoen irmotasunari dagokionez. 

Hasiera eta bukaera ekitaldiak izango ditu asteak?

GURRUTXAGA: Hasiera ekitaldirik ez da izango. Bukaera, bai. Baigorrin Nafarroaren Eguna urtero izaten da, eta justu Harrotze Astearen azken egunarekin batera da. Orduan, eta Basaizea elkartearekin harreman bat hasteko helburuarekin, amaierako ekitaldia han egingo da, egitarauaren barruan; horrekin biribilduko dugu astea. 

Parte hartzeko deia egite aldera, zer mezu eman nahi duzue? Nori zuzenduta?

ETXARRI: Harrotze Astea gonbidapen zabal bat da, gonbidapen ireki bat, kalea berreskuratzeko beharra ikusten duen euskaltzale orori irekia, eta euskaltzale guztiak gonbidatu nahi ditugu bertan parte hartzera, modu batera edo bestera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.