Hamabost urte arteko espetxe zigorrak, bi pertsona aihozkadaka hiltzen saiatzeagatik, Iruñean

Epaileak bost pertsonari jarri die kartzela zigorra, eta akusatu bat absolbitu du. Erasoa talde kriminal batzuen artean adostu zuten.

Justizia Jauregiko gela bat, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Justizia Jauregiko gela bat, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
nerea intxausti
2024ko irailaren 6a
13:15
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak hamar eta hamabost urte arteko espetxe zigorra ezarri die bost pertsonari, 2021eko udan Iruñeko Sanduzelai auzoan aihozkadaka bi gizon hiltzen saiatzeagatik. Zigortuetako bi anaiak dira, iruindarrak, eta egindakoa onartu egin zuten epaiketa baino lehen, ekainean. Aitortu zuten erasoa egin zutela, biktimek haien aitari egin ziotelako eraso, eta «mendeku» modura. Hamar urteko kartzela zigorra ezarri diete. Beste bi akusatuk ez dute epaiketarik izan: haietako bati zazpi urte eta erdiko urteko zigorra ezarri dio epaileak, eta bi urtekoa, laugarrenari. Aringarria aplikatu die delitua aitortzeagatik eta kalteak erreparatzeagatik.

Bada beste zigortu bat ere, bosgarrena: epaileak hamabost urteko zigorra jarri dio, handiena, erasoaren eragilea izateagatik. Ez dute frogatu talde kriminal bateko kide zenik —zigortuak Zaragozako (Espainiako) talde kriminal bateko kideekin jarri ziren harremanetan erasoa egiteko—. Akusatu bat errugabetu egin dute, frogatu baitu ez zela Iruñean izan erasoa gertatu zen egunean.

Hiru urte igaro dira

2021eko udan gertatu zen «hilketa saiakera» hartan bi biktima izan ziren: batek zauri larriak izan zituen; haietako batek zauririk gabe ihes egitea lortu zuen. Biek ala biek eraso egin zioten zigortu dituzten anaien aitari. Sententziaren arabera, eraso hori dela eta, anaietako batek ezagun bati hots egin zion, eta Zaragozako talde kriminal bateko kideak bidali zituzten bi biktimak hiltzera. Iruñean jarri zuten hitzordua. 

Uztailaren 23an, 21:30 aldera geratu ziren biktimekin, azalpenak eskatzeko aitzakiarekin. Sei pertsona azaldu ziren gero. «Ezkutatuta zeuden, eta aurpegia estalita zuten; arma zuri handiak zituzten, eta, biak akabatzeko asmoz, aihotzekin erasotzen hasi ziren», Fiskaltzak adierazi duenez. Biktima hiltzeko aginduak eman zituzten. 

Biktimetako bati kaskezur zati bat puskatu zioten, eta lesio larriak izan zituen bularraldean, bizkarrean eta besoetan; 63.967 euroko kalte ordaina eman beharko diote. Gainera, 20 urteko urruntze agindua ezarri diete denei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.