Gorka Urtaran ABBko buruzagitzarako lehiatuko da

Gasteizko alkate ohiak berretsi du EAJko Arabako burua izateko bigarren hautespen aldian egongo dela. Egungo zuzendaritzaren hautagai ofizial Jone Berriozabalekin lehiatuko da.

Gorka Urtatan. BERRIA
Gorka Urtatan. BERRIA
xabier martin
2024ko urriaren 30a
11:00
Entzun

Arabako Uri Batzarren %80k Jone Berriozabalen alde bozkatu dute EAJk abiarazi duen barne prozesuan, baina Gorka Urtaran gailendu da batzoki gutxi batzuetan. Ikusteko zegoen bigarren hautespen aldirako hautagai gisa aritzeko urratsa egingo ote zuen Gasteizko alkate ohiak, eta dagoeneko berretsi du ABBko presidentea izateko lehia horretan egongo dela.

ABBko presidente Jose Antonio Susok berak onartu zuen lehen hautespen aldia abiatu berritan Arabako jeltzaleen errealitatea: bi ildo politikoen lehiak baldintzatu egiten du zuzendaritza berritzeko prozesua. 2012an, Xabier Agirrek hartu zuen Iñaki Gerenabarrenaren lekukoa ABBren buruzagitzan, eta, modu horretan, berritzaileen taldea ildo subiranistenari gailendu zitzaion. Ordutik, Egibarren ildoarekin bat datorren korrontea zokoraturik egon da Araban; baina, lehen hautespen aldian, Gorka Urtaranen alde egin dute batzoki batzuetan, egungo zuzendaritzaren hautagai Jone Berriozabalen alternatiba gisa.

Eta orain, Gasteizko alkate ohiak aurrerapausoa eman du bigarren faserako hautagai izateko, ildo kritikoaren buru gisa. Gogoratu behar da egungo zuzendaritzak erabaki zuela —Suso buru zela— Urtaranek ez zuela jarraituko alkate gisa, eta Beatriz Artolazabal egin zuen alkategai jeltzale. Emaitza oso txarra izan zuen hark iazko udal hauteskundeetan, eta Urtaranek badu orain ABBko buruzagitza lortzeko aukera bat, nahiz eta batzoki gehienetan Berriozabal Berdintasuneko foru diputatuaren alde egin duten.

Azaroaren 8an hasiko da Arabako barne prozesuaren bigarren hautespen aldia, eta hilaren 20an bukatu; lurraldeko afiliatuek bi hautagaien artean aukeratu ahal izango dute. Azaroaren 23rako izendatuko dute ABBko zuzendaritza berria. Uri Batzar bakoitzean hautagai batek irabaz dezake, eta ikusteko dago oinarrien hautua zein izango den jakinik Urtaran ere lehian dagoela. EAJko zuzendaritzaren nahien aurkako matxinada gisa ere uler daiteke Urtaranen erabakia, baina primarioen prozesuak uzten dituen aukerak baizik ez ditu aprobetxatu.

Bizkaia eta Gipuzkoa

Bizkaian eta Gipuzkoan ere azaldu dira BBBko eta GBBko presidente izateko hautagai alternatiboak. Bizkaian, batzuek ez zuten ongi hartu EBBk Iñigo Urkullu ordezkatzea erabaki izana, eta, iturri batzuen arabera, orain Urkullu bera ari da koordinazio lanak egiten BBBren zuzendaritzaren eta haren alternatiba gisa jokatzen duen talde baten artean, zerrenda bateratua lortze aldera. BBBko buru Itxaso Atutxa badoa, eta haren ordezko izateko hautagai ofiziala Iñigo Ansola da, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari ohia. Batzoki gehien-gehienetan haren alde egin dute, baina David Salinas Armendarizek ere lortu du bigarren hautespen aldian sartzea. Beste hautagai batek ere badu bigarren itzulian aritzeko eskubidea: Olatz Garamendi Autogobernu sailburu ohiak. Salinas Armendarizek ez du oraindik iragarri bigarren hautespen aldian egongo den ala ez, baina lehian izango dela espero da.

Gipuzkoan, berriz, ezuste handia eman du Donostiako alkateak, Eneko Goiak. GBBko presidente Egibarrek ahoz izendatu zuen bere hautagaia: Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko burukidea, legebiltzarkide ohia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako jeltzaleen bozeramailea. Hautagai ofizialaren alde egin dute lurraldeko batzoki gehienetan, baina Goiaren aldeko apustua ere zabaldu da, batez ere Donostiako batzoki batzuetan.

Gipuzkoan ez dago sektore kritiko sendorik Araban bezala, baina Goiak bigarren itzulia hasi aurretik argitu beharko du uko egingo ote dion hautagai izateari. Gaur arte ez du ezer esan, eta aldagai hori tentsio iturri bihurtu da. Horrez gain, Imanol Lasa GBBko kidea gailendu da batzoki batzuetan, eta hark ere luze gabe deliberatu beharko du aurrera egingo duen ala ez. Ezin da baztertu Goia babestu dutenek aldaketak bultzatu nahi izatea Arrizabalaga buru lukeen zerrendan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.