Pastor
Darwin eta gu

Gora, polit hori!

2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

Astelehena, apirilak 29, arratsaldeko ordu biak. Euskal Herriko bi hiriburu lotzen dituen autobusa irtetear da. Bidaiariak barruan sartzen ari dira. Gidaria, 40 urte izango ez dituena, kanpoan dago, haien txartelak begiratzen. Hogei urte pasatxo dituen neska batek berea erakutsi dio. Gizonak seduzitzaile merkearen begirada zuzendu dio: «Arriba, bonita!». Halaxe azaldu dio goiko pisura igo behar duela, eserlekua hor dela. Gora, polit hori!

Neskak keinu desatsegina egin du. Nor da gizona horrela berba egiteko? Ez laguna, ez ezaguna. Hala ere, ez du ezer ere esan. Autobus konpainiari kexa helaraziko dio portaera salatzeko? Ez du merezi. Zertarako? Ez da neska bakarra, halakoak jasaten dituena. Seguru. Neska askok bezala egingo du berak ere: isildu egingo da. Barneratua du ahotsa altxatzea denbora galtzea izango dela. Nekatuta dago. Eta nazkatuta. Gainera, zertaz kexatu behar du?  «Gora, polit hori!», esan dio, ez «gora, urdanga hori!». Lore bat izan da. Feminista zoro horietako bat dela pentsatuko dute.

Gizona lasai asko sartu da autobusean. Lan gogorra da berea, baina batzuetan neska panpoxak ikusteko aukera ematen dio. Mutil eder bati hori esango lioke? «Gora, polit hori!»? Marikoia dela uste lezakete besteek, mesedez! Eta bera oso gizona da. Oso. Gainera, auskalo zer erreakzio mota izango lukeen mutil lirainak.

«Alkatetza inoiz EH Bildurena izanez gero, berdin segituko du kontuak? Auskalo. Nik, badaezpada ere, ez nuke galdeketarik egingo herritarren artean».

Gora, polit hori! Zer hausnartua ematen du gizon gazte bat hala mintzatzeak. Ez da eskola zaharreko aitona adinez; bai, ordea, adurti horietako bat ekinez. Ohitua da halakoak botatzen, antza. Non eta lanean. Zer ez du egingo beharlekutik kanpo, zapatu gau batean, adiskideekin dagoela, neska polit horietako bat ikusten duenean. Edo festetan, alkoholean blai-blai eginda dagoenean. Areago inguruan neskarik badago arropa gutxirekin. Probokatzen. Etxetik horrela irtenda edo jai egitarau batean sartuta. Majorette batzuen aurrean, adibidez. Joan den larunbatean Gasteizko erretretan bezala.

Egia esan, emanaldia ikusi eta harritu egin nintzen. Minigona dantza. Sinetsia nengoen haragi erakustaldi gehiagorik ez zela. Usteak erdi ustel. Antzekorik antzina ikusi nuen azkenekoz. Beasainen, Loinatz jaietan. Jadanik ez dela halakorik egiten esan didate hango lagunek. Ea, bada, ez gaizki ulertu: ez da ohituren zaindari, aiatola baten moduan jokatzea, baina denok dakigu majorette-en tradizioa nondik datorren, zergatik janzten diren horrela. Demodé begitantzen zait. Behin adurtien desioak asebetetzen hasita, alde guztietako jendearen gogoei erreparatzea izango litzateke zuzenena. Boy talde bat ateratzea, behar dena ondo markatua, halakoak gustukoak dituztenek ere goza dezaten. Ez naiz ezer puzten ari, ez. Hauxe idatzi zuten iaz Gasteizko hedabide batean erretretari buruzko iruzkinetan: «Ederrak daude majorette-ak. Horietako bat ezagutu nahi nuke, baina pentsatzen dut funtzionarioen zirkulu itxietan egongo direla, jende horrekin, betiko moduan». Eta aurten, beste batek —beste batek edo iazko berak—: «Txoratu egiten naute majorette-ek. Espero dut betikoek —les de siempre, erdaraz— debekatuko ez dutela».

Tira, dagoena dago. Ez dagoena balego… Beharbada, hogei urte barru-edo kenduko dute zirkua. EAJ egon da alkatetzan eta ganadu desfilea egin dute kalean. Orain PSE-EEkoa dugu lehen mandataria. Andrazkoa. Eta hor daude gure majorette-ak. Alkatetza inoiz EH Bildurena izanez gero, berdin segituko du kontuak? Auskalo. Nik, badaezpada ere, ez nuke galdeketarik egingo herritarren artean. «Azken batean, neskak baldin baditugu, horrela agertzeko prest daudenak, eta gustura egiten badute…», adieraziko dute batzuek. Eta, gainera, zenbait lagunen begiak alaitzeko balio badute, zergatik ez. Eta desfilean deskuiduan izterra apur bat jasotzen badute, askoz hobeto. «Gora, polit hori!», bota lezake kabernikola batek. Eta gero korrika joan autobus geltokira, beste neska polit bati eserlekua goiko pisuan duela esatera. Burua bero. Eta hankartea are beroago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.