Giza Eskubideen Behatokiak lanari berrekingo dio, «estatuko biktimen fiskaltza soziala» izatea xede

Ia hamarkada bateko etenaren ostean, berriz helduko dio lanari behatokiak, «hutsune bati» erantzuteko. Biktimen arteko «diskriminazioarekin» amaitzea eta estatuaren biktimek egia judiziala jasotzea jarri dituzte helburu gisa.

Iratxe Urizar eta Agus Hernan, goizeko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Urizar eta Agus Hernan, goizeko ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2024ko ekainaren 29a
13:40
Entzun

Ia hamarkada bateko etenaren ostean, «bigarren etapa bati» ekingo dio Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak. Donostiako Miramar jauregian egin dute aurkezpena, giza eskubideen defentsan lanean ari diren zenbait eragileren eta eskubide horien urraketak jasan dituzten beste horrenbeste kideren aurrean. Horiei mintzatu zaie Agus Hernan luzaroan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaile izana, eta behatokiaren bokazioa zein izango den zehaztu die: «Estatuko biktimen fiskaltza soziala izatea».

Ikuspegia eta misioa. Biak ditu Giza Eskubideen Behatoki berrituak, eta horietan egin dute azpimarra Hernanek eta Iratxe Urizar abokatuak aurkezpen ekitaldian. Hernanek adierazi duenez, lehen etapa hartan egin bezala, orain ere behatokiaren xedea izango da estatuaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak jasandakoen defentsa. Izan ere, argudiatu du aferari heltzeko behar bat ikusi dutela: «Gure iritziz, Foro Sozial Iraunkorra desagertu ondoren, hutsune bat sortu zen biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko duten eskubidearen aldeko lanean». Eta azpimarra berezia egin du estatuaren biktimek jasaten duten «tratamendu asimetrikoan» eta «diskriminazioan».

«Foro Sozial Iraunkorra desagertu ondoren, hutsune bat sortu zen biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko duten eskubidearen aldeko lanean».

AGUS HERNANBehatokiko kidea

Hala ikusten dute estatuaren biktimek ere, Urizarrek gehitu duenez. Hark azaldu du bilkura ugari egin dituztela horiekin, eta haietatik ateratako ondorioetako bat izan dela erakunde publikoek «zeharo abandonatuta» dauzkatela sentitzen dutela. «Bigarren mailako biktimak direla sentiarazi diete, birbiktimizazio etengabea jasanarazi diete, eta horrek guztiak mesfidantza handia sortu du beraiengan».

Hernanek aitortu du azken urteetan zenbait aurrerapen egin direla. Hala nola EAEko 12/2016 eta Nafarroako 16/2019 legeak aipatu ditu. Horiek baliatuta, estatuaren 346 biktima aitortu dira; azkenetako batzuk izan dira Angel Berrueta eta haren familia. Horrekin batera, hor dago Kriminologiaren Euskal Institutuaren lana ere: haren txostenen arabera, Euskal Herrian gutxienez 5.379 tortura kasu izan dira. «Aitorpen horrek amaiera eman dio torturaren negazionismoari», adierazi du Hernanek, eta gehitu balio izan duela «lehendik dagoen egia soziala» osatu eta «egia ofiziala» ere aitortzeko.

Baina badira mugak «orain arte ezkutatuta egon den errealitate gordin bat» azalarazteko. Batetik, Hernanek salatu du agerikoak direla «GAL sustatu eta tortura babestu» dutenek azken urteetan «negazionismotik autojustifikaziora» egindako bidea. Eta horren adibidetzat jo ditu Juan Alberto Belloch eta Jose Barrionuevo Espainiako Gobernuko ministro ohien adierazpenak. Bestetik, urratsak egiten ari diren erakunde horiek biktimen «justizia eskaerari» erantzuteko duten eskumenik ezari erreparatu dio.

Agerraldia jarraitu duten lagunetako batzuk, Miramar jauregian. GORKA RUBIO / FOKU
Agerraldian izan diren lagunetako batzuk, Miramar jauregian. GORKA RUBIO / FOKU

«Ukatutakoa» eman

Hor sartu nahi du eskua Giza Eskubideen Behatokiak. Izan ere, Hernanek gogoratu du estatuaren indarkeriak 400 lagun hil dituela, eta mila baino gehiago zauritu, eta 6.000 lagun inguru torturatu dituztela, baina urraketa horiek eragin dituztenen tratamendua ez dela beste batzuen berdina izan.

Hernanen esanetan, «osotasun fisikoa, errugabetasun presuntzioa, berme guztiekin egindako epaiketa justua eta, kartzela zigorra ezarriz gero, espetxe tratamendu egokia» oinarri dituen tratamendu bat jaso beharko lukete. Eta horrek helburutzat izan beharko luke «estatuaren biktimei egia judiziala eta justizia ematea», eta ez «justizia penal zigortzaile bat» aplikatzea. Hala, balioko luke biktimen arteko «diskriminazioa» amaitzeko.

Giza Eskubideen Behatokiko kideek, baina, ez dute halako urratsik egiteko borondaterik ikusten estatuan. Izan ere, Urizarrek txarretsi du estatuaren biktimek ez edukitzea mekanismo judizialik argitu gabeko auziak argitzeko, eta horiek familiek edota Egiari Zor fundazioak abiatutako ekinbideetara mugatu ohi direla: «Hori guztia astungarri onartezina da».

«[Helburuetako bat da] Giza eskubideen urraketa egin duen agentearen arabera biktimak tratatzeko orduan egon den asimetria agerian uztea».

IRATXE URIZARBehatokiko kidea

Hori ikusirik, nazioarteko legedia oinarri hartuta lan egitera deitu dute, biktima guztien eskubideak zein egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak ezartzea muin. Urizarren esanetan, bi dira xede nagusiak. Batetik, Espainiako Estatuak «ukatutako» egia, erreparazioa eta justizia lortzea biktimentzat. Bestetik, orain arte martxan egon diren tratamendu asimetrikoak etetea: «Giza eskubideen urraketa egin duen agentearen arabera biktimak tratatzeko orduan egon den asimetria agerian uztea».

Hori zehaztuta, abokatuak adierazi du lau ardatz nagusiren arabera egingo duela lan behatokiak: urraketei buruzko txosten alternatiboak egitea; nazioarteko organoetan salaketak aurkeztea; auzitan jarduteko estrategia bat zehaztea, «baldintzak betetzen diren auzietan» esku hartuz; eta giza eskubideen urraketei lotutako aferen inguruko topaketak zein batzarrak antolatzea. Horiekin batera, nazioartera begirako beste bi eremu ere zehaztu ditu Urizarrek. Arlo horretan lanean ari diren Europako erakunde eta sareetan parte hartzea, eta eskubide urraketak salatzen dituzten ekinbideetan laguntzea.

Aholku batzordea

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak Aholku Batzorde bat aurkeztu du, «diziplina anitzeko eta ospe handiko» kidez osatua. Horietako gehienak legelariak dira, baina tartean badira historialariak, ekintzaileak eta giza eskubideen urraketen biktimak ere, euskal herritarrak zein atzerrikoak. Horien aurkezpena Martxelo Otamendi kazetari eta batzordeko kideak egin du: «Guztion arteko lotura printzipio unibertsal bat bada: biktima guztiei dagokien egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko eskubidea».

  • Eneko Etxeberria. Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia eta Egiari Zor fundazioko kidea.

  • Juanje Soria. Abokatu erretiratua. Foro Sozialeko kide izana, eta Nafarroako Torturatuen Sareko kolaboratzailea.
  • Nahia Aia. Medikua eta EHUko irakaslea. Kartzelako osasun eskubidearen arloan ari da prestatzen doktore tesia.
  • Laia Serra. Abokatu penalista, giza eskubideetan aditua. Tortura Prebenitzeko eta Salatzeko Koordinakundean parte hartu zuen.
  • Jone Goirizelaia. Abokatu eta politikaria. Giza eskubideen arloko mintegi eta ikastaro ugaritan parte hartutakoa.
  • Javier Buces. Aranzadi zientzia elkarteko Antropologia Saileko Memoria Historikoaren Arloko arduraduna eta NUPeko irakaslea.
  • Jorge del Cura. Torturaren Aurkako Elkarteko presidente, eta Tortura Prebenitzeko eta Salatzeko Koordinakundeko eleduna izana.
  • Olivier Peter. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurreko prozeduretan espezializatua.
  • Laura Pego. Zuzenbidean doktorea, eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlaria.
  • Martxelo Otamendi.Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari ohia, Egunkaria auzian atxilotua, torturatua, epaitua eta absolbitua.
  • Urko Aiartza. Abokatua eta Telesforo Monzon Laborategiko zuzendaria. Bake arloko zenbait erakundetako aholkularia da.
  • Verena Graf. Herrien eta gutxiengoen eskubideen aldeko ekintzaile diplomatikoa NBEn eta nazioarteok beste erakunde batzuetan.
  • Leire Imaz. EHUko Zuzenbide Zibileko irakaslea, eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrako kidea.
  • Santiago Bereciartua. Giza eskubideen arloko abokatua. Indarkeria instituzionala prebenitzeko politiken idazkaria da Santa Feko Zigor Arloko Defentsa Publikoan (Argentina).
  • Axun Lasa. Guardia Zibilak torturatua, eta GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxean Lasaren arreba.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.