Asmoa azaldua zuen erakundeak, eta gaur baieztatu du Gobernantza diputatu Irune Berasaluzek: Gipuzkoako Diputazioak helegitea jarriko du Kabia erakunde autonomorako ezarritako hizkuntza eskakizunen alde. Lehengo astean jakin zen Donostiako epaitegi batek ebatzi duela Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak «neurriz kanpokoak» direla. Bi langilek salatu zuten erakundea, oinarrizko eskubideak urratu izana argudiatuta; epaileak arrazoia eman die, eta bertan behera utzi du 2022an Kabiak onartutako 54 zaintzaile egonkortzeko deialdia. Gaur gobernu kontseiluaren osteko agerraldian Berasaluzek baieztatu du, ordea, epai horren kontra egingo dutela: «Gure eguneroko lana euskaraz egiten dugu, eta ez dugu atzera urratsik egingo euskararen normalizazioaren bidean».
Berasaluzek gogora ekarri du euskaraz lan egiteko eskubidea ez ezik hor dagoela herritarrek aldundiaren bidez jasotzen dituzten zerbitzuak «hautatzen duten» hizkuntzan jasotzeko eskubidea ere, eta alde horretatik ere beharrezkoak direla langile euskaldunak. Aintzat hartu behar da, gainera, Kabia erreferentea izan dela euskararen erabilera sustatzeko neurrietan. Zahar etxeak kudeatzeko ardura du. Halako egoitzak ditu Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Bergaran, Eibarren, Elgoibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen, Lasarte-Orian, Oñatin, Ordizian, Pasaian, Tolosan, Villabonan eta Zumaian.
Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarretaratze bat egin zuten atzo, Donostiako Gipuzkoa plazan, Kabiaren hizkuntza irizpideen kontrako epaia salatzeko. Izan ere, eragileek «euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat» jo dute ebazpena, eta halakoak eteteko eta hizkuntza eskubideak defendatzeko eskatu zuten. «Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu geroz eta bortitzagoa den oldarraldi judizial honetako sententzia hau», adierazi zuten. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere bat egin zuen atzo Kontseiluak eta sindikatuek deitu zituzten mobilizazioekin, eta baita tokiko euskalgintzak deitutako hainbat protestarekin ere.
Aurrera nola egin daitekeen ere aurreratu zuten euskalgintzak eta sindikatuek. «Administrazioa hamabost urtean euskalduntzeko proposamen errealista eta egingarria aurkeztu genuen», gogora ekarri zuten. «Gainera, azken hilabeteetan legelari adituek, Kataluniako eta Galiziako ereduak aintzat harturik, egungo hizkuntza eskakizunen eta derrigortasun indizearen markoa gainditzeko proposamena aurkeztu dute. Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra».
UEMAk ere sententzia honek eta tankerakoek ekarritako arazoez ohartarazi nahi izan du: «Erabiltzaileen eskubideez gain, langile askoren bizi jardunak dira epai honek urratu dituenak. Izan ere, asko izan dira zaintza duin bat eskaintzeko beharrezko euskara maila erdiesteko ahalegina egin duten langileak, nahitaezko baldintza modura ulertzen dutelako, eta, orain, ahalegin hori hutsaren hurrengo lekuan utzi du sententziak».