Ezkerra gailentzeko aukera

Eskuin muturraren arriskuaren itzalpean iraganen da Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulia. Capdeviellek eta Etxanizek diputatu kargua lortzeko aukera handiak dituzte, eta Dufauren eta Devezen arteko lehia izanen da seigarren hautesbarrutian.

Hautagaien afixak. GUILLAUME FAUVEAU
Hautagaien afixak. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Parisen eserlekua eskuratuko duten hiru diputatuak hautatuko dituzte gaur Ipar Euskal Herriko herritarrek. Frantziako Asanblearako hauteskundeen bigarren itzulia iraganen da, eta ezkerreko hautagaiek gailentzeko aukera handiak dituzte. Sorpresarik ezean, Iñaki Etxaniz eta Colette Capdevielle PSko kide eta NFP Fronte Popular Berriko hautagaiek irabazi beharko lukete laugarren eta bosgarren hautesbarrutietan; seigarrenean, Peio Dufau EH Baiko kide eta NFPko hautagaiaren eta Christian Deveze Kanboko (Lapurdi) auzapez eta Ensemble koalizio macronistako hautagaiaren arteko lehia espero da. Lehen itzulian, emaitza altuak lortu zituzten eskuin muturreko Batasun Nazionaleko hautagaiek, eta horiek errepikatzen entseatuko dira, pronostikoak gezurtatu eta Pariserako txartela lortzeko. 

Aspaldiko parte hartzerik altuena izan zen joan den igandean iragan zen lehen itzulian, eta NFPko hautagaiak gailendu ziren Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan; herri andanatan lortu zuten lehen indarra izatea. EH Baik eta Frantziako ezkerreko indarrek lortutako aliantzak aspaldiko emaitzarik altuenak eskuratu zituen, duela bi urte baino 16.535 boto gehiago bilduta. Parean, RNen botoak ere aipagarriak izan ziren; hautagai ezezagunak izanik ere, Europako hauteskundeetarako bozetako emaitzak gainditu zituzten. Lehen indarra ziren Senperen eta Ainhoan; bigarren indarra Baionan, Uztaritzen, Urruñan eta Hendaian; eta ezkerrarengandik boto gutxira gelditu ziren Miarritzen, Angelun eta Donibane Lohizunen. Hiru hautesbarrutietan izanen dituzte hautagaiak.

Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko zati bat biltzen dituen laugarren hautesbarrutian hiru hautagaiko bozketa izanen dute. Orain arte diputatu izan den Etxanizen parean, Jean Lassalle Eutsi alderdiko burua —diputatu izan zen 2002tik 2022ra—, eta Sylviane Lopez RNko hautagaia izanen dira. Azken bi urteetan Frantziako Asanblean eraman duen lana aitzinean emanik, 7.000 botoren diferentzia lortu zuen Etxanizek lehen itzulian. Errepublikanoen botoak norengana joanen diren da duda nagusia —kasik 9.000 boto eskuratu zituen Cachenaultek—, baina PSko kideak irabaztea da sinesgarriena. 

Baionako hirigunea eta Aturrialdeko herriak biltzen dituen bosgarren hautesbarrutian eskuin muturraren kontrako frontea osatu dute. Florence Lasserre Ensembleko diputatu ohiak bigarren itzulian aurkezteko aukera zuen, baina lehiatik erretiratzea erabaki zuen, Serge Rosso RNko hautagaia gailentzeko arriskua saihesteko. Capdeviellen eta eskuin muturraren artean erabaki beharko dute hautesleek. Baionako PSko hautetsiak diputatu eserlekua berreskuratuko duela espero da —2012tik 2017ra egon zen Frantziako Asanblean—. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak NFPko hautagaiarentzat bozkatuko duela erran du aste honetan. 

Abertzale bat Parisen

Seigarren hautesbarrutian espero da lehiarik estuena. Dufauk 1.800 botoren diferentzia atera zion Devezeri, baina emaitza altua eskuratu zuen Victor Lastequere eskuin muturreko hautagai gazteak ere. Ipar Euskal Herriarentzat duten proiektua defendatu du Dufauk aste honetan, Parisera tokiko aldarrikapenak eramateko prestatuenak direla adierazita. Lehen aldia litzateke EH Baiko kide batek Frantziako Asanbleara heltzea lortzen duena. Haren kontra, Lapurdiko hainbat auzapezen babesarekin aurkeztu da Deveze, eta, RN eta NFP parez pare jarrita, Errepublika eta demokrazia salbatzera deitu du.

Lehen itzulian hiru hautesbarrutietan aurkeztu zituen hautagaiak EAJ, eta bigarren itzulirako ere alderdiaren ahotsa entzunarazi nahi izan du. Sorreratik faxismoaren kontra borrokatu direla adierazita, eskuin muturrari ateak ixtera deitu dituzte herritarrak jeltzaleek. Argiago mintzatu dira lehen itzulian jeltzaleen izenean joan ziren hiru hautagaiak: Fronte Popularraren aldeko botoa emanen dutela jakinarazi dute. Gauza bera erran du Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarreko buruak ere: Dufauren hautagaitza sostengatu du. Ideia abertzaleak Parisen defendatzeko hautagai egokiena Dufau dela adierazi du Jean Telletxea seigarren hautesbarrutiko hautagai izan zenak. 3.700 boto lortu zituzten lehen itzulian.

Gehiengo absOlutua eskuratu nahi du Batasun nazionalak

Frantziako Asanblearako bozen lehen itzuliak hiru bloke utzi ditu Frantziako Estatuan ere: Batasun Nazionalaren eskuin muturra, ezkerreko Fronte Popular Berria eta Emmanuel Macron presidentearen Ensemble koalizioa; azken horrek eskuratu zuen hiruen artean babesik txikiena. Joan den igandeko emaitzen proiekzioek RNk gehiengo absolutua lortzeko aukerak iragarri bazituzten ere, hori oztopatzeko fronte errepublikarra osatzeko lanean aritu dira gainerako indarrak. Aukera zuten hamar hautagaitik zazpik erabaki dute bigarren itzulirako lehiatik erretiratzea, eskuin muturrari ateak ixteko. Hala ere, hautesleak mobilizatu eta gehiengoa lortzeko helburua du RNk, Jordan Bardella lehen ministro izendatzera iristeko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.