Bixente Vrignon

«Ez da protesta boz bat; eskuin muturraren aldekoa da»

Bixente Vrignon kazetariak Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian izandako emaitzak aztertu ditu. Eskuin muturraren aldeko botoa sustraitzen ari dela uste du.

Marine Le Pen eta Jordan Bardella Batasun Nazionaleko buruak. GUILLAUME FAUVEAU
Marine Le Pen eta Jordan Bardella Batasun Nazionaleko buruak. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Hurbiletik segitu du Ipar Euskal Herriko hauteskundeen bilakaera Bixente Vrignon kazetariak (Angelu, Lapurdi, 1967). France Bleu irratiko kazetariak 1958tik 2022ra bitarteko hauteskundeak aztertu zituen Iparraldeko hauteskundeak deitu blogean. Frantziako Asanblearako bozen lehen itzulian eskuin muturrak izandako emaitza altuak eskuin kontserbadorearen apaltzearekin esplikatu ditu partez. Horrez gain, uste du ezkerreko abertzaleek Fronte Popularrean izan duten parte hartzeak eragina izanen duela gerora ere.

Frantzian bezala, Ipar Euskal herrian ere, eskuin muturrak Fronte Nazionala izatetik Batasun Nazionala bilakatzeko ustezko itxuraldatzean zerbait kausitu duela esplikatu du Vrignonek: «Eskuinez mozorrotu dira, eta mozorrotzeko operazioa lortu dute handizki». Mozorrotze horretan, haatik, Batasun Nazionalak sekula ez ditu bere erroak ukatu, gehitu duenez: «Ez dute sekula beren jitea ukatu. Denek baitakite Fronte Nazionaleko sortzaileetan Frantziako miliziakoak badirela, [Jean-Marie] Le Penen gisako torturatzaileen figurak badirela».

Anekdota gisa, oroitarazi du 1958ko legebiltzarrerako bozetan, Aljeria Frantziaren meneko egotearen alde zen militar bat bilakatu zela diputatu Ipar Euskal Herrian: Robert Thomazo koronela. Le Pen etorri zen Ipar Euskal Herrira haren sustengatzera, eta, Jean-Louis Tixier-Vignancourrekin, hirurek zuzendu zuten Aljeria Frantziarraren aldeko Fronte Nazionala. «De Gaullen aurkakoak ziren».

«Macronek sinetsarazi du eskuina eta ezkerra desagertu zirela, zentro batek gobernatzen ahal zuela. Eta, egiazki, eskuineko politika egin du»

BIXENTE VRIGNONKazetaria

Vrignonen arabera, harrigarriena da eskuin muturra horra arte ez dela agertu. «Ez ziren ageri, isilik egon dira, adierazpenik egin gabe; fitsik erran gabe lortu dute zinezko eskuinaren gisara agertzea». Horiek horrela, gaullismotik heldu den RPR, UMP eskuin klasiko horrek bere baitarik sinesgarritasuna galdu duela ere azpimarratu du kazetariak. «Sakonki usteldu zen. [Nicolas] Sarkozyren kontra agertu diren akusazioak izan dira: [Muammar] Gaddafiren dirua hartzera joan zen, eta gero garbitu zuen Libiako gerla baliatuz. Badira Jacques Chiracek ukan dituen auziak, eta UMPren afera guziak, Errepublikanoak sortzera behartuak izateraino».

Eskuin muturraren emaitzaren esplikatzeko hirugarren arrazoi bat aipatu du Vrignonek: Emmanuel Macronen iristea. «Macronek sinetsarazi du eskuina eta ezkerra desagertu zirela, zentro batek gobernatzen ahal zuela eskuina, eta ezkerrarekin akomeatuz. Eta, egiazki, eskuineko politika egin du, eskuinari espazio politikoa janez». Horrez gain, eskuin muturraren ideologia zabaltzen duten komunikabide puxanten eta sare sozialen eragina ez du baztertzen Vrignonek, baina ez du uste horrek dena esplika dezakeenik.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, gainera, zentro-eskuineko bozkaren bilakaera beste parametro batzuetan aztertu du. «Boz emaile kristau demokraten artean, Elizak zuen eragina anitz galdu du. Aski da ikustea zenbat jende ibiltzen den elizetan». Bestaldetik eta kontrara, bozkatzaile horien parte batentzat, baliteke eskuin muturreko ideologia duen apezpikuak eragina izatea.

Oro har, eta ustelkeria aferez gain, eskuineko alderdi politikoek erakutsi duten «ezintasuna» ere jarri du arrazoien artean irrati kazetariak. Sinesgarritasuna kendu dion diskurtso bat izan duela dio: «Ezin dugu, Europaren falta da, mundializazioa eta beste». Horri gehitzen dio jende horren baitan Frantziak galdu lukeen puxantza itxura: «Bazuten Frantziaren irudi bat: munduko bosgarren indarra zela, armada bidaltzen zuela Afrikara, Ekialde Hurbilerat, merkatuak irabazten zituela, Ariane espaziontzia, Renault-Peugeot auto industria... Horrek guztiak gibelera egin du. Frantzia zazpigarren lerrora pasatu da puxantzen artean». Txina, India edo Errusiaren aitzinean maila apaltze baten itxura eman luke batzuen begietan.

Laborantza munduari buruz ere itxura histu zaio Frantziari, Vrignonen ustez. «Laborariei esplikatzen zaie orain merkatu global batean direla eta ezin dela dena menperatu». Hortik eskuin muturrak saldu diskurtsoaren eroste bat gerta daitekeela dio. Eskuinaren apaltze horren arrazoi horiek laugarren barrutiko bilakaera bat esplika dezaketela uste du.

Bat-bateko eskuin muturraren emendatzeaz gain, Vrignon ohartu da badela Ipar Euskal Herriko zenbait lekutan «errotua» den eskuin muturraren aldeko boz bat. «Ez da protesta edo aurka egiteko boz bat; eskuin muturraren aldeko boza da». Herri batzuk zerrendatu ditu: «Bidaxune, Urketa, Ahurti, Banka... holako herriak». Ez zaio iduri arrazismoak edo xenofobiak gaina hartzen duela boz horretan, nahiz segur den badela. «Zuhurtziaz» mintzo da, horren erakusteko azterketa sakon batzuen eskasagatik, baina beste erranahi bat hautematen du: «Bada musika ttipi hori, entzuten dena: ‘Gu ari gara lanean karraskan, eta besteek laguntza guziak hunkitzen dituzte’. Beste hori nor den, haatik, ez da argi».

Etxanizen lana

Laugarren barrutian, Iñaki Etxaniz sozialistak erakutsi du bi urtez diputatu karguan izanez bozketan errotzeko gaitasun bat, joan den igandeko emaitzei so egin ondoan; horra arte eremuan plantatua zen, Jean Lassalleren gisako hautagaia gibelean uzteraino.

Vrignonek uste du kargualdiko lanarekin bildu sinesgarritasunaren emaitza dela: «Preseski lehenago aipatu ezintasunaren eta maila galtzearen aitzinean Etxanizek erakutsi du, bai, zerbait egiten ahal zela. Etxebizitzari buruzko legea egin du, beraz, espekulazioari edo Airbnb-ri buruz zerbait egiten ahal dela erakutsi du; tokiko hizkuntzen gaia ere landu du». Oloroeko bere eskualdean (Biarno) bertako ospitalearen alde ere aritu dela aipatu du kazetariak. «Erakutsi du politikak zerbait egiten ahal zuela, balio zuela borrokatzeak, batzuetan garaipenak bazirelako». Egin duen horri buruz ongi komunikatu duela uste du: «Biziki ontsa jakin izan du hori guzia saltzen».

Zentroa eta abertzaleak

Seigarren barrutian, aipatu arrazoiengatik eskuin muturrak hartu lekuaz, bestalde, eta nahiz eta Fronte Popular Berriak aitzinean bukatu, zentro frantsesak pisu baduela iduri luke. «Luzaz izan da [Michele] Alliot-Marieren barrutia, baina hori duela mende laurden bat zen», erran du Vrignonek. Horri gehi, egun hauetan berriz agertu den bezala, Alliot-Marie bera ustelkeria auzitan sartua dela. «Badu aspaldi barruti hori zentroaren eskuetarat pasatua dela». Gainera, Emmanuelle Brisson Errepublikanoen hautagai gaztea ezaguna ez izatea ere kontuan hartzekoa dela uste du Vrignonek.

«Ikustea militanteak merkatuetan, enpresetan eskuorriak banatzen; komunistak Dufauren alde ari; abertzaleak Colette Capdevielle baten alde... Martxatu da, eta fruituak eman ditu: Iparralde gorriz iratzarri da».

BIXENTE VRIGNONKazetaria

Baina azken hamarkadetan beste indar politiko bat errotzen ari da barruti horretan, kazetariak azpimarratu duenez: EH Bairen ingurukoa. «Abertzaleek gobernatzen dute Ziburun, Urruñan, Uztaritzen, Itsasun, Biriatun. Beraz, eragin bat dute beste herri batzuetan ere».

Testuinguruak egin du abertzaleek Fronte Popular Berrian sartzea erabaki dutela Frantziako ezkerrarekin. Ikusi beharko da horrek segidarik izanen duen. NUPES baitan biziki fite agertu ziren kalapitak gogoratu ditu Vrignonek, eta, Ipar Euskal Herrian berean, herriko etxe batetik bestera gauzak alda daitezkeela erran du: «Ziburun lortzen dute elkarrekin lan egiten, baina bada kontrako eredua Hendaian». Bizkitartean, argia da aldi honetako parioa kausitu dela. Vrignonek aitortu du ez zuela erranen ikusiz zer hozka bazen Sandra Pereira (LFI) edo Alain Duzert (PCF) bezalako batzuen eta Peio Dufau edota Alain Iriart (EH Bai) bezalako hautagaien artean. Baina ibili da, eta kanpaina denboran ere ikusi dela iruditu zaio: «Ikustea militanteak merkatuetan, enpresetan eskuorriak banatzen; komunistak Dufauren alde ari; abertzaleak Colette Capdevielle baten alde... Martxatu da, eta fruituak eman ditu: Iparralde gorriz iratzarri da, duela hilabete bat urdin iluna zelarik». Ikusi nahi du, halere, biharamun bat edo jarraitutasun bat duen horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.